Abortatzeko eskubidea. Borrokak 40 urte

«IRABAZI GENUEN»

Mugimendu feminista bat eginda egon da beti abortatzeko eskubidearen aldeko borrokan. 1983ko legea tramitatzeko prozesua hasi zenetik 40 urtera, garai hartako aldarrikapenez eta gizarte aldaketez mintzatu dira Begoña Zabala, Begoña Mendia eta Anabel Sanz feminista historikoak.

1. Basaurikoekin bat eginda. Feministek dozenaka mobilizazio egin zituzten auzipetutako andreen alde 1970eko urteetan. EL CORREO.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Gaurko egunez, 1983. urtean, 300 emakume baino gehiago Bilboko, Donostiako eta Gasteizko auzitegietara joan ziren, eta beste horrenbeste dokumentu aurkeztu zituzten, abortatzeaz errudun zirela adierazteko. «Kanpaina garrantzitsua izan zen autoinkulpazioena», gogoratu du Begoña Mendiak; «Presio soziala egiteko erabili genuen, eta kontzientzia sortzeko: 'Nik ere abortatu egin dut', esaten genuen emakumeok; eta 'nik ere lagundu dut', gizonek». Protesta molde sinbolikoa zen. «Bagenekien ez zitzaigula ezer pasatuko», zehaztu du Begoña Zabalak; «Baina zerbait gertatzea nahi genuen: auzitegiak trabatu, autoinkulpazioak tramitatu zitzatela, deklaratzera dei gintzatela... Ikus zezaten abortuen auziaren dimentsioa. Ez zuten nahi izan, noski».

Bor-bor baitzegoen abortatzeko eskubidearen aldeko aldarria. Handik hiru egunetara, maiatzaren 24an, abortua Zigor Kodetik atera nahi zuen legeari buruzko eztabaida abiatzekoa zen Espainiako Kongresuan, eta mugimendu feministak ia astero egiten zuen mobilizazioren bat. «1983an jada oso ondo antolatuta geneuzkan kanporako bidaiak emakumeek aborta zezaten», argitu du Zabalak. Ados dago Mendia: «1983a beste gauza bat zen, ez zen 1976a: jauzi kualitatibo handia izan zen urte gutxian». Mendiak eta Zabalak, biek parte hartu zuten Bizkaiko Emakumeen Asanblada sortzeko prozesuan; urte batzuk geroago sartu zen Anabel Sanz, eta duela gutxira arte jardun da aktiboki abortatzeko eskubidearen aldeko borrokan: «Abortuaren gaiak behin baino gehiagotan balio izan du mugimendu feminista elkartzeko, artikulatzeko eta sendotzeko». Hirurak elkartu ditu BERRIAk, Bilbon, Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroan, bide hura gogora ekartzeko.

1975ean legeztatu zen abortua Ipar Euskal Herrian, baina Hegoaldeko emakumeek hamar urte behar izan zituzten haurdunaldiak baldintza batzuen pean eten ahal izateko: abortatzea delitu bihurtua zuen Francoren diktadurak. Erregimenaren arrastoa nabarmena da Mendiaren oroitzapenetan: «Orduko gizartea harlauza bat zen: dena zen bekatu, zama, erru; itogarria zen. Orain sinesgaitza iruditzen zaigu, baina ez zegoen antisorgailurik: 1976an legeztatuta ere, botiketan ez zuten preserbatiborik saltzen, txarto begiratzen zizuten. Guretzat ere zaila zen lortzea». Zabalak erantsi du Eliza katolikoak pisu handia zuela orduko pentsamoldean: «Antisorgailuak bekatu hilgarri izendatu zituen, eta sexu harremanak, ezkontzako eginbide. Nori esan behar genion sexua plazera zela?».

Ikusi gehiago:Aitzindari bihurtutako emakume ezezagunak

Emakumeek pairatzen zuten zapalkuntzaren seinale, espetxeetan ikusitakoa: «Andreak preso zeuden abortatzeagatik edo abortuak egiteagatik, adulterioagatik eta prostituzioan aritzeagatik. Preso politikoentzat amnistia eskatzen hasi zirenean, guk ere eskatu genuen emakumeen delituentzat». Abagune hartan, haurdun geratzeko arriskuarekin lotuta, «sufrimendua» du gogoan Mendiak: «Antisorgailurik gabe, zenbat emakume egoten ziren hilekoaren zain hilabetero, zelako ezinegona atzerapenekin...». Latza zen, Sanzen hitzetan ere: «Garaiko gizonekin, sarri ezin genuen esan sexu harremanetan zer nahi genuen: koitoa zen aukera bakarra; haurdun geratzeko arriskua zegoen, eta gertatuz gero, ezin zenuen abortatu, edo ez zenuen dirurik abortatzeko». Alde horretatik, abortatzeko eskubidearen aldekoa «lehen borroka intersekzionala» izan zela uste du Zabalak: «Argi esaten genuen aberatsek aborta zezaketela baina pobreek ez».

Hala, mugimendu feministak abortuaren auzia lehen lerroan jarri zuen diktadura ostean: 1977an Euskal Herriko lehen jardunaldi feministak egin zituztenean, esaterako, jada ponentzia bat izan zen eskubide horren inguruan. Hiru militanteen arabera, ez zen esku artean zeukaten gai bakarra, inola ere ez, baina urte haietan lehentasun bihurtu zen, neurri handi batean, Basauriko 11 emakumeen auziak behartuta. Kasu «paradigmatikoa» izan zen, Mendiaren arabera: «11 emakumeak langile klasekoak ziren, etxekoandreak, denek abortatu zuten arrazoi ekonomikoengatik, haur gehiago zituztelako eta ezin zutelako gehiago... Frankismoak eredutzat hartutako emakumeen prototipoa zen, nortasun agirian lanbidez etxekoandre zirela zehazten zen garaian. Soslai hark erraz jarri zigun, eskandaluzkoa baitzen ume gehiago izatera behartuta egotea haiek hazteko baldintzarik gabe».

Multiplo komuna

1976an atxilotu zituzten andreok, eta urteak iraun zituen haien aurkako auzibideak. Prozesu hartan, ordea, artikulatuz eta indartuz joan zen mugimendu feminista Hego Euskal Herrian, baina kanpoan ere hedatu zen abortatzeko eskubidearen aldeko aldarria. Espainiatik eta Herrialde Katalanetatik heldutako elkartasuna nabarmendu du Mendiak, baina, batez ere, olatu haren batasuna: «Emakume talde asko zegoen, baina gai honen inguruan bazegoen batasun bat. Hain zen agerikoa, ezen erraza baitzen ados egotea. Eztabaidatu ere egiten genuen, ea despenalizatzea ala legeztatzea nahi genuen, baina gure multiplo komuna zen».

Apurka, kontzientzia zabaldu zen, eta bide horretan lagungarri izan ziren, besteak beste, planifikazio familiarrerako zentroak, Zabalak azaldu duenez: «1977an hasi ziren planifikazio zentroak. Osasun langile eta psikologo feministak ziren hor lanean, sexu heziketari buruzko ikastaroak ematen... Altxor bat izan ziren». Eta, paraleloan, emakumeei abortatzen laguntzeko sareak sendotu ziren: «Lehenik, sare klandestinoak erabili genituen: bagenekien Iparraldean nork egiten zituen abortuak, eta guk eramaten genituen emakumeak, autoz. Gero, batzordeak sortu zirenean, eta planifikazio zentroen bidez ere, Londreserako bidaiak eskaintzen eta ordaintzen hasi ziren. Sareak prekarioak ziren, baina ondo funtzionatzen zuten».

Dena den, argi dute antolaketa hura guztia «koiunturala» zela. Mendia: «Mugimendu politiko bat ginen, ez gizarte zerbitzu bat». Zabala: «Abortua publikoa eta doakoa izatea aldarrikatzen genuen, eta Gizarte Segurantzak bermatzea». Legea ere bidean zegoelako. 1982an, PSOE iritsi zen Espainiako Gobernura, eta Europara begira zegoen alderdi harentzat «onartezina» zen abortua hain gogor zigortzea. Lege «mugatua» izan zela berretsi du Zabalak: «Abortua Zigor Kodetik ateratzea zen lehen pausoa: despenalizazioa zen orduan lor genezakeen gehiena, ez baitzen epeen legeez hitz egiten. Abortatzeko kausak ezarri zituen [bortxaketa, fetuaren malformazioa eta emakumearen buru osasuna], hau da, estatuak erabaki zuen zein egoeratan aborta genezakeen eta zeinetan zen oraindik delitu. Eta kausa haietako batek eman zigun aukera: zenbat emakumek abortatu ote dute haurdunaren osasun psikikoa kaltetuko zelakoan!».

Legeak eta mehatxuak

1983ko urrian onartu zen legea, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen. «Feministok ohartarazia genuen konstituzioaren puntu batzuek ondorioak izango zituztela abortuaren auzian, eskuinak erabili egingo zituela emakumeen eskubideak ez aitortzeko», azaldu du Sanzek. Konstituzioak baitio «Guztiek» dutela «bizitzarako eskubidea». «Eta jaiogabeak ere guztiek horren barruan zeudelakoan, bizia ez errespetatzea egotzi zioten 83ko legeari», zehaztu du Zabalak. Beste testu bat idatzi behar izan zuten, eta berriz tramitatu. 1985eko uztailean onartu zen abortua hiru baldintzatan despenalizatu zuen legea.

1980ko hamarkadan bezala, 2000koan ere bultza egin zuen mugimendu feministak, 2010ean epeen legea lortu arte: ordutik, andreek haurdunaldiaren lehen hamabi asteetan askatasunez aborta dezakete Hegoaldean. Handik gutxira, ordea, 1985eko araura itzuliko zela mehatxu egin zuen Alberto Ruiz Gallardon Espainiako orduko Justizia ministroak. Erantzun zabala eragin zuen kalean. Argi du Sanzek: «Mugimendu feministak gerarazi zuen Gallardon». Mobilizazio haien oroitzapen onak ditu: «Gazteak haluzinatuta zeuden: beste abagune batean sozializatuak ziren, eta halako atzerapausorik ez zitzaien buruan sartzen. Berriz elkartzeak aukera eman zigun genealogia egin, errepublika garaia aldarrikatu, eta abortuaren gaia berriz diskurtso antikapitalistekin lotzeko; adibidez, gazteek esaten zutenean krisi ekonomikoaren garaian zergatik jartzen zen soilik abortua jomugan».

Ikusi gehiago:Baldintza duinak bertze aldean daudenean

«Baina nik ez nuen egiazko atzerapauso baten beldurrik izan», aitortu du Mendiak. Mundu zabalean, erreakzio patriarkalaren arma bat da abortatzeko eskubidea, eta eskuin muturrak emakumeen aurrerapausoen aurka egiteko erabiltzen du. Baina Mendiak ez du uste horrek Espainiako legedian eragin dezakeenik: «Gizartearen sekularizazioa izugarria izan da, eta horrek kontzientzia handia ekarri du. Ez zait iruditzen eskuinak ezer mugituko duenik abortuaren auzian: ez du egin PPk gehiengo osoa izan duenean. Ikusten ari gara, ordea, patriarkatuak beste eremu batzuetan birrintzen dituela emakumeak: oraindik hil egiten gaituzte; basakeria bat da».

Zabalak ere ez du halako arriskurik ikusten: «Baina badaude sektore prekarizatuak: migratzaile eta gazte askok ez dute eskura abortatzeko eskubidea». Alde horretatik, aurtengo otsailean Espainiako Gorteek onartu duten legea txalotu du Mendiak: «Lehen delitu zena eskubide da orain. Eta aurrerantzean, osasun politikak eskubide hori sendotzeko baliatu behar dira, eta abortuak Gizarte Segurantzan egiteko, emakumeen etxetik hurbil».

Negozio iturri

Izan ere, 2010eko legea onartuta ere, abortu gehienak sare pribatuan egiten dira Hego Euskal Herrian. «Negozio ona izan da beti klinikentzat. Eta orain merkatu bat sortu dute ernalkuntzaren inguruan», dio Zabalak. Kezka agertu du, gainera, amatasunaren inguruko diskurtsoak ikuspegi horretatik garatzen ari direlako, jaiotze tasaren jaitsierarekin lotuta. Sanzek uste du politika publikoetan ere eragingo duela: «Politika familiaristak gailenduko dira: berdintasun politikak kontziliazio neurrietara bideratuko dituzte, laguntzen bidez, baina egiturazko aldaketarik gabe». Funtsera itzuli da Mendia: «Guk genioen baldintza sozialik gabe amatasuna ez zela librea. Auzi hori oraindik ez da konpondu».

1970eko hamarkadatik, pausoz pauso, orduko eta ondorengo emakume askoren bizitza aldatzea lortu zuen mugimendu feministak. Eta abortatzeko eskubidearen aldeko aldarriaren bidez, ikuspegi aldaketa erabatekoa bultzatu. «Mugimendua abortua baino askoz gehiago baitzen», berretsi du Mendiak: «Generoa auzitan jartzea zen, auzitan jartzea emakume eta gizon izatea zer zen, emakumeak zergatik geunden esparru guztietatik kanpo. Izatez, guk esaten genuen abortuaren aurkakoak ginela, guretzat abortatu behar izatea porrot sozial baten ondorioa zelako. Beste sexualitate bat nahi genuen: izan zedila plazer iturri, eta ez kezka iturri».

Ideia horrek erakarri zuen Sanz feminismora: «Abortatzeko eskubidea oso garrantzitsua izan zen, garaiko baldintzak dramatikoak zirelako. Baina, niretzat, funtsezkoa izan zen sexualitatearekin lotutako diskurtsoa. Begoren [Mendia] hitzaldiekin gogoratzen naiz: niri, lagunei, amari gertatzen zitzaizkigun gauzez hitz egiten zigun! Feminismoak konektatu gintuen klasearekin, etorkizunarekin... Abortatzeko eskubidea baino gehiago izan zen: askatasuna eskaini zigun». Irribarrez oroitu dute urte haietako borroka: «Gogorra izan zen, baina oso ondo pasatu genuen». Orduko erronka askok indarrean dirauten arren, aho zapore gozoarekin geratu nahi du Zabalak: «Borroka hura irabazi genuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.