Migratzaileak

Aktibismoa eta duintasuna Frantzia iristen ez den lekuetan

Ahmed Iraken jaioa da; Danica, berriz, Bosniako gerrako iheslaria da. Biak ala biak migratzaileak dira, eta beste migratzaile batzuei laguntzen aritzen dira, Frantzian. Haiekin mintzatu da BERRIA.

Migratzaileak Poliziaren zain, Calaisko trenbideetan (Frantzia). TERESA SUAREZ.
Dunkerque - Paris
2022ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Iheslarien kanpalekuak Frantzian barna barreiatuta daude, migrazioaren ibilbideetan. Horra hor asilo faltaren eta oinarrizko eskubiderik ezaren arrastoa. Calaisen, Europako azken muga izanik, eta Parisen ere bai, immigrante frantses-hiztun askok xede duten hiriburua izanik, milaka lagun bizi dira hirien kanpoaldean, aire zabalean, eta Frantziako larrialdi eta harrera sistemak, gainezkaturik beti, ez du modurik haiei laguntzeko.

Orduan azaltzen dira herritarren eta ekintzaileen sarea, gizarte erakundeak eta boluntario anonimoak, zeinek, tapakiak eta kanpadendak banatuz, pixka bat arintzen baitute erbesteratuen zeharkaldia. Ahmed eta Danica migratzaileak dira, eta beste migratzaile batzuei laguntzen aritzen dira.

Ahmed Iraken jaioa da, erregularizatu gabea oraindik, eta Maison Sesamen laguntzaile hasita aurkitu du aterpea; Dunkerquen dago etxe hori, eta familiak eta bakarrik joandako gizonak hartzen ditu, denak ere soroetan hotzak jota eta dutxatzeko ia aukerarik gabe luzaroan egonak. Danica, berriz, Bosniako gerrako iheslaria da, eta, 2015eko errefuxiatuen krisia delakoa Parisko kaleetan nabaritzen hasi zenean, ezin izan zen besoak gurutze geratu. Tapakiak, jana eta arropak gordetzeko biltegi bihurtu zuen etxeko sotoa, eta dozenaka jenderentzako kozinatzen ikasi zuen. Hauxe da haien historia.

Irudiaren deskribapena

Ahmed: «Zoramena izan da honainoko bidaia»

Ilundu du Grande Syntheko kanpalekuan, Frantzia iparraldean. Basoaren eta ibaiaren kanalen artean babesturik, berrehun bat lagunek kanpadendetan lo egiten dute. Kurdistango txoko guztietatik etorriak dira; batzuk, Irandik eta Iraketik; eta badira afganiarrak, siriarrak eta sudandarrak ere.

Handik ia 50 kilometrora, Calaisen, ezkutuan dabiltzan mila pertsona inguruk ia egunero aurre egin behar izaten diete Poliziaren operazio gogorrei, baina Grande Synthen bestelakoa da giroa: ez dute hain maiz kanporatzen jendea, familia gehiago daude, eta, jana banatzeko orduetan, umeak jolasean aritzen dira, putzuz putzu saltoka eta trenbide abandonatuetan orekari nork eutsiko.

Herzeeleko kanpalekuko suak atzean utzirik —Grande Synthetik hogei bat minutura dago herri hori—, Maison Sesame elkartearen jauretxeko ate nagusia zabaldu du Ahmeden irribarreak. 2019ko udatik, elkarte horrek txandaka hartzen ditu igaroan doazen mutilak eta familiak. Ilunetan lorategi bat gurutzatu, eta ate txikiago batek sukalde argitsu batera ematen du; hantxe dago Silam: bukatzen ari da jogurt entsalada prestatzen, piper berdeekin egina, eta haragi biribilki minak ere bai. Dioenez, amak erakutsi zizkion errezeta horiek, berak Sudandik alde egin baino lehen.

Mahaian, Yusufek barre algaraka jarri ditu denak: eurotunela zeharkatzeko asmoz kamioi batera igotzea lortu zuen azken aldian, Parisen azaldu omen zen. Orientazioa galdurik, azkenean gidariaren kabinan kax-kax jo behar izan zuen, nora zihoan galdetzeko, eta ez zuen beste aukerarik izan amorraturik kamioitik jaitsi eta Calaisera itzultzea baino. Jada ez daki zenbat aldiz ibili den korrika trailer horietako baten atzetik: «30 aldiz, edo gehiago agian». Keinu egin du eskuaz, eta jada zazpi lagun galdu ditu asfaltoan.

Oso gogorra da oihaneko bizimodua —oraindik oihan esaten baitiete Frantzia iparraldean barreiaturiko kanpaleku horiei—, eta aterpetxe hau euritik, hotzetik eta Poliziatik une batez babestu eta arnasa hartzeko leku bat da. Asteburuero zortzi mutil etor daitezke. Hemen, atseden har dezakete, dutxa bat hartu, eta plastikoz eta palet hezez bazkatutako suaren ke usaina gainetik kendu. «Lotara etorri naiz. Azkenaldian leher eginda nabil; ez dakit zer duen nire gorputz honek», kontatu du Nabibek, burumakur.

Ahmed, asteburuan etxe honetan dena ondo doala segurtatzen duen arduraduna, bizkor doa platerak biltzera. «Behin eta berriz esan behar izaten diet birziklatzeko», esan du, espantuka. Sukaldea eta egongela garbitu, ontzi bete krispeta eta patata frijitu atera, eta lasai eseri da mahaira. «Zoramena izan da honainoko bidaia», bota du, ia barrez.

Irakeko bizitza

30 urte ditu Ahmedek, eta Irak hegoaldekoa da, Irango miliziek erdi okupatutako muga militarizatu batekoa, dioenez. Han, denda txiki batetik ateratzen zuen bizimodua, eta, tarteka, premiaren premiaz, alkohola saltzen omen zuen ezkutuan. Baina harrapatu egin zuten. «Zerrendan sartzen zaituztenean, zureak egin du. Hortaz, ospa egin behar izan nuen». Ahmedek, «zureak egin» dioenean, «hil» esan nahi du.

Oso gazterik galdu zuen familia. Aita gerran hil zitzaion, eta ama, berriz, duela urte asko desagertu zen. Arreba bat baino ez zaio geratzen, 2007an Estatu Batuetan asiloa lortu zuena. «Paperak lortu orduko, abioia hartu eta harengana joango naiz. Hori da nire plana, eta horregatik segitzen dut aurrera; ez dut atzera begiratzen», azaldu du, irribarrez oraindik. Baina ezinezkoa egiten ari zaio Europan paperak lortzea.

2014an atera zen Iraketik; Turkiara iritsi zen hegazkinez, eta Europan sartu zen Grezian barna, bi kontinenteak lortzen dituen eta dena ibai den lurralde ia ikusezin horretatik. Balkanak gurutzatu, eta asiloa eskatu zuen Norvegian, baina ukatu egin zioten. Gero, bi urte eman zituen Belgikan; lan finkoa eta bizitoki bat eskuratu bai, baina han ere ez zuten onartu. Eta ez zen zain geratu Belgikako Poliziak goizaldean atean ostiko bat jo eta deportatu zezan: asilo eskaeraren erantzunaren berri izan orduko, Frantziara etorri zen.

Bi hilabete barru, Dublingo Hitzarmenaren zerrendatik kanpo geratuko da haren izena —hemezortzi hilabete itxaron behar dira—. Hitzarmen horren arabera, izan ere, Europako Batasunera zer herrialdetatik sartu, han eskatu behar dute asiloa migratzaileek. Horregatik, beste estaturen batean babes eskariren bat aurkezten bada, estatu horrek eskubidea du migratzaile hori lehen aldiz erregistratu zen lurraldera deportatzeko.

2020an, Frantziako agintariek 24.900 pertsona itzularazteko eskatu zuten, baina 3.500 inguru deportatu zituzten azkenean. 2019an, pandemiaren geldialdiaren aurretxoan, 46.000 eskari aurkeztu ziren, betiere Iheslarien eta Erbesteratuen Europako Kontseiluaren txosten baten arabera. Deportazioari izkin egiteko modu bakarra modu klandestinoan urte eta erdi itxarotea da, estatuaren baliabideetara jo gabe eta atxilotua izan gabe: alegia, desagertzea, sistemak existitzen zarela ezaba dezan, eta orduan hutsetik hastea.

«Elkarte honen berri izan aurretik, galduta nengoen; ez nekien zer egin. Oihanean zain egon besterik ez neukan», segitu du Ahmedek. Emmauseko kide da: elkarte horrek laguntzen du, beste batzuekin batera, txandakako bizileku honen proiektua, eta bazterketa sozialaren kontrako mugimendu gisa definitzen du bere burua. Aste honetan, familia umedunak daude etxe honetan, eta parte hartze proiektuak hartzen ditu. Helburua, hauxe: geldialdi seguru bat eskaintzea igaroan doazenei, ohe bat garbia eta dutxa bat, oinez segitu aurretik atseden hartzeko.

Irudiaren deskribapena

Danica: «Nazionalismoaren pozoiak familia suntsitu zidan»

Eta, voilá, Parisko soto tipiko bat da hau. Danica Jurisicek, barrez, telefonoaren linterna piztu du. Zorua lurrezkoa da bat-batean. Trebe, zurezko ate bat zabaldu, eta dozenaka tapaki, beroki eta kanpadenda argiztatu ditu; sabairaino heltzen dira. Berriki emanak dira denak, batzuk Calaistik bidaliak. Ederki daki non dagoen zehazki bila zetorren hori: ume txiki batentzako arropa, eta haren amarentzako toalla batzuk. Gero, Parisen kanpoaldean dozenaka migratzailek lo egiten duten kanpaleku informalera bidean, poltsa mordo bat hartuta, ekintzaile sailkaezin honek —bosniar iheslaria, argazkilaria, ama— bere historia kontatu du.

Sarajevo, 1992ko maiatzaren lehena. Amak esana zion oporretan joango zela hondartzara osabarekin; hortaz, maleta presaka egin, eta bainujantzi bat ere sartu zuten. Sarajevoko Holiday Innetik hurbil ziren elkartzekoak, bonbek suntsitutako bi etxe orratzen ondoan. Beira hautsien eta hondakinen artean, ehunka ume zeuden zain, amarekin. Negarrez. «Denek nahi zuten atera hiri setiatu hartatik», eta berdin zuen alde batean Serbia bazegoen eta besteak Kroazia, Danicak gogoan duenez. Ez zekiten ezta norantz irtengo zen ere 16 urterekin gerratik salbatuko zuen konboi hura. Aita eta anaia jan bila joanak ziren, baina, hain azkar gertatu zen dena, Danicak ez zuen modurik izan haiei agur esateko ere.

Rijekara iritsi zen, Kroazia iparraldera, Esloveniaren eta Italiaren mugatik gertu. Itsasoa zeukan hiri hark. Haren lehen nortasun agiria, eta hurrengo sei urteetan izan zuen bakarra, «errefuxiatua» zioen paper bat zen. Han geratu eta ikastea lortu zuten gutxietako bat izan zen; izan ere, Kroaziako Gobernua, indartze identitario bete-betean, horretarako baimena ematen hasi zitzaien herrialde hartako arbasoak zituztenei. Danicak bizileku zuen ikasle egoitza, ordea, itxi egiten zuten oporretan; beraz, beldurra hartzen hasi zitzaien Gabonei eta Urteberri egunari, bakarrik baitzegoen eta, beraz, arriskua baitzuen kalean geratzeko. Udan, berriz, legez kanpo igarotzen zen Italiara, lan bila. Danicak Artearen Historiako eta Hezkuntzako gradua atera zuen Kroaziako Unibertsitatean, eta argazkilaritza master bat egin zuen Eslovenian.

Alde egin zuenetik, senideek abandonatu egin zuten, banan-banan. Haren aita serbiartzat jotzen zuten, eta ama, berriz, kroaziartzat. Gerraren ondorioz, aniztasuna eta odol mistoa txartzat jotzen hasi zen jendea. Danica, beraz, ez zen garbia. «Kalteberena izan nintzen garaian, ez nuen familiarik izan ondoan. Gehien behar izan nuenean, bakarrik geratu nintzen. Nazionalismoaren pozoiak familia suntsitu zidan; pozoi horrek gaiztotu egiten du jendea», azaldu du aktibistak. Hain zuzen, Danicak gehien laguntzen dituen kolektiboen artean, bakarrik doazen haur eta nerabeak daude.

Badira hamar urte Kroaziatik alde egin zuela. Egun batean, izan ere, bere 2 urteko semearekin paseoan zebilela, talde neofaxista batek eraso egin eta jipoitu egin zuen kalean; hala erabaki zuen, bikotekidearekin batera, alde egitea, eta Frantziara bidean jarri ziren. Orduan eduki ahal izan zuen lehen aldiz kreditu txartel bat. «Zerbait berria eta ezberdina aurkitu dut hemen. Kalean errefuxiatuak dabiltza, bai, baina bada jendea haiei laguntzeko prest, haiek bakarrik ez uzteko prest», kontatu du. Gaur egun, 36 urterekin, argazkilaritza eta arte eskolak ematen ditu unibertsitatean, eta, arratsaldez, gauzak deskargatzen eta sotoa berriz betetzen ibiltzen da, Parisko jenderik zaurgarrienarentzako dohaintzaz betetako soto hori.

Kanpadendak altxatzen

Ilundu du, eta, hiriko zubi ezkutu baten azpian, migratzaileak eta boluntarioak jo eta su ari dira kanpadenda berriak altxatzen. Ordu honetan, bizi-bizi egoten da dena han: giza laguntzarako taldeek jana banatzen duten guneren batera joaten dira batzuk, afari bila; beste batzuk, berriz, lege laguntza jasotzeko eta dutxa bero bat hartzeko aukera ematen dien zentroren batetik itzultzen hasten dira, eguna han pasatu eta gero. Danica, laster batean, eskularruak, berokiak, txanoak eta maskarak banatzen hasi da. Haurtxoa daukan familia hori, ordea, bera bila zebilena, ez dago; bihar itzuliko da haiei arropa ematera.

«Injustizia eta arrazismo handia dago», zioen ekintzaileak egun batzuk lehenago. Orain jada ez dabil mantaz betetako poltsak batetik bestera eramaten: orain, motxila handi batzuetan zenbat menu sartzen ari den zenbatzen ari da, kontua galdu nahi ez eta. Berehala, Paris osoko zenbait boluntariok sorbaldan hartuko dituzte motxila horiek, iparraldeko zenbait tokitan jana banatzeko. Oso zaila da zehazki jakitea zenbat iheslarik eta asilo eskatzailek lo egiten duten aire zabalean Frantziako hiriburuan, baina, azken urteetan, 1.000-2.000 inguru omen dira.

«Iparraldeko geltokitik pasatu eta errefuxiatuz betetako ehunka kanpadenda haiek ikusi nituenean, zirrara ikaragarria egin zidan. Desesperatu egin nintzen. 'Inork ez al du, ba, ezer egin behar?', galdetzen nuen neure artean», berritu du Danicak. Pixkanaka, nola lagundu galdezka zetozen pertsona gehiago ezagutu zituen, eta halaxe eratu ziren Parisen gaur egun dauden laguntza sare eta ehun sozial sendoak. «Asilo sistema nola zebilen ikasi behar izan genuen, nora eta nola joan haiekin informazio eta laguntza bila, Frantziako administrazioarekin borrokan», azaldu du.

Amaigabea da lana. «Batzuetan, 2.000 pertsonako kanpalekuak ere sortu ohi dira; eta pertsona horiek izugarri sufritua dute lehendik ere. Erdiragarria da ama eta umetxo horiek denak ikustea lokatzez goraino zikindutako dendetan, halako baldintza izugarrietan bizitzen, zer gertatuko zaien ez dakitela. Bada iheslarien kontrako gerra psikologiko bat, hain agerikoa eta nabarmena ez dena, baina izugarrizko mina egiten ari dena», ebatzi du Danicak. Eta bera, izugarrikeria hain gertutik ikusia den hori, prest dago egunero injustiziari gerra egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.