Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna. Tratu txarrak konfinamenduan

KISKETAREKIN ITXI DEN ATEA

Pandemiak, konfinamenduak eta bakartze sozialak eragina izan dute indarkeria matxista jasaten duten emakumeen egunerokoan. Salaketek behera egin dute, baina telefono artak, gora. Haien egoeraz, eskura dituzten baliabide eskasez eta babes sareen garrantziaz mintzatu dira gaian aditu diren hiru kide.

I.Z. BORDAGARAI.
Maider Galardi
2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Koronabirusak eragindako osasun larrialdia ezarri eta berehala etorri zen etxean gelditzeko agindua, joan den martxoan. Pandemiari aurre egiteko era seguruena zela errepikatu zuten agintariek eta osasun eta zientzia adituek behin eta berriro: murrizteko harreman sozialak, irteteko etxetik ahal bezain gutxi, betetzeko ezarritako mugikortasun neurriak... Eta, hala, COVID-19ak jota hildakoen kopuruak egin zuen behera, eta kutsatzeen malda apalduz joan zen apurka. Hala egon ziren indarkeria matxisten salaketen estatistikak hiru hilabete horietan ere: azken urteetan baino beherago. Baina itxialdia amaitu, eta goraka hasi zen beste kurba bat: tratu txarrak salatu zituzten emakumeena.

Ez baita denentzat izan segurua. «'Etxean gera zaitez' mezua onena zela zirudien, baina beren senideengandik abusuak jasaten dituzten haurrentzat edo indarkeria matxista pairatzen duten emakumeentzat ez zen batere gune segurua. Etxea kartzela zen», esan du Maitena Monroy (Bilbo, 1972) autodefentsa feministan adituak. Etxean izan dira andreok beren erasotzaileekin. Etxean, eta atea barrutik itxita, gainera. Nolakoa izan den itxialdia, eta zein gabezia izan den aletu du Monroyk, Anabel Sanz (Ermua, Bizkaia, 1963) FeministAldeko kide eta berdintasun teknikariarekin eta Ana Lopez (Madril, 1964) Donostiako Emakumeen Etxeko abokatuarekin.

Datuek adierazten dute ezohikoa izan dela itxialdi garaia. Are gehiago, datuak hiru hilean behin biltzen dituzte normalean erakundeek, eta aurten egin dituzte konparaketak martxo erdialdetik maiatzera bitarteko datuekin. Batez beste, %17 egin dute behera Euskal Herrian indarkeria matxisten salaketek konfinamenduak iraun bitartean. Tokian tokiko administrazioek eskaintzen dituzte datu horiek. Emakundek, esaterako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako salaketen kopuruaren alderaketa egin du: iaz 222 izan ziren, aurten, berriz, 142 —%36 gutxiago, alegia—. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ere hala eman ditu datuak: iaz baino 23 kasu gutxiago salatu dira, 136 hain justu. Baionako Auzitegira, berriz ez da iaz baino indarkeria matxista kasu gehiago ailegatu—kontuan hartu behar da Landetako zenbait herritako kasuak heltzen direla Baionako auzitegira, eta Zuberoakoak, berriz, Pauekoan aztertzen direla—.

Erasotzailearekin etxean itxita egotea arriskutsua izan bada, zergatik, orduan, salaketen beherakada hori? «Oraindik ez dugu nahikoa datu interpretatzeko zer pasatu den, baina memoria historiko apur bat egiten badugu, arrazoi batzuk topatu ditzakegu», dio Sanzek. Horien artean aipatu ditu andreek egoera horietan bizirik irauteko egin duten euste lana eta abian jarri dituzten erresistentzia estrategiak, eta erresilientziarako gaitasuna: «Indarkeria pairatzen dutela identifikatzen dutenetik salaketa jarri edo egoerarekin moztu arte urteak pasatzen dira. Haiek dira onenak egoera kudeatzen». Bat egin du Monroyk: «Badago paternalismorako joera bat, pentsatzekoa ez badute lehenago salatu inozenteak izan direlako dela. Bada, ez. Hartzen dituzte erabakiak beren burua salbatzeko». Itxialdian etxetik irteteko estrategiak asmatzea eta, ondoren, gune seguruak topatzea zaila izan dela diote biek.

Beste ikuspegi bat gehitu du Lopezek. Haren iritziz ere, goiz da datuen gaineko analisi xehatu bat egiteko, baina Donostiako Emakumeen Etxeko indarkeria matxistaren batzordean zenbait hipotesi jarri dituzte mahai gainean: «Erasotzaileak biktima kontrolpean eduki behar du. Egoera arrunt batean atera gaitezke etxetik eta askeago gara. Erasotzaileak kontrol hori galtzen duenean lehertzen da indarkeria gehien. Itxialdian, etxekotuta zeuden andreak, itxita, eta, beraz, ez zuen halako kontrol erakustaldi espliziturik egin behar». Ohartarazi du, ordea, horrek ez duela esan nahi indarkeria psikologikoak gora egin ez duenik. Are, Lopezen ustez, besteak beste, horregatik handitu da telefono bidezko arreta zerbitzuetako dei kopurua hilabete horietan.

Espainian, tratu txarren aurkako 016 zenbakiak inoizko dei gehien erregistratu du, eta Emakunderen telefono zenbakiak ere eskaera asko jaso ditu konfinamendu garaian. Iaz, martxotik maiatzera 685 dei bildu zituzten arreta zerbitzuan; aurten, berriz, 757. Ipar Euskal Herrian Frantziako Gobernuak martxan du 3919 zenbakia, baina ordutegi mugatuak ditu: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 22:00etara; eta asteburuetan 18:00ak arte. Asmoa dute eguneko 24 orduetan zerbitzua eskaini ahal izatea.

Hau da: behera egin dute salaketek, baina arreta zerbitzuetako telefono deiek gora egin dute. Horrek adierazten du, besteak beste, itxialdian salatu direnak baino indarkeria matxista kasu gehiago egon direla.

«Itxialdian beren erasotzaileekin zeuden andreek telefono horietara deitzen zuten azaltzeko zein zen beren egoera, eta ikusteko zein aterabide zegoen», azaldu du Lopezek. Sanzek gehitu du: «Normala da deiak ugaritzea, hori zelako arta zerbitzuetara zuten sarbide bakarra». Berdin uste du Monroyk, eta gaineratu du aztertu beharko litzatekeela dei horiek nork egin dituen: «Egongo da orain arte urratsa egin nahi izan ez, eta itxialdian 'aski da' esan duenik, edota erasotzailearekin egunero 24 ordu egonda indarkeria identifikatu duenik ere».

Halere, Sanzek analisi «kualitatiboago bat» egin nahiko luke, eta jakin ea gainontzeko gizarte zerbitzuetan ere zer-nolakoa izan den andreei eman zaien babesa: «Lanbiden, gizarte zerbitzuetako beste arreta zerbitzuetan... Horiek guztiak lanez lepo ibili dira, baina ez da laguntza espezifikorik eskaini». Besteak beste, nahiz eta gutxieneko jarraipenak egin diren, jabekuntza eskolak eta bestelako ikastaroak bertan behera gelditzean, «kanpoko» sarerik gabe gelditu dira andre asko eta asko.

Babes sareari nola heldu

«Ezinbestekoa da laguntza eskatzea kanpoan, batez ere, indarkeria etxetik datorrenean», dio Monroyk. Babes sozialeko sareez ari da, elkarteez eta ahalduntze eta autodefentsa tailerrez. Sanzek eta Lopezek ere azpimarratu dute talde feministen eta emakume bizirauleen elkarteen garrantzia. Monroyk berretsi du zein inportanteak diren espazio horiek: «Gune horietara doazen emakume asko bertan hasten dira identifikatzen indarkeria, edota zehazten eta xehatzen jasaten duten biolentzia. Gainera, babes espazioak dira, eta gune horietan aitortzen zaie beren prozesuaren motorra izateko zilegitasuna: haiek bihurtzen dira beren prozesuaren jabe». Sanzek ere hala uste du: «Jabekuntza eskoletara ez dira soilik indarkeria matxista jasan duten andreak joaten, baina baliagarriak dira indarkeriak identifikatzeko, eta, gainera, behar dituzten zenbait baliabidetarako sarbidea dira».

Emakumeen etxeen beste ezaugarri baten balioa ere nabarmendu du: «gertukoa» izatearena eta «talde feministen eta emakume bizirauleen taldeen bilgune izatea». Horren adibide, Lopezek azaldu du Donostiako Emakumeen Etxeak bere arreta zerbitzu propioa eduki duela itxialdiak iraun bitartean, eta laguntza juridikoa ere eskaintzen dutela: «Gertukoagoa, eta prozedura nolakoa den zintzoki azaltzen duena».

Baina itxialdiarekin batera, bidean laguntzeko aukerak mugatu egin dira, eta zenbait prozesu eten egin dira bolada batez —ekainetik aurrera Euskal Herrian salaketa kopuruak gora egin duela diote erakundeek eskainitako estatistikek—. «Halere, akonpainamenduak egiten ari ginen profesionalek segitu dugu kontaktua mantentzen indarkeria matxista jasaten duten andreekin», dio Monroyk. Ez ditu erabilitako estrategiak haizatu nahi ,«kontrako norabidean eragin» dezakeelako. Sanzek, oroitarazi du konfinamenduak iraun bitartean sortutako babes sareetan mugimendu feministako kide askok hartu dutela parte, eta, beraz, nolabait bermatu dela ikuspegi feminista hori; bai indarkeria matxista jasaten duten andreei laguntzeko prozesuetan, eta baita bestelako babesa eskaintzeko egitasmoetan ere.

Lopezek, bestalde, jakinarazi du genero indarkeriaz arduratzen diren epaitegietan ohiko martxa izan dutela itxialdian; izan ere, larrialdiko auzi izendatu zituzten. Horregatik, nahiz eta epaitegietako lan jarduera eten, segitu egin zuten auzi horiek ebazten. Aitortu du, halere, martxo amaieran eta apiril hasieran apenas heldu zirela salaketa bakan batzuk genero indarkeriaz arduratzen diren guardiako bulegora. Azaldu duenez, Donostian erraztasunak jarri dituzte salaketak ipintzeko: adibidez, andreek ez dute polizia etxera joan behar izan salaketa aurkeztera. Baina prozedura asko bidean gelditu dira; besteak beste, indarkeria fisikoaren zantzurik gabeko kasuetan auzibideek luzerako jotzen dutelako —medikuen, psikologoen eta bestelako perituen txostenak behar dira, baita testigantzak bildu ere—.

Beraz, arazo hori ere egon da itxialdian: salaketa jarri eta epaiketa azkar bidez ebazten ez ziren prozesu horietan guztietan, eta babes neurririk jarri ez dieten andreen kasuetan etxera itzuli behar izan dira emakume horiek, beren erasotzaileekin, ostera itxialdira. Horregatik, Monroyk eta Sanzek ohartarazi dute ezinbestekoa dela baliabide gehiago jartzea indarkeria matxista kasuak bideratzeko eta emakume horiei aterabideak eskaintzeko.

Monroy, esaterako, kezkatuta dago batez ere konfinamenduak iraun bitartean biolentzia pairatzen dutela ohartu diren andre horiekin guztiekin: «Aurrez lanketa egiten ari zirenekin nolabait mantendu dugu kontaktua, baina orain tratu txarrak jasaten dituztela ohartu diren emakumeekin bidea egitea zaila da». Baliabideak nahiko eskuragarri ez egotea eta zerbitzu guztiak ez bermatzea da arazoa, haren ustez.«Itxialdian egin den lana izan da ikusaraztea zein baliabide zegoen, baina ez dira gehiago jarri, eta ez da nahikoa, inondik ere», zehaztu du Sanzek.

Baliabideak eskas

Baina ez orain bakarrik. Haren ustez, aurretik ere ez zegoen nahikoa baliabide indarkeria matxistaren aurkako politiketarako. Alegia, hiru adituek uste dute konfinamenduko kudeaketak agerian utzi duela lehenago ere ez zeudela ongi aseta indarkeria matxista pairatzen duten andreek dituzten beharrak.

Horietako bat da, esaterako, babes juridikoa. Lopezek azaldu du andre horiek askotan ez dutela aholku juridiko egokia jasotzen, eta, gainera, epaitegietan ere ez dela arta egokia eskaintzen: «Epaitegietan biktimek ez dute egoteko leku aproposik. Itxarongelan elkartu gaitezke lau abokatu eta beste hainbeste biktima. Eta erasotzailea, ez badago espetxean, korridorean egongo da, lasai. Leku horiek ez dute pribatutasuna bermatzen». Espazioaz gain, salatu du ez daudela gaian adituak diren epaimahai eta epaileak ere.

Diru laguntzak, zerbitzu sozialetako arta berezia... Konfinamendu ostean baliabide gehiago eskaini beharrean atzerako bidea egiten ari dela salatu dute Monroyk eta Sanzek. Lehenak ohartarazi du krisi garaietan ohikoa izaten dela ordura arte erdietsitako lorpenak galtzea: «Sistemak aprobetxatzen du atzera egiteko. Esaten dute ez dagoela beste gauzetarako baliabiderik, eta murrizketak egiten dituzte». «Sei hilabete pasatu dira, mugikortasun neurriak murriztu dira, eta ez da aurrerapausorik eman», dio Sanzek. Besteak beste, Emakunde Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzatik ateratzeko erabakia kritikatu du. Ipar Euskal Herria, berriz, itxialdian dago berriro, eta Hegoaldean neurri murriztaileak daude indarrean urri amaieratik.

Begirada berriak

Horregatik, hiru adituek eskatu dute zerbitzu eta baliabide gehiago jartzeko indarkeria matxista pairatzen dutenen eskuetan. Hiru gidalerro nabarmendu dituzte, batez ere: Lopezek, «informazio zehatza» eskaini ahal izatea; Monroyk, bortizkeria jasan duten andreak beren prozesuaren gidari sentiaraztea —eta haien prozesuaren nondik norakoak errespetatzea—; eta Sanzek, egoera hori bizi duten andreentzako zerbitzu eta babes publiko eta unibertsala. «Eredua aldatu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.