urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Sua nahi, Mr. Johnson?

2019ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Euskaraz jakitera, Koldo Izagirreren narrazio bilduma bikainaren izenburua edo antzekoren bat otuko zitzaion egunotan Londresen egondako ikuskizunean gehien gozatu duen pertsonari: Theresa Mayri. Hilabetetan bere lan guztia azpilanean higatu zion pertsona parlamentuan porrotaren historia egiten ikustea, aste osoko bozketa guztiak galtzen ikustea, izan litekeen mendekurik gozoena da, ziur aski.

Beste askorentzat ere gozagarriak izango ziren lehen ministroaren estutasunak, parlamentua itxiaraziko zuela erakutsitako harrokeriaren aurrean. Edozelan ere, eta konspiraziozale izan ez arren, Boris Johnsonek egunotan hartutako jipoi guztiak aintzat hartuta ere, ez da erabateko galtzailea izan britainiar guztien begietara. Demokrazia bai, ikuskizun honekin geroz eta ustelago ageri da Erresuma Batuan. Eta parlamentuarekiko begirunea ere bai, neurri batean. Johnsonen asmoak geldiarazteko balio izan du Westminsterrek, baina lehen ministroaren proposamenei ezetz esan edo haiek geldiarazteko bozkatzeak badu bere ifrentzua, Londresko alkate ohi toryak behin baino gehiagotan iradoki duen legez, hauteskunde kanpainarako lelo ere bihurtuta ia-ia: parlamentuak herritarren erabakiaren aurka dihardu, erreferendumean herritarrek bozkatutakoa eliteen ordezkariek geldiarazi dute. Antipolitika, politika egiteko, Donald Trumpek horrenbestetan egiten duen legez. Boris Johnsonek konplexurik gabe erabili du urteetan bere baldarkeria jendearengandik hurbil agertzeko.

Dominic Cummings britaniar Rasputin-en esku luzea ari dira nabarmentzen egunotan.Brexit-aren kanpainako mezulari nagusia Johnsonen gidari bihurtu da. Haren estrategia, herrialde polarizatu baten muturrera lerratzea litzateke, eta txoko horretatik jotzea: Brexit Alderdia nagusitu zen maiatzean Europako Parlamenturako egindako hauteskundeetan, eta harekin batera aurkeztuta edo haren parametroetara mimetizatuta joango litzateke bozetara.

Eskuin muturrera eta nazionalismo ingeles antieuroparrenera hurbiltzeko bide horretan, ontzat jo dute zubi guztiak leherraraztea, baita parlamentuan erabateko gutxiengoan egotea ekarri dien hogei diputatu baino gehiago kanporatzea ere, hurrengoetan botoan zalantzarik egon ez dadin, eta proposamen urardoturik dakarren inor ez dadin hautagai izan.

Horien artean Churchillen biloba egotea, ez, figura hori galtzea sinbolikoki kaltegarri zaie, baina antipolitikaren estrategiak ondo daki horrelakoak baliatzen ere: hara Jo Johnson lehen ministroaren anaiaren dimisioa, familiaren beraren gainetik brexit-a, herritarrei agindutakoa alegia, jartzen duen lider bihurtzen da Boris Johnson brexit-zaleen begietan. «Luzapena eskatu aurretik nahiago bide bazterrean hil» epika patetikoa da askorentzat, baina beste askok erosten dioten mezua da, parlamentua «Europaren aurrean errenditu» dela esaten duenean legez. Bihar lege bihurtuko da Europako Batasuna irteera epearen luzapena eskatzera behartzen duen neurria, eta hor ere legearen aurka joateko prest dagoela iradoki du. Herritarren borondatearen aurka Europaren aurrean traizio egiten duten diputatuen aurrean desobedientzia ekintza gisa saltzea, alegia.

Itxura guztien arabera, porrot parlamentario gehiago datozkio hurrengo orduetan: brexit-a atzeratzeko epeaz gain, urrian hauteskundeak egiteko proposamenari ezetz esango dio bihar parlamentuak, Jeremy Corbynek azkeneko orduan inork espero ez duen aldaketaren bat egin ezean. Denek dakite dagoeneko ezinbestekoak direla bozak, baina horiek noiz eta zelan egin ere oso garrantzitsua da: kontserbadoreek, itxura guztien arabera, brexit-aren aurkako sektorea baztertu (kanporatu) eta profil eskuindar gogorreneko hautagaiak aurkeztuko dituzte, eta badute irabazteko aukerarik. Hortik ere badator hauteskundeak urriko epea igarota egin beharra: Johnsonek hain harro saldu eta zin egindakoan porrot egin dezan. Besteak beste, brexit-zaleen zatiketa ere ekar lezakeelako, eta Nigel Farageren Brexit Alderdia hauspotu. Eskuin muturrean horrelako arrakala bat izateak, agian, gainontzekoei alternatibaren bat ekar diezaieke.

Gainontzekoei Ingalaterran, noski. Eskozian geroz eta gehiago dira giro toxiko horretatik ahalik eta bizkorrena irten beharra argi ikusten dutenak. Galesen ere manifestazio independentista handia egin zuten atzo. Eta Irlandan erabateko izua dago, «akordiorik gabeko brexit-a» esaten denean Irlandako mugari buruz ari direlako denak. Mugaren mehatxua kentzeko modu bakarra, behingoan uhartea batzea izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.