Albistea entzun

Nakbak 75 urte. Egungo egoera

Itzulera, ukatua

Errefuxiatuen itzulera izan da Israelen eta Palestinaren arteko negoziazioetako korapilo nagusia. Gaur egun, bederatzi milioi baino gehiago dira Tel Avivek behartuta beren lurretatik desplazatutako palestinarrak
Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2023ko maiatzak 14

Giltza bat, dozenaka urtetan gordea, kanporatuak izan ziren etxeetara itzultzeko itxaropenaren gordailu. Ikur horrekin oroitzen dute palestinarrek Nakba, maiatzaren 15ean. Eta hala adierazten dute hondamendia ez dela amaitu, ez duela etenik izan 1948tik, ez dela irtenbiderik itzulerarik gabe. Palestinako errefuxiatuei beren herrira itzultzeko eskubidea aitortu zien NBE Nazio Batuen Erakundeak 1948ko abenduan, 194. ebazpena onartuta. Baina Israelek ez du ebazpena bete, eta merke atera zaio. Ez du nazioartearen zigorrik izan urraketa horrengatik. Israelek argudiatu zuen palestinarrak etxetik kanporatzea eta beren herrira itzultzen ez uztea beharrezkoa zela estatu judua eratzeko eta hedatzeko.

Ikusi gehiago: HIRU MENDE LAURDENEKO NAKBA

Nakba hasi zenetik, egoerak ez du hobera egin. Errefuxiatu palestinarren kopurua gero eta handiagoa da, Israelen etengabeko desjabetzeen eta errepresio itogarriaren ondorioz. Gaur egun, ia sei milioi errefuxiatu palestinar dauzka erregistratuta UNRWA NBEren Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak. Errefuxiatu horietako gehienak Jordanian daude: 2,4 milioi lagun. 580.000 inguru Sirian bizi dira, eta 487.000, Libanon. Gainerako 2,5 milioi errefuxiatuak Palestinako lurralde okupatuetan bizi dira. 1,6 milioi Gazako zerrendan, eta 900.000 Zisjordanian.

Kopuruak are handiagoak dira Badil Egoiliar eta Errefuxiatu Palestinarren Eskubideen Ikerketarako Zentroaren arabera. Argitaratu duen azken txostenaren arabera, 2021 urtearen amaieran, 9,2 milioi ziren desplazatzera behartu dituzten palestinarrak —errefuxiatuak eta barne desplazatuak—. Kopuruen aldea errefuxiatu palestinarren definizioan datza. UNRWAk aintzat hartzen ditu 1946 eta 1948 artean Palestinan bizi ziren eta etxeak eta ondasunak Israelen eta herrialde arabiarren arteko gerran galdu zituztenak, baita haien oinordekoak ere.

Ikusi gehiago: Rashid Khalidi:«Gizarte zibila geroz eta pisu handiagoa hartzen ari da Palestinako erresistentzian»

Baldintza horiek betetzen dituztenek prozesu burokratiko bat bete behar dute NBEren bulegoak errefuxiatu gisa aitortu ditzan, eta eskakizun horrek ehunka mila lagun UNRWAren erregistroetatik kanpo utzi dituela kalkulatu du Badilek. Agentziaren datuen arabera, 1,2 milioi errefuxiatu inguru gelditu ziren erregistratu gabe. Orotara, zazpi milioi pasa lirateke 1948ko gerrak utzitakoak. Horiei gehitzen dizkie 1967ko gerran etxea uztera behartutako 1,3 milioi herritarrak. Palestinako barne desplazatuek osatzen dute hirugarren taldea: 800.000 lagun baino gehiago. Hau da, munduko hamalau milioi palestinarretatik %65,5 dira, orotara, behartuta desplazatutakoak, Badilen esanetan.

Errefuxiatu horietako gehienak UNRWAren 58 kanpaleku ofizialetatik kanpo bizi dira (%68,8). Askotan, kanpaleku horien inguruko eremuetan edo kanpaleku ez-ofizialetan. Errefuxiatu gehienak kanpoko laguntza humanitarioaren menpeko dira, eta askotan ez dute behar oinarrizkoenak asetzeko modurik. Hamarkadak eman dituzte hala, eta bestelako bizimodu baterako aukerarik ezak etsipena hedatu du. Nakbak etorkizun hobe bat lortzeko itxaropenik gabe bizitzera bultzatu ditu milioika palestinar.

Baldintzak bereziki latzak dira Gazan. Populazioaren %70 da errefuxiatua 2007tik Israelek setiatua duen lurraldean. Eremua gainpopulatua dago. 2,3 milioi lagun bizi dira Bilbo Handiak baino azalera txikiagoa duen eremuan —870.000 biztanle pasa ditu azken horrek; Gazakoaren herenak, gutxi gorabehera—. Gazan ohikoak izaten dira elikagai, sendagai eta energia eskasiak. Langabezia tasa %47koa da errefuxiatuen artean.

Ikusi gehiago: Apartheida, nakbarekin jarraitzeko

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Karabakh Garaiko eta Azerbaijango ordezkariak, gaurko bilkuran ©ROMAN ISMAYILOV / EFE

Karabakh Garaiak Azerbaijani segurtasun bermeak eskatu dizkio armak utzi aurretik

Ander Perez Zala

Bi aldeetako ordezkariek su etena adostu osteko lehen bilkura egin dute. Armeniako oposizioak lehen ministroaren kontrako protestak hasi ditu.

Libia, beste krisi bat eragozteko premia

Beste krisi bat eragozteko premia

Gorka Berasategi Otamendi

'Daniel' ekaitzak milaka lagun hil ostean, Libiako Derna hirian ia galdua da inor bizirik topatzeko itxaropena. Erreskate lanetan izan diren Accion Norteko kideek azaldu dutenez, epidemiarik ez sortzea dute orain lehentasuna.
Batasun Nazionaleko Gobernuko lehen ministroa, 2021eko irudi batean. ©EFE

Zatiketa amaitzeko deia

Ricard Gonzalez

Libiako egoera politiko kaotikoak zerikusia izan du hondamendiaren larritasunarekin: herrialdea bi gobernutan zatituta dago. Uholdeek berriz utzi dute agerian batasunerako beharra.
Poloniako armadako hiru militar Ukrainako mugatik gertu, Przewodow udalerrian, iazko azaroan. ©WOJTEK JARGILO / EFE

Poloniak iragarri du ez dizkiola arma gehiago bidaliko Ukrainari

Maddi Iztueta Olano

Lehen ministro Mateusz Morawieckiren arabera, Poloniako armada indartzeko hartu dute erabakia. Edonola ere, azken egunotan nabarmen tenkatu da bi aldeen arteko harremana, Ukrainako zerealak inportatzeko debekuaren harira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...