Sufrimendutik gozamenera

Gogotik sufritu zuen Realak Espainiako Kopako final-zortzirenetan Valentzia kanporatzeko. Final-laurdenetan eta finalerdietan, ordea, nagusitasunez gailendu zitzaien Rayo Vallecanori eta Sevillari, hurrenez hurren. Orain, goia jo nahi du, bihar finalean Atletico Madrili irabazita.

Julen Etxeberria.
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun

Realak aurreneko aldiz jokatuko du Espainiako Kopako finala, bihar, Granadako (Espainia) Los Carmenes estadioan, Atletico Madrilen aurka (20:30, ETB1). Duela bost hilabete eta erdi hasitako bidearen helmuga da Granada, azaro amaieran ekin baitzion talde txuri-urdinak Kopako ibiliari. Hiru talde utzi ditu bidean finalera iristeko: Valentzia, final-zortzirenetan; Rayo Vallecano, final-laurdenetan; eta Sevilla, finalerdietan. Goia jo nahi du orain, txapeldun bihurtuta.
 

VALENTZIA-REALA (1-2)

Luzapenean, aurrera

Valentzian (Herrialde Katalanak) hasi zuen Espaniako Kopako bidea Realak, Paternan, etxeko taldearen aurka. Kanporaketa parekatua espero zen, eta halaxe izan zen, luzapenean erabaki baitzen zein talde ariko zen final-laurdenetan.

Oso ondo hasi zen neurketa txuri-urdinentzat, Kiana Palaciosek gola sartu baitzuen hasi eta berehala, laugarren minutuan, buruz, korner batean. Realaren pozak, ordea, gutxi iraun zuen, zazpi minutu eskasera berdindu egin baitzuen Valentziak. Mari Pazek penaltia jaurti zuen, eta Mariasun Quiñonesek gelditu, baina baloia berriro joan zitzaion etxekoen aurrelariari, eta hark ez zuen bigarrengoan huts egin. Partida berriro hasi zen. Bi taldeek izan zituzten aukerak gola sartzeko, baina ez zuten asmatu; ez, behintzat, lehen 90 minutuetan. Horrela, luzapena jokatu behar izan zuten, eta, horretan, Nahikari Garciak gol ikusgarria eta erabakigarria sartu zuen 104. minutuan. Gonzalo Arkonadak entrenatutako taldeak Rayo Vallecano izan zuen aurkari final-laurdenetan. Espainiako taldeak kostata kanporatu zuen Sporting Huelva, penaltietan, arauzko denbora binakoarekin amaitu ondoren.
 

REALA-RAYO (4-0)

Nagusitasun osoz

Valentziaren aurkako kanporaketak izan zuen emozioaren eta parekotasunaren arrastorik ez zen izan Rayo Vallecanoren aurkako final-laurdenetako partidan. Zubietan jokatu zuen Realak, eta han, etxekoen babesean, erakustaldia eman zuten: 4-0.

Txuri-urdinei kostatu zitzaien aurkariaren atea zulatzea. Hainbat aukera argi izan zituzten, baina Jennifer Vreugdenhil bisitarien atezainak denak zapuztu zituen. 40. minutuan jaso zuten donostiarrek haien nagusitasunaren saria, Marta Cardonak gola sartu baitzuen. Hala, 1-0koarekin bukatu zen aurreneko zatia.

Ez zen golik izan bigarren zatiko lehen ordu laurdenean, baina hurrengo minutuetan gol festa izan zen. Realak hiru gol sartu zituen bost minutu eskasetan: Palaciosek sartu zuen lehena, 60. minutuan; Nahikarik bigarrena, hiru minutu geroago; eta Carla Bautistak hirugarrena, bi minutu geroago. Sobran zeuden azken 25 minutuak. Erabakita zegoen kanporaketa. Hala ere, jo eta ke jarraitu zuten txuri-urdinek, eta beste golen bat sartzeko aukeraren bat ere izan zuten.

Partida bukatu eta gutxira jakin zuten berria: Sevillaren aurka jokatuko zuten finalerdietan. Espainiako taldeak ezustekoa eman zuen Levante kanporatuta. Bana amaitu zen partida, eta penaltietan Sevilla nagusitu zen.
 

REALA-SEVILLA (3-1)

Festa Anoetan

Lehen aldiz, final baten atarian zen Reala. Aukera bikaina zen; are gehiago kanporaketa etxean jokatuko zuela kontuan hartuta. Hori ikusita, klubak erabaki zuen taldeak finalerdietako partida Anoetan jokatuko zuela. Bitan jokatutakoa zen han, biak Athleticen aurka, eta bietan jendetza bildu zen harmailan.

Eta jendetza bildu zen berriro Anoetan, ia 20.000 lagun. Horrek sekulako bultzada eman zien jokalariei. Hala, hasi eta berehala, lehen minutuan, Palaciosek gola sartu zuen. Ezin zen hobeto hasi lehia. Baina Sevilla ez zegoen horren goiz amore emateko prest. Hala, bi minutu eskas geroago, banakoa lortu zuen. Zorigaiztoko jokaldia izan zen, Maddi Torrek bere atean sartu baitzuen gola.

Sevillaren golak ez zituen urduri jarri etxekoak. Zaleen animoak lagun, jo eta ke jarraitu zuten. Ez zuten askorik behar izan ahalegin horren saria jasotzeko, 26. minutuan Marta Carrascok bere atean sartu baitzuen gola. Aurretik ziren txuri-urdinak, baina ezin ziren lasaitu. Beste gol bat behar zuten, eta gol hori 53. minutuan iritsi zen. Ane Etxezarretak sartu zuen. Kito. Erabakita zegoen partida. Reala finalean ariko zen lehen aldiz. Partida amaieran, sekulako festa izan zen Anoetan.

Lehia hasi aurretik bazekiten sailkatuz gero Atletico Madril izango zutela aurkari, Espainiako taldeak 2-0 hartu baitzuen mendean Bartzelona.

Zalerik leialenak dira

Ohien itxaropena

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.