21. Korrika. Azkoitia-Andoain

Korrika, 'klika' kate bat

Gipuzkoan jendetza handia atera da kalera Korrikarekin bat egitera; Donostian, Txillardegi izan dute gogoan, bilobek lekukoa jasota. Azken-aurreko eguna du Korrikak gaur: 11 eguneko bidea da, baina oinarrian ordu askoko lana daukana

Korrikak kilometro asko egin zituen atzo itsasoari begira. G. R. / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Herriz herri katea osatzen ari da Korrika. Gipuzkoan lotu zituen katebegi gehiago atzo, kostaldean eta Urola inguruan. Donostia izan zuen mugarria arratsaldean, eta, aurreko egunetan ez bezalako giro onak lagunduta, jendea trumilka atera zen lekukoaren atzetik. Oldearen erdian, hala ere, izan ziren une bereziak; esaterako, Gros auzoan, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi zenaren senideek lekukoa hartu zutenean. Haren bilobek eraman zuten. Belaunaldi katea irudikatu zuten. Txillardegi omendu du aurtengo Korrikak, eta Donostiako ibilbidean ere gogoan hartu zuten, hirian orain baino aitortza handiagoa noiz egingo dioten esperoan.

Bederatzigarren eguna, Gipuzkoan ibili zen Korrika atzo. Mutrikutik barrena sartu zen, eta Azpeiti aldera jo zuen. Jende asko bildu zuen herriz herri, eta ez eskola umeak bakarrik. Zarauzko sarreran ere agertu zen belaunaldi katea: ume ugari errepide bazterrean lasterketara sartzeko zain, eta lekukoa eramaten, gurpil aulkian, zahar egoitzako adineko batzuk. Harro jaso zuten ikurrindun testigua zentroaren aurretik pasatzean, adineko eta zaintzaile multzo bat txaloka zutela. Malkoak ere izan ziren Zarautz sarreran.

Kate bat baita Korrika: bai lasterketa egunetan, bai prestatzeko garaian. «Hamar egunetan Euskal Herria zeharkatzeko, ekintza erraldoi hau egiteko, milaka jenderen lana dago atzean. Mila modutako lanak egiten dituzte: ikusten direnak eta ez direnak». Irati Seijo Diez mintzo da Korrikako furgonetatik; gau eta egun doazen taldeetako kidea da. Korrikaren ageriko aldea dira furgonetako kideak. Ez dira haiek bakarrik, ordea. «Ordu mordo bateko lana da hau», azaldu du Uxoa Olaskoaga Rezabalek, Urola Kostako arduradunetako batek. «Eskualde bakoitzak du bere antolaketa, eta herrialde mailan elkartzen gara. Ezinbestekoa da antolakuntza hori Euskal Herri osoa pasatzeko». Lan handia izan da, baina pozik dira jasotako babesarekin, «irribarrea ahotik kendu ezinik».

Parte hartzeko era asko

Korrikak parte hartzeko dakarren aukera goraipatu dute biek. Antolaketa aldetik, ezinbestekoa da boluntario sarea: «Norbanako ugarik parte hartzen dute: ahal duena egiten du bakoitzak, norbere zatitxoa». Furgonetatik ere ikusten dute hori, era askotara gerturatzen dela jendea Korrikara. «Bakoitzak bere modura, bere erritmora parte hartzen du. Asko emozionatzen gara Korrikaren erritmoari jarraitu ezin diotenak ikusita». Adineko jendea izan ohi da, edo ezintasunen bat dutenak. Une bereziak izan ohi dira. Bat baino gehiago izan ziren atzo ere.

Azken-aurreko eguna du gaur Korrikak. Gipuzkoan igaroko du goiza; besteak beste, Goierrin eta Debagoienean. Eibartik barrena irtengo da Bizkai aldera, bazkalondoan. Durangaldean izango da arratsaldean, eta gauean, Arratian. Debagoienera itzuli, eta Gasteiz aldera joko du goizaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.