Koronabirusa

Sindikatuek mobilizatzera deitu dute Osakidetza indartzeko

Egungoa «egiturazko arazoa» dela salatu dute, «ez izurriak eragindakoa». Behin-behinekotasuna mugatzeko eskatuko dute 23ko protestan

Sindikatuetako kideen agerraldia, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Lehen mailako arreta gainezka dago. Ez da berria, eta haserre dira sindikatuak. Osasun arloan gehiengoa osatzen dute ELAk, Satsek, LABek, CCOOk eta UGTk, eta hango ordezkariek prentsaurrekoa eman zuten atzo, Bilbon, egoera salatu eta mobilizazioetara deitzeko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan mobilizazioak iragarri dituzte, hilaren 23an, domekan, goizeko 12:00etan. Lehen mailako arretaren «kolapsoa» eta ospitaleetako arretaren gainkarga salatuko dituztela adierazi dute, eta «berehalako neurriak» eskatu dituzte egoera konpontzeko. Osakidetzako langileei ez ezik, herritarrei eta eragileei ere egin diete mobilizazioetan parte hartzeko deia.

Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak herenegun onartu zuen ez dutela aurreikusten joera aldaketarik datozen egunotan. Halaber, ez zuen neurri berririk iragarri erabat gainezka dagoen egoera arintzeko. «41.000 pertsona baino gehiago daude lanean Osakidetzan. Gure langileen osasunak ere kezkatzen gaitu, haiek besteok zaintzen gaituztelako: %4 inguru daude bajan. Zerbitzuak indartzen ari gara kontratazioekin; besteak beste, erretiroa hartutako langileekin».

Sindikatuen ustez, baina, egungo egoera ez da izurriaren ondorio, egiturazko arazoa baizik. Ordezkarien arabera, «osasungintza publikoa eraisteko estrategia programatua» aplikatu da azken hamarkadan. Arkaitz Herreros ELA sindikatuaren ordezkariak atzo adierazi zuen Osakidetzaren 41.000 langileetatik 26.000 baino gehiago behin-behinekoak direla: «Plantilla erdia baino gehiago». Salatu zuen «onartezina» dela tasa hori, eta sektore pribatuarena baino bi aldiz handiagoa dela.

Arazo zaharra, bistaratuta

Amaia Mayor Satseko bozeramaileak adierazi zuen lehen arretaren egoera «jasanezina» dela, eta langileak «lur jota» daudela psikologikoki pandemiaren bi urteren ostean. Gainera, sindikatuen arabera, langileek ez daukate denbora nahikoa eguneko betebeharrak egiteko. Agendak «itota» dauzkatela esan zuen Mayorrek: «Txertaketak egiteko minutu bateko hitzorduak dauzkate. Minutu batean ez daukazu ezta jendea agurtzeko denborarik ere». Adierazi zuenez, osasun langile askok aparteko lanorduak egin behar izaten dituzte, eguneko beharrak amaitu ahal izateko. «Egiturazko arazoak konpontzen ari dira Osakidetzako profesionalen esfortzu pertsonalarekin», salatu zuen Mayorrek.

Lantaldeak indartzea proposatu zuten, eta beharrezkotzat jo zuten Osakidetzaren aurrekontua handitzea, Europako Batasuneko batezbestekora heltzeko: BPGaren %7. Mahai gainean dute grebaren karta ere: «Egoera larria da. Ezin dugu aukera hori alboratu», esan zuen Herrerosek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.