Ohien itxaropena

Jokalari eta entrenatzaile ohiek aukera ikusten diote Realari txapeldun izateko, nahiz garbi daukaten faboritoa Atletico Madril dela. Partida bakarra izateak ematen die esperantza.

Aitor Manterola Garate.
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun

Buruak esaten die Realeko taldean izandako jokalari eta entrenatzaile ohiei zaila dela Espainiako finala irabaztea. Baina bihotzari segituz, «Zergatik ez?» ateratzen zaie barren-barrenetik. Futbola ondo ezagutzen dute, baita taldea ere, eta talaia horretatik mintzo dira Ane Bergara, Larraitz Lukas eta Itziar Gastearena jokalari ohiak, eta entrenatzaile izandako Unai Gazpio, Juanjo Arregi eta Igor San Miguel.
 

IGOR SAN MIGUEL

Realeko entrenatzaile ohia

 

 

«Realak beti eman izan dio dezenteko gerra Atletico Madrili»

Taldeko entrenatzaile izan zen 2015etik 2017ra, eta badaki zer den Atletico Madrilen aurka jokatzea, baita estu hartzea ere. Finalari begira jarrita, garbi du zein den faboritoa: «Atletico Madril beste maila bateko taldea da, baina partida bakarra izanik eta Liga irabazi berri duela ikusita, ea lasaiago ateratzen diren jokatzera. Finalak jokatu egin behar dira, eta edozer gerta daiteke, baina garbi edukita zein den faboritoa». Partidaren gakoez galdetu zaionean, hauxe izan da erantzuna: «Atleticoren aurka beti lehiatu izan da ondo Reala, gure garaian ere bai. Bartzelonaren aurka gehiago kosta izan zaio beti Realari, eta astinduak hartu izan ditugu. Ez, ordea, Atleticoren aurka, parekatu samarrak izan baitira partidak. Erasoan min emateko aukera apurretako batean asmatu egin beharko da, eta defentsan oso sendo jardun, akatsik egin gabe, besteek ez dute-eta barkatzen».

Aurreko igandekoa «ezberdina» izan zela dio: «Realak jokalari batzuei jai eman zien, eta beste batzuk ohiko lekuetatik kanpo jarri zituen. Ez du balio erreferentzia moduan, baina Realak gerra pixka bat eman zion, hala ere, Ligako txapeldunari». Aurrera eta gerora begira, Realari gauza asko emango dizkio finalak, San Miguelen ustez: «Historikoa da hau, eta, urtez urte, taldea egonkortzen ari da lehen zortzien artean, bertako jende askorekin. Baina ezin da lo hartu, Liga azkar ari delako bizkortzen eta ontzen».

 

 

 

 

LARRAITZ LUKAS

Realeko jokalari ohia

 

 

 

 

«Realak sentimendua du alde, etxeko jokalari asko dituelako»

Taldearen sorreran egon zen Larraitz Lukas 2004an, eta kapitaina ere izan zen, 2012an Reala eta futbola utzi zituen arte. Finala ikusteko irrikaz dago, eta honela aurreikusten du: «Aukera guztiak dituzte, nahiz eta faborito handia Atletico Madril den. Partida bakarra izateak ematen dio aukera. Beti eta edozein lekutan daude irabazteko aukerak. Reala aurretik jartzen bada, atzean sartu, besteak urduri jarri...». Ezberdinak dira bi taldeak filosofiaz: «Atletico kanpotarrez josita dago, jokalari hobeak dituzte, baina sentimendu aldetik Realak beste zerbait dauka, etxeko gehiago dituelako». Finala jokatzeak etorkizunari bultzada emango diola espero du: «Gerora asko ematea nahiko nuke. Lehen harria guk jarri genuen, eta harriz harri, bagoaz aurrera. Finalean beste urrats bat emango dute, eta gorantz begira segitu behar du taldeak».

 

 

 

 

UNAI GAZPIO

Realeko entrenatzaile ohia

 

 

 

 

«Urteetan lana ondo egin izanaren ondorio da finalera heltzea»

Unai Gazpiok entrenatzailearen ikuspegitik aztertu du finalak eman dezakeena, eta garbi dauka Realak hainbat gauza egin beharko dituela ondo: «Atletico Madril da faboritoa, talde hobea duelako, eta Realak zaila izango du, baina partida batean edozer gerta daiteke, eta, gauzak ondo egiten baditu, min ematen badio aurkariari, eta defentsan sendoa badago, gero faktore emozionalek eragina izan dezakete». Partidan denbora luzez bizirik egotea funtsezkotzat jo du: «Partida luzatzea komeni zaio Realari, hasieratik deseroso sentiaraziz aurkariak. Minutuak aurrera joan ahala, konfiantza hartuko lukete Realekoek, eta, batez ere, beren unea baliatzen asmatu behar dute, kontzentrazio handiarekin. Gero, besteek estutzen dutenean, burua hotz edukitzen eta sufritzen jakin beharko dute». Horrez gain, beste eragile hauek ere aipatu ditu: «Fisikoki ondo sentitu beharko dute, burua hotz eduki, planteamenduan asmatu, eta ausartak izan, konplexurik gabe».Realak lortu duenaren atzean lana dagoela dio 2012tik 2015era taldeko entrenatzaile izan zenak: «Urteetan lana ondo egin izanaren ondorioa da finala jokatzea. Urte asko dira Realak taldea sortu zuela. Liga eraldatuz joan da, eta taldea ondo egokitu da urtez urte. Gero, gauza askotan asmatu behar duzu gorantz joateko. Erabaki batzuetan ez zen asmatuko, baina ez asmatze horretatik ere ikasi egin da».

 

 

 

 

ANE BERGARA

Realeko jokalari ohia

 

 

 

 

«Ilusioak eta gogoak aukerak emango dizkio Realari Kopa irabazteko»

Realeko jokalaria izan zen Ane Bergara 2011tik 2015era arte. Ez du ukatu faboritoa Atletico Madril denik: «Jokalari hobeak dituzte haiek. Ikusi besterik ez dago aurrekontua zenbatekoa duten, eta azken hiru Ligak irabazi dituzte. Baina kalitateak ez du dena egiten», ohartarazi du. Garbi dauka zaila izango dela Realarentzat: «Baina iritsi baldin bada, merezi duelako iritsi da, eta ilusioak eta gogoak garaipena lortzeko aukerak emango dizkiete. Partida bakarra izanik, edozer gerta daiteke. Aurreko igandean, Atleticok irabazi zion Realari, baina partida bakoitza mundu ezberdin bat da. Gainera, finala Granadan da, zelai neutro batean». Finalera iritsi izanak Realaren egitasmoari hauspoa emango diola esan du: «Aurrerapausoa da Realarentzat, apustu handia ari delako egiten emakumezkoen futbolaren alde, eta emaitzak hemen daude. Horrelako lorpenekin, kluba gustura egongo da egiten ari den apustuarekin, eta aurrera segitzeko indarra emango dio».

 

 

 

 

JUANJO ARREGI

Realeko entrenatzaile ohia

 

 

 

 

«Defentsan eta erasoan ona da Reala, eta horrek konfiantza ematen du»

Esperientzia laburra izan zuen Realeko entrenatzaile moduan aurreko denboraldian, hasi orduko bota baitzuten. Baina ondo ezagutzen ditu jokalariak, eta asko daki futbolaz Juanjo Arregik. Talaia horretatik begira jarri zaio finalari: «Faboritoa zein den badakigu, baina, partida bakarra izanik, edozer gerta daiteke. Gure jokalariak oso ondo daude, oso mentalizazio onarekin». Aurkariaz hau esan du: «Jokalari bikainak dauzka, eta zerbaitegatik irabazi du Liga berriz ere. Garbi dago hauei irabazteko dena ondo egin beharko dutela Realekoek, eta besteek ez dezatela asmatu». Defentsan eta erasoan ondo ari da Reala, eta horri heldu dio Arregik: «Zenbaki onak ditu bi arlo horietan, eta konfiantza ematen du horrek finalerako».

Aurrera begira, finalera heldu izana «aurrerapausotzat» jo du: «Taldearen jarraitzaile kopurua handitu egingo da lorpen honekin, eta hori bere horretan gauza handia da. Zabaldu egingo da taldearen jarraitzaile sarea Gipuzkoan, eta jende gehiago joaten hasiko da Zubietara, partidak ikustera».

 

 

 

 

ITZIAR GASTEARENA

Realeko jokalari ohia

 

 

 

 

«Jokalariek sinetsi egin behar dute ahal dela, eta gakoa izango da hori»

Taldeko kapitain izandakoa Eibarren ari da orain, eta, finalari begira jarrita, onartu du «zaila» izango dela: «Ligako txapelduna izango du aurrez aurre, eta horrek gauza asko esan nahi ditu». Hala ere, itxaropenari eusten dio: «Partida bakarra da, eta, partida luzatzen badu, hor ibil daiteke. Ondo egin beharko du defentsako lana horretarako, eta aurrean aukera etortzen zaionean, asmatu». Faboritoa Atletico Madril dela garbi dauka, baina Reala ez du hain azpitik ikusten: «Denboraldi ona ari da egiten taldea, eta konfiantza emango dio horrek. Sinetsi egin behar dute, eta gakoa izango da hori».

Aurreko igandeko partida beste kontu bat izan zela dio: «Realak ez zeukan gauza handirik jokoan, eta, gainera, ia ziurra zen Atleticok irabaziko zuela Liga. Kopako finala ezberdina da, saria baitago jokoan, eta horrek beste indar bat ematen du partidaren bila joateko».

Etorkizunean lorpen honek zer ekarriko duen azaldu du: «Segida izango du honek, ziur nago. Reala lan handia ari baita egiten emakumezkoen taldearekin. Ona izango da finala jokatzea, eta, itxura ona ematen badu, ateak irekiko dizkio Realari etorkizunerako».

Sufrimendutik gozamenera

Zalerik leialenak dira

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.