Energia kontsumoa handitu egin da, eta harekin batera CO2 isurketak

Energiak eragindako gas isurketak %1,7 hazi ziren iaz munduan. Europak CO2 gutxiago isuri du, baina Txinako ekonomia gosetiak eta AEBetako eguraldi makurrak joera globala sendotu dute

Energia kontsumoa handitu egin da, eta harekin batera CO2 isurketak.
Iker Aranburu.
2019ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Hazkunde ekonomikoaren aurpegirik beltzetako bat erakutsi du IEA Nazioarteko Energia Agentziaren 2018ari dagokion txostenak. Haren arabera, hazkunde ekonomiko sendoak %2,3 handitu du energia primarioaren kontsumoa munduan. Gainera, energia berriztagarriak hedatzeak eta kontsumo eraginkorragoak ez dute ezabatu energia kontsumo horrek guztiak atmosferari egiten dion kaltea: CO2 isurketak %1,7 ugaritu dira.

Txina da azken urteetan energia berriztagarriak zabaltzeko ahalegin handiena egin duen herrialdea, baina haren ekonomia bizkor hazten denez (%6,5) ikatz gehiago kontsumitzen du, eta, horren eraginez, %2,5 handitu ditu CO2 isurketak. AEBetako eguraldiak ere izan du zeresana.

Europak izkin egin dio goranzko joerari, eta gai izan da energia kontsumoa orekatzeko (+%0,2) eta atmosferara CO2 gutxiago isurtzeko (-%1,3).



IKATZA

2015ean eta 2016an, ikatzaren kontsumoak behera egin zuen, baina azken bi urteetan gorantz hasi da berriro (+%0,7, 2018an). Hazkunde hori Asian pilatu da, historikoki ikatza gehien kontsumitu duten beste eremuetan beheraka baitoa energia iturri gisa.

Gaur egun, Txinak erretzen du munduak kontsumitzen duen ikatzaren erdia. Etxeetan eta industrian gero eta gutxiago erabiltzen dute, baina argindarraren eskaera handia izateak zentral termikoetan %5,3 gehiago kontsumitzea eragin du.

IEAk nabarmendu du ikatzaren kontsumoak hazkunde «esanguratsua» izan duela Indonesian, Vietnamen, Filipinetan eta Malaysian, baina munduko kontsumoaren hazkundean pisu handiagoa izan du Indiaren bilakaerak: %7 hazi da hango ekonomia, eta horrek %5 handitu du ikatz kontsumoa; izan ere, besteak beste, munduko altzairugile handienetan bigarrena bilakatu da, Txinaren atzetik.

AEBetan gertatu denak kontraesana dirudi: Donald Trumpen gobernuak sutsuki defendatu ditu ikatz meategiak, baina, ikatza erre beharrean (-%4), argindar konpainiek gas naturalera jo dute eskariari aurre egiteko (+%10), merkeagoa delako eta ikatza erretzen duten zentral termikoak ixten jarraitzen dutelako. Orain, ikatzak argindarraren %29 sortzen du AEBetan, kopururik txikiena datuak biltzen dituztenetik.

Europan ere gain behera doa ikatza. Iaz %2,8 txikitu zuen kontsumoa, eta, lehen aldiz, Alemanian argindar iturri nagusi izateari utzi zion, berriztagarrien mesedetan. Herrialde hartako azken ikatz meategia itxi zuten iaz. 

GASA

Trantsiziozko energia iturria deitzen diote askok gas naturalari, ikatzaren eta petrolioaren arotik energia berriztagarrien arora pasatzeko modua emango duelakoan. IEAk bat egin du baieztapen horrekin, esan baitu gas naturalaren kontsumo hazkundearen bosten bat ikatza ordezkatzearen ondorio dela.

2018. urtean %4,6 handitu zen gas naturalaren kontsumoa: 3.928 milioi tona petrolio baliokide izatera iritsi zen. 2008tik 2010era, krisiarekin, jaitsi egin zen kontsumoa, baina ordutik gorantz doa. Gainera, hazkunde erritmoa bizkortzen ari da: %3 handitu zen 2017an, eta batez beste %1,5 aurreko bost urteetan.

AEBetan handitu zen gehien gas kontsumoa (+%10,5), eta, neurri batean, eguraldiaren ondorioa izan zen: negu hotzean berogailuak gehiago behar izan zituzten, eta uda beroan, aire egokitua. Beste arrazoia prezioa da: fracking bidez ustiatzen diren putzuak gas asko ari dira produzitzen, eta nahiko merke; gasak ikatza ordezkatu du argindar iturri nagusi gisa (%34).

Txinak ere gas naturalaren aldeko apustua egin du. Zeru Urdina Irabazteko Hiru Urterako Planak mugatu egiten du etxeetan eta lantegietan ikatza erretzen duten berogailuak erabiltzea, eta argindarra sortzen ere gehiago erabiltzen du. Horren ondorioz, munduko gas inportatzaile nagusia bilakatu zen iaz, eta %17,7 handitu zuen kontsumoa.

Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko herrialde ekoizleetan ere petrolioa ordezkatzen ari da argindarraren sorkuntzan.

Goranzko joera horrek Europan izan du salbuespena (-%1,9); IEAk uste du urteko azken hilabete epelek izan dutela zerikusia.

PETROLIOA

Azken urteetako joerari eusten badio, petrolio kontsumoak eguneko ehun milioi upelen muga hautsiko du 2019. urtean. 2018an atarian geratu zen, 99 milioi upelekin. Mugatik gertuago gera zitekeen iaz, baina upelaren garestitzeak kontsumoaren gorakada (+%2,3) moteldu zuen, IEAk nabarmendu duenez. Berriro ere AEBak (+%3,7), Txina (+%3,5) eta India (+%4) dira gorakadaren eragile nagusi. Europan, berriz, kontsumoa oso gutxi igo da (+%0,2), eta herrialde batzuetan nabarmen txikitu (%5,4 Alemanian).

BERRIZTAGARRIAK

Erregai fosilen kontsumoak gora egin izanak berriztagarrien porrota irudika lezake, baina energia horren ekarpena %4 handitu zen iaz. Arazoa da hazkunde horrek eskari berriaren laurdena baino ez duela betetzerik izan, eta energia sorkuntzaren %15 baizik ez dela oraindik.

Argindarraren ekoizpenean, berriz, berriztagarrien ekarpena positiboagoa da: eskari berriaren %45 bete zuen. Elektrizitatearen %25 sortzen da gaur egun iturri berriztagarrietatik —%18 zen 2000. urtean—, eta iturri horiek hazi dira gehien azken urtean: +%31 eguzki energia fotovoltaikoa, +%12 eolikoa, +%7 biomasa, +%3 hidroelektrikoa...

IEAk berak dio gorakada hori ez dela nahikoa baldin eta klima aldaketaren helburuak beteko badira. Haien kalkuluen arabera, iturri berriztagarriek argindarraren bi heren hornitu beharko dituzte 2040rako.

Txina eta Europa dira aitzindariak energia berriztagarrien garapenean. Kontinente zaharrak egin zuen berriztagarrien hazkundearen %25, eta Txinak, berriz, %40.

Berriztagarrien hedapena oso orekatua izan da: 136 TWh gehitu ditu fotovoltaikoak, 132 TWh eolikoak eta 129 TWh hidroelektrikoak.

ERAGINKORTASUNA

IEAk energiaren eraginkortasunari ere erreparatzen dio. Hau da, zenbat energia behar den barne produktu gordinaren unitate bakoitzeko. Urtetik urtera hobetzen ari da aldagai hori, baina hobekuntzaren erritmoa astiroago doa orain. 2015ean %3 jaitsi zen; 2017an, %1,9; eta 2018an, %1,3 baizik ez. Agentzia kezkatuta azaldu da, eraginkortasunaren hazkundeak bere kalkuluen arabera azkartu beharko lukeelako garapen jasangarri bat lortze aldera.

CO2 ISURKETAK

Energiari lotutako CO2 isurketak inoizko handienak izan ziren iaz: 33,1 gigatona. Kopuru erlatiboetan, 560 megatona handitu ziren isurketak, gutxi gorabehera urtero abiazioak atmosferaren kutsatzeari egiten dion ekarpena.

Bilakaera kezkagarria da. Izan ere, isurketak nahiko egonkorrak izan ziren 2014tik 2016ra, urte haietan munduko ekonomiak hazkunde tasa handiak izan zituen arren. «Energia eraginkortasunean izandako hobekuntzek eta karbono isurketa txikiko teknologien hedapenak gutxitu zituen isurketak, ikatzaren eskaria jaitsi baitzuten», azaldu du IEAk. Joera hori hautsi da azken bi urteetan. BPGak hazten jarraitzen du, batez ere Txinan eta Indian, baina CO2 isurketek gora egin dute 2017an eta 2018an. Horren ondorioz, batez beste 407,4 ppm izan ziren atmosferan joan den urtean, 2017an baino 2,4 ppm gehiago. Industria iraultzaren aurretik, 180 eta 280 ppm izan zirela kalkulatu dute.

CO2-aren %30 inguru ikatza erretzen duten zentral termikoek isurtzen dute atmosferara. Europan eta Ipar Amerikan zentral horiek ixten ari dira, baina ez, ordea, Asian. Gainera, kontinente horretako zentralek hamabi urte baizik ez dituzte batez beste, eta, pentsatzekoa denez, urte asko egongo dira oraindik zabalik —40 urte iraun ohi dute batez beste—.

IEAren txostenak esan du isurketek are gehiago egin zezaketela gora, argindarraren ekoizpenaren zati bat ikatzetik gas naturalera igarotzen ari baita, Txinan eta AEBetan batez ere. Trantsizio hori gabe, «isurketak %15 gehiago ugarituko ziren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.