Aingeru Zudaire. Gomazko pilota batek zauritutako gaztea

«Bizirik nago zentimetro batzuengatik, une hartan burua jiratu nuelako»

Espainiako polizia batek 2012an larriki zauritu zuen. Zazpi urteren ondoren, Nafarroako Auzitegi Nagusiak absolbitu egin du akusatutako polizia, baina Zudaire ez da damutzen arlo judizialean egindako borrokaz.
IñIGO URIZ / @FOKU

Joxerra Senar -

2019ko urriak 13
2012ko irailaren 26ko greba orokorrean, Espainiako Polizia manifestazioan parte hartu zutenei oldartu zitzaien. Gomazko pilotak jaurti zizkioten jendeari, eta batek bete-betean jo zuen Aingeru Zudaire (Atarrabia, Nafarroa, 1983), zauri larria eraginez begi batean. Zazpi urte geroago, epaiketa egin dute 85.615 nortasun zenbakia duen poliziaren aurka. Nafarroako Auzitegi Nagusiko bigarren aretoak absolbitu egin du, baina Zudaire ez da damutzen zazpi urteotan egindako lanaz eta borrokaz. Bidea ez da osorik amaitu.

Nola hartu duzu epaia?

Positiboki. Bide hau hasi genuenean, ez genuen espero honaino iristea. Bagenekien polizia absolbituko zutela, baina ez genuen uste aitortuko zutenik pilotakada izan zela. Gainera, demostratu da une hartan ez zegoela inor ez ingurua birrintzen ez eta poliziei eraso egiten ere. Horrek asko esan nahi du.

Zazpi urteotan, traba ugari aurkitu dituzue bidean?

Bai. Adibidez, lehen autoan, instrukzio epaileak Espainiako Poliziari eskatu zion han zeuden polizien izenak emateko. Bi bidali zituzten, eta bat Armadako etorbidean zegoen, eta bestea, beste puntan. Deklarazioa hartzeko orduan, erantzun zuten ez zutela ezer ikusi. Hasieratik saiatu dira denbora irabazten, gauzak baretzen. Bigarren aldiz ere eskatu genituen izenak, eta, azkenik, hirugarrenean bidali zuten han ziren polizietako baten izena. Gero, zauria ukabilkada baten ondorio izan zitekeela ere aipatu zen.

Zeure burua epaitua sentitu duzu horregatik?

Hori guztia baztertu egin zen, nire medikuak azaldu baitzuen zauri hori abiadura handian zetorren objektu kamuts batek eragin zuela. Orduan, aipatu zuten botila baten ipurdiak jota izan zitekeela, eta perituak azaldu zuen botila batek ezin zuela hainbeste energia hartu. Gainera, nire begiak ez zuen ebakirik; zauriak oso itxura biribila zuen. Epaiketan ez zuten esan pilotakada bat zenik,baina baztertu zuten harri baten, giltzarrapo baten, kolpe baten edo eskopeta kaxa baten ondorioz izan zela. Aukera bakarra zen pilotakada.

Hala ere, polizia absolbitu dute. Justizia egin da?

Han ez zegoen polizia hura bakarrik. Beste bost zeuden. Froga gisa aurkeztutako Ateakireki-ren bideoan ikusten dira bospasei tiro, eta akusatuak bakarrik ezin ditu bota. Han zeudenetako batek bota zuen tiroa. Grabatutako bideoa ez da kalitate handikoa, oso egoera nahasian eta jendetsuan egin zelako. Oso zaila da argi uztea nork bota zuen.

2012ko greba orokorrean gertatu zen. Zer duzu gogoan?

Askotan saiatu naiz egun hura nire burutik kentzen. Laburbilduz, grebako manifestazioa Sarasatera iritsi zenerako, liskar batzuk hasi ziren foruzainekin, baina nik ez nituen zuzenean ikusi. Tiro batzuk entzun nituen. Mitina amaitu zenean, poliziak sartu ziren, ezer galdetu gabe, euren betiko joeran. Dena lasaiago zegoenean, atzera egin eta azken oldarraldia egin zuten. Gogoan dut tiroak entzun nituela, aurrean zegoen jendearen buru gainetik pilotak sumatu nituen. Larritu nintzen, eta korrika hastean, burua jiratu eta kolpea sumatu nuen. Ezagun batek heldu, eta Gazteluko plazara hurbildu ginen. Mediku batek ospitalera joateko esan zidan, begia oso gaizki ikusten zuelako.

Hilabete batzuk lehenago izan zen Iñigo Cabacasen heriotza.

Kasu hori hurbiletik bizi dut. Bizpahirutan joan naiz Bilbora, eta oso gaizki pasatu dut. Distantziagatik, egoera antzekoa izan zen. Bizirik nago zentimetro batzuengatik, une hartan burua jiratu nuelako. Orain dela urte asko, beste mutil bati buruan eman zioten. Ez zuten hil, baina ondorio oso larriak utzi zizkioten.

Zer ondorio fisiko utzi dizkizu?

Ikusmenaren ia %100 galdu dut. Argiren bat sumatzen dut, askoz gehiago ez. Erdia baino gehiago iluna dut, eta sumatzen dudana oso lausoa da.

Bestelako ondorioak ere izan dituzu?

Orain hobeto daramat, baina nahiko gaizki eraman dut. Mamu ugari atera ziren. Batetik, beldurra. Kalera ateratzean, haizea ibiliz gero, berehala etxeratzen nintzen. Zerbait begira sartuz gero, ez diozu garrantzirik ematen; nik, ordea, gaizki pasatzen nuen aukera horrekin. Txoriak hurbiltzeak edo haur bat baloi batekin jolasten ikusteak beldurra ematen zidan. Petardoek asaldura handia eragiten didate, eta, pilotakada bat entzuten dudan bakoitzean, erabat ikaratzen naiz. Beste mamua gorrotoa izan da, gehienbat.

Gainditzea lortu duzu?

Ohartu nintzen gorrotoa izateak neuri egiten didala kalterik handiena, nire barruan daramadalako. Barrutik apurtzen zaitu. Askatu nuen, eta aurrera jarraitu nuen, ez bainuen ezer onik ateratzen.

Zer laguntza jaso duzu?

Familiarena nagusiki. Beti hor egon da, niretzat zutabe garrantzitsu bat izan da hasieratik. Atarrabiako jendeak eta udalak ere hasieratik lagundu didate, aukerak eta energiak bideratzen. Zazpi urte hauetan, zaila da olatuaren aparrean egotea, baina harro nago emandako pausoekin, jasotako laguntzagatik, eta ez naiz damutzen ezerekin. Atera dena atera da, eta atera ez dena ez. Aurrerago, ez dut nahi atzera begiratu eta pentsatzea hau egin izan banu... Nire kartak jokatu ditut.

Zer jarrera izan dute poliziek epaiketan?

Gu epaiketara iritsi ginen, polizia horrek zintzotasun handiz hitz egin zuelako instrukzio epailearen aurrean eta onartu zuelako bera zela bideoko polizietako bat. Epaiketan, oso serio zegoen. Apenas begiratzen ninduen. Poliziek euren rola jokatu zuten. Esan behar zuten esan beharrekoa, bazekiten zer esan eta nola.

Polizia absolbituta, kalte-ordainik ere ez du ordainduko. Espainiako Poliziak ez du erantzukizun hori hartuko?

Epaiketa honetan saiatu gara arduradun bat bilatzen. Pertsona horren gain zegoen akusazioa. Urtebeteko zigorra eskatzen genuen. Bera ez denez izan, ezin ditu kalte-ordainak pagatu. Orain bigarren zati bat geratzen da, eta bertan bai eska geniezaioke gobernuari, Poliziari, bere funtzionarioen ardura hartzeko. Nik ikusmena ez dut berreskuratuko. Helburua ez da dirua lortzea, baizik eta bidea egitea bukaeraraino eta norbaitek bere gain hartzea erantzukizuna. Beraiei asko gustatzen zaie barkamena hitza, eta gustura entzungo nuke hori.

Oraindik ez dira gomazko pilotak debekatu.

Europak Espainiari askotan gomendatu dio kentzeko. Europan estatu gutxik erabiltzen dituzte, eta, horregatik, ez dira grebak gaizki amaitzen, edo poliziek ez dute inor hiltzen. Material honek gauza bakarra egiten du: jazarri. Jendea hiltzen dute, eta kalte handiko zauriak eragin. Deuseztatu egin behar dira, eta planteatzen diren bestelako armak —foam balak— ere ez dira hobeak. Horiek ere kalte handia egin dezakete.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna