Nafarroako senatariaren hautaketa adostu ezinda jarraitzen du lauko ohiak

Ezkerrak espero du gainerako taldeek «hitzartutakoa betetzea». Geroa Baik uste du baldintzak aldatu direla, eta hautagaia aurkeztuko du

Aldaketa Espainiako Senaturako zerrendaren aurkezpena, martxoaren 9an. JON URBE / FOKU.
jon olano
2019ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Datorren astelehenean hasiko da urte politiko berriaren lan jarduna Nafarroako Parlamentuan, eta talde politikoek izango dituzten gai nagusietako bat izango da legebiltzarrari dagokion senataria aukeratzea. Aukeraketak ez du aparteko liskarrik sortzen, baina oraingoan desadostasunak sortu dira Geroa Bairen eta Ezkerraren artean; atzo egin zuten desadostasunok konponbidean jartzeko bilera bat, baina bi indarrak ez ziren bat etorri, eta, beraz, oraindik ikusteko dago zer taldekoa izango den senataria.

Aurreko legealdian laukoa osatzen zuten alderdiek egin zuten bilera atzo: Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Azken talde horren asmoa da hautagaia aurkeztea senataria hautatzeko saioan, argudiatuta hala erabaki zutela lau indar politikoek apirilaren 28ko hauteskundeen aurretik. Horregatik, Marisa de Simon Ezkerrako bozeramaileak atzoko bileran esan zuen «espero» duela talde politiko guztiek «adostutakoa betetzea». Espainiako Senaturako bozei begira, lau taldeek hitzartu zuten Aldaketa zerrendan Ahal Dugu-k, EH Bilduk eta Geroa Baik postu bana izatea eta, parlamentuak hautatzen duen senatariaren kasuan, Ezkerraren hautagaitza babestea.

Bestelako aburua du Geroa Baik. Izan ere, uste du hitzarmena ez dagoela «indarrean», Aldaketak senatari bat baino ez zuelako lortu: «Akordioa apirilaren 28an bertan erori zen». Ohar batean, Geroa Baik azaldu du ez duela liskarrean aritu nahi Ezkerrarekin, baina erantsi du ez duela bat egiten haren interpretazioarekin: «Espero dugu Ezkerrak, aldaketarekiko leial jokatu duen bazkideak, zilegi den desadostasun bat ez eramatea soilik gobernuaren aurkakoei mesede egingo liekeen konfrontazio batera».

Senataria aukeratzeko, hautagaiek Nafarroako Parlamentuaren gehiengo soila behar dute. EH Bilduk eta Ahal Dugu-k esana dute Ezkerrako hautagaia babestuko dutela, eta, beraz, hamar parlamentariren botoak izango lituzke. Geroa Baik, berriz, PSNrekin ados jarrita, hogei izango lituzke; Navarra Sumak bezainbeste, eskuineko koalizioak ere asmoa baitu hautagai bat aurkezteko. Kasu horretan, Navarra Sumarentzat litzateke senataria, berdinketa izanik parlamentari gehien dituen taldearen hautagaia aukeratu behar delako.

Bilkura eskea Iruñean

EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik Enrique Maia Iruñeko alkateari eskatu diote dei dezala premiazko osoko bilkura batera, zinegotzien aldaketa gauzatu eta «udalbatzaren egiazko ordezkaritza bermatu ahal izateko». Ohar bateratu batean, hiru indarrek gogorarazi dute Elma Saez eta Itziar Gomez zinegotziek dimisioa eman zutela, eta, oraindik ez dutenez modurik izan horiek ordezkatzeko, udalbatza 25 zinegotzik osatzen dutela gaur-gaurkoz, jatorrizko 27en ordez. Ohartarazi dute horrek «gehiengoen eta gutxiengoen arteko korrelazioa moldatuko» lukeela. Maiari proposatu diote gaur-biharretan egitea ezohiko bilkura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.