Albistea entzun

Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Zaldibarko zabortegiko amiantoa ez zegoen beste hondakinetatik bereizita

Zabortegiari hamahiru hektarea izatea baimendu arren, Ingurumen Baimen Bateratuak bakarrera mugatzen du jardute gunea. Desagertutako bi langileen bila lau orduz aritu arren, ez dituzte topatu

2007
2007 GEOEUSKADI Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman - Jon O. Urain -

2020ko otsailak 8

Zaldibarko (Bizkaia) Verter Recycling 2002 SL zabortegiaren ezbeharrak agerian utzi ditu zabortegi horren kudeaketan eta kontrolean zenbait itzal. Lehenik eta behin, atzo agerian geratu zen, nahiz eta jakin bertan amiantoa zegoela, sorosleek eta desagertutakoen bilaketa lanean hasi ziren brigadek ez zutela horren berririk, eta, beraz, ez zutela erabili egoera horretara egokitutako segurtasun protokoloa. Izan ere, amiantoa errepidean bertan aurkitu zutenean ohartarazi zuen Osalanek bilaketa lanak eteteko.

Ekologistak Martxan elkarteak atzo jakinarazi zuenez, iaz Eusko Jaurlaritzak ikuskatze bat egin zuen Zaldibarko hondakin ez-arriskutsuen zabortegi horretan, eta bertan irregulartasunak antzeman zituen. Besteak beste, txosten bat zabaldu zien Jaurlaritzak, ekologisten esanetan. «Zigorrik izan al da? Zer-nolako neurriak hartu ziren?», galdetu du hedabideetara bidalitako oharrean.

Eusko Jaurlaritzak zabortegiari baimendutako eremu osoa hamahiru hektareakoa bada ere, zabortegiari emandako Ingurumen Baimen Bateratuak (IBB) hektarea batera mugatzen du jarduteko eremua: «Zabortegia ustiatuko da bermatuz euri urek zuzenki eragin dezaketen gehieneko eremua ez izateko 10.000 metro koadro baino gehiago». Hau da, hektarea bat gehienez egon zitekeen hondakinak isurtzeko.

BERRIAk sektoreko iturrietatik jakin duenez, askoz ere eremu handiagoa hartzen zuen Zaldibarko zabortegiaren estali gabeko eremuak. Geoeuskadi geolokalizatzailearen azken irudiek erakusten dutenez, gutxienez lau hektareako eremua itxi gabe zuten luizia gertatu zenean. Beraz, eremu hori guztia euri uren eraginpean zegoen, Jaurlaritzaren IBBaren aginduei muzin eginda. Kontuan eduki behar da, zabortegia erabiltzen hasten denean, azpitik isolatu egin behar dela, eta, behin betetakoan, goitik estali behar dela, erabat zigilatuz. Prozesu hori argi ikusten da, adibidez, antzeko ezaugarriak dituzten inguruko beste zabortegi batzuetan, Bergarako Epelen (Gipuzkoa) eta Mallabiko Bete Arten (Bizkaia), esate baterako. Zaldibarkoaren kasuan, berriz, itxitura hori eta hektareaz hektareako terrazen egitura ez da antzematen.

Bestalde, Zaldibarko zabortegiak amiantoa edo fibrozementua izateko baimena zeukan, Jaurlaritzak emanda. «Ohiko prozedura» bada ere, «bitxia» iruditu zaio hori Ekologistak Martxan elkarteko amiantoaren kutsaduraren kanpainako arduradun Javi Vazquezi: «Amiantoa hondakin arriskutsua izanda, ez dugu ondo ulertzen nola hondakin ez-arriskutsuen zabortegietan sartzen uzten duten». Are eta larriagoa iruditzen zaio kasu honetan gertatu dena. Izan ere, BERRIAk jakin duenez, nahastuta zeuden amiantoa eta beste hondakin batzuk. Hara amiantozko materialak eraman dituzten garraiolari batzuen bidez jakin du kazeta honek material hori ez zutela uzten aparteko ziega batean. Javi Vazquezek ohartarazi duenez, derrigorrezkoa da amiantoa, material arriskutsua izanik, ez nahastea bestelako hondakinekin. «Honek erakusten du Bizkaiko zabortegietan oro har dagoen kontrol ez erabatekoa», salatu du.

Jaurlaritzak ez du kontu hauen inguruko argibiderik eman. Horren aurretik, espedientea aztertu egin behar da: «Oraingoz horretaz arduratzen den jendea ezbeharra izan den tokian dago». Enpresak berak ere ez du azalpenik eman. Haatik, atzo irregulartasunei buruzko susmoak indartu zituzten zenbait agirik: iazko ikuskaritza batean, ingurumen baimenaren betetze maila «apala» zela ebatzi zuen Jaurlaritzak, «baldintzen ez betetze sorta bat» antzeman zuelako.

Lurra, «ezegonkor»

Egoera horretan, bi langilek desagertuta jarraitzen dute osteguneko luiziaz geroztik; 50 urteko langile bat eta 60ko beste bat dira. Atzo goizaldean, bilaketa lanak eten egin zituzten amianto kopuru handia zela-eta, eta 15:00 aldera berrekin zuten bilaketa, hondakinen kudeaketan trebatutako enpresa baten bidez; enpresa hori izan zen indusketak egiteaz arduratu zena. Horiek, ordea, gehienez lau orduz egon zitezkeen bilaketa lanetan, eta, beraz, 19:00etarako amaitu zituzten, eguna iluntzean. Emaitzarik gabe amaitu zuten. Gaur jarraituko dute.

Geologo batzuek ere parte hartu zuten arratsean, lur-jausi gehiago gerta zitezen saihesteko. Izan ere, zabortegiak egoera «ezegonkorrean» jarraitzen zuten atzo, eta beharrezkoa zen hori egonkortzeko neurriak hartzea, Imanol Pradales Bizkaiko Azpiegitura diputatuaren esanetan. Erantsi zuen protokoloa «zehatz-mehatz» bete duela diputazioak, Osalanekin elkarlanean. 45 lagun bidali zituen aldundiak.

Herenegun, luizia gertatu berritan, larrialdi zerbitzuak lanean aritu ziren AP-8 autobidean eta zabortegian, amiantoagatik geratu behar izan zuten arte. Hain justu, langileen segurtasun neurriak izan ziren atzo hainbat eragileren kezka. Erne sindikatuak jakinarazi zuenez, dispositiboan parte hartu zuten ertzainei osasun azterketak egitea eskaini die Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Halere, sindikatuak azaldu du polizien esposizioa «puntuala» izan dela arriskua handiagoa dela esposizio hori denboran luzatzen bada. Horrez gain, ertzainei eskatu diete «neurriak hartzeko», nork bere burua babesteko lan jantzi, eskularru eta abarrak janzteko eta «neurrizko segurtasun distantzia» batera kokatzeko.

Bestalde, lur-jausiak ostegunean zirkulazioan eragin zituen eragozpenak gaindituta, atzo goizean ingurabide bat zabaldu zuten Ermua (Bizkaia) eta Eibar (Gipuzkoa) artean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Steilasen agerraldia, atzo goizean, Bilbon. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Steilasek «hezkuntza sistema publiko-pribatua» amaitzeko eskatu du

Irati Urdalleta Lete

Sindikatuak 'Euskal eskola publikoaren etorkizunean lanean' izeneko jardunaldiak egingo ditu hilaren 28an, Donostian
Martin Ugalderi buruzko erakusketaren irudi bat, artxibokoa. ©Aritz Loiola, FOKU

Martin Ugalderen inguruko hitzaldi sortaren bigarrena izanen dute gaur

Berria

Iñaki Uriak Martin Ugalde eta Egunkaria hitzaldia emanen du gaur, 19:00etan hasita. BERRIAren webgunean izanen da ikusgai, streaming bidez.

Iñigo Urkullu —erdian—, Beatriz Artolazabalen eta Maria Jauregiren artean, atzoko ekitaldian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Urkulluk esan du ETA «hanka sartzea» izan zela, «hasieratik amaieraraino»

Gotzon Hermosilla Joxerra Senar

«Memoria zintzoa» aldarrikatu du ETAren biktimak gogoratzeko ekitaldian. Txibitek positibotzat jo du ezker abertzaleak «eragindako mina aitortu izana»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.