Zalerik leialenak dira

Bixente Iparragirre eta Mari Jose Argandoña Iraia Iparragirreren gurasoak dira; Xabin Eizagirre, berriz, Nerea Eizagirreren aita. Alabak futbolean hasi zirenetik, haien alboan izan dira, eta bihar Granadan izango dira haiei hauspoa ematen.

ainara arratibel gascon
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun

Granadako Los Carmenes futbol zelaiko harmailetan izango dira bihar Xabin Eizagirre, Mari Jose Argandoña eta Bixente Iparragirre. Gozatu eta sufritu egingo dute, realzale moduan, baina batez ere guraso diren aldetik. Izan ere, Iparragirre eta Argandoña Iraia Iparragirre jokalariaren gurasoak dira, eta Eizagirre, Nerea Eizagirreren aita. Alabek bezala «itxaropenez» bizi dute biharko eguna, eta argi dute. «Galdu edo irabazi, ederki ospatuko dugu, egin dutena balentria handia baita».

Atzotik Granadan dira Iparragirre eta Argandoña: «Astelehen arte geratu gara, hura ezagutu eta egun hauetan disfrutatzeko», azaldu du Argandoñak. Eizagirre bihar iritsiko da hara, eta hark ere astelehen arte luzatuko du egonaldia: «Hiru egunak ahalik eta gehien disfrutatuko ditugu».

Arganadoñak onartu du alaba «ilusioz eta zertxobait urduri» antzeman duela azken egunetan. «Normala da. Haren kezka edo zalantza beti izaten da hasierako hamaikakoan aterako den edo ez. Baina garrantzitsuena da arreta osoa finalean duela, eta talde gisa garbi dutela zer egin egin behar duten». Sevillaren aurkako finalerdia ezin izan zuen jokatu, etxean izandako istripu inozo baten erruz, eta Iparragirrek azaldu du «irrikaz» dagoela halako neurketa bat jokatzeko. «Aulkian geratzen bada, hala ere, dena emango du. Gertatu izan zaio partida ez jokatu, eta etxera ahotsik gabe bueltatzea, taldekideak animatzeagatik».

Eizagirreri ere «arantza txiki bat» geratu zitzaion Sevillaren aurkako finalerdian, ez baitzen hasierako hamaikakoan atera. «Kolpea izan zen beretzat; min eman zion. Zelaira iritsi zenean antzeman nion amorratuta zegoela, eta berehala mezu bat bidali zidan esanez ez zuela jokatzen. Hamaikakoaren berri jakin bezain laster, beti egiten du». Finala bat jokatzeak eragiten duen «zirrararekin» ikusi du: «Baina partida hastean hori guztia alde batera uzten du. Izan ere, pixkanaka ohitzen ari da halako partidak jokatzera. Iazko udan, adibidez, Europako txapeldun izan zen. Gaztea izan arren, badu eskarmentu apur bat».

Alabak lasaitzen ahalegindu dira batez ere egun hauetan. «Askotan, hitzak baino keinuak izaten dira lagungarriagoak. Normala da barruan duen emozio hori gurekin kanporatu nahi izatea. Guk beti esaten diogu baikor izateko», dio Argandoñak. Eizagirreren kasuan, lortu dutenaren garrantzia ikusarazten ahalegindu da. «Disfrutatu egin behar dute».

Atletico Madril talde «oso indartsua» dela onartu arren, baikor dira hirurak. «Realak oso talde batua dauka, eta denboraldi osoan erakutsi du. Horri eusten badio, irabazteko aukera izan dezake, nahiz eta Atletico Madrilek buruz buruko jokaldietan oso jokalari onak izan. Gonzalok [Arkonada entrenatzailea], gainera, oso ondo prestatzen ditu partidak, eskarmentu handia dauka, eta gaitasuna da neurketetan ere eskema aldatzeko. Alde horretatik badut itxaropena, finaletan hori ere garrantzitsua izaten baita».

Uste bera dute Iparragirrek eta Argandoñak. «Datuak ikusita, Atletico Madril faborito argia da. Baina final batean edozer gerta daiteke. Zaila da irabaztea, baina ez ezinezkoa. Ea beraiek ligarekin konformatzen diren».

Iritsi zenetik Gonzalo Arkonadak egiten ari den lana goraipatu dute hirurek. «Oso profesionala da, eta jokalari bakoitzarengandik onena ateratzen duena», dio Argandoñak. Eizagirrek azaldu du bere alabari asko eskatzen diola. «Beharbada gazteena delako izango da. Bera oso gustura dago, eta asko ikasten. Bai Gonzalo, baita bera ere nortasun handiko pertsonak dira, eta elkar ondo ulertzen dute». Taldea egiten ari den denboraldi onaren gakoa hor dagoela uste dute: «Hasieratik oso txukun aritu dira, ziurtasun handia erakutsiz», dio Eizagirrek, eta ondorengoa gaineratu du Iparragirrek. «Teknikoki eta taktikoki urrats bat egin dute».

Pauso hori ematea «erabakigarria» iruditu zaio Iparragirreri. «Parekotasuna eta lehiakortasuna gero eta handiagoa da ligan, eta emakumeen futbola gora ari da». Horri ere erreparatu diote. «Iraia hasi zenetik asko aldatu da, bai kirol mailan, baita hortik kanpo ere: jarraipena, ikusgarritasuna...», berretsi du Argandoñak. Hori hala izanda ere, nabarmendu dute jokalarien egunerokoa ez dela aldatu. «Niretzat, harrigarriena da jendeak kaletik ezagutu egiten duela alaba. Aurrekoan, esaterako, jatetxe batera joan ginen, eta zerbitzarietako batek sinadura eta argazkia eskatu zituen. Natural hartzen du berak hori, eta hori da inportanteena», azaldu du Eizagirrek.

Gainontzean, berdin jarraitzen dutela dio Iparragirrek. «Lagunak, ingurua, ikasketak... ez ditu aldatu. Guk beti esan diogu garrantzitsuena hori dela. Futbolak beti izaten baitu amaiera bat, eta gero datorrenerako prestatuta egon behar du. Oinak lurrean izan behar ditu».

Etorkizun horretarako «funtsezkoak» dira ikasketa, eta, hain zuzen ere, onartu dute alabei «gogorra» egiten zaiela kirola eta ikasketak uztartzea. «Tratu handia hartzen dute, asteburuetan beti kanpoan daudelako, eta astean entrenamenduak ikasketekin uztartu behar dituztelako», esan du Argandoñak. «Korapilatsuagoa» da Eizagirreren egoera. «Duela gutxi, adibidez, Espainiako selekzioarekin hamar egun igaro zituen, eta ondoren atzeratutako lanak egin behar izan zituen. Hor urduri jartzen da, dena egokitu behar izaten baitu. Azterketa garaia ere oso gogorra izaten da». Egun luzea izaten da alabarena. «Arratsaldetan entrenatzen dutenean, adibidez, lauak baino lehenago Zubietan dago, eta askotan ez da 20:30 arte itzultzen. Izan ere, lan saioaren ostean beti izaten dute beste egitekoren bat: errekuperazioa, hitzaldiren bat, elkarrizketaren bat... Etorri, afaldu eta unibertsitateko lanak egiten jartzen da. Beraz, ohera joateko gauerdia pasatxo izaten da, eta hala izaten da egun askotan zehar».

Jokalariek beren egunerokoari eusteko Realak egin duen lana eskertu du Eizagirrek. «Horrek Nereari oinak lurrean izaten laguntzen dio». Gauzak zertxobait aldatzen dira Espainiako selekzioarekin joaten denean. «Han Atletico Madril edo Bartzelonako jokalariekin elkartzen da, eta itzultzean ahizpak eta nik beti gogorarazten diogu nor den, eta bere lekuan jartzen dugu».

Une gozoak bizi dituzte orain bi jokalariek, baina izan dute gazitik ere. Iraiak, esaterako, bi lesio larri izan zituen. Gurasoentzat gogorra izan zen. «Berak ahalik eta azkarren itzuli nahi zuen, eta guk esaten genion garrantzitsuena ondo osatzea zela, eta epe luzera hura ikasgai bat izango zela», gogorarazi du Iparragirrek. Lehen lesioa, gainera, Realak fitxatu eta gutxira izan zuen. «Itzuli zenean, gainera, entrenatzaileak ez zizkion aukera asko eman, eta horrek bere buruan zalantzak sortu zizkion. Baina baikorra da eta borrokalaria da».

Txikitatik kirolari

Bi urte eman zituen ia jokatu gabe. Baina ez zion Realarekin jokatzearen ametsari uko egin nahi, txikitatik gustuko baitzuen futbola: «Umeen aulkiarekin kalera atera, eta bertan panpina bat eraman beharrean baloia eramaten zuen», gogorarazi du Argandoñak. Pilota eskolan aritu arren, Ostadarren hasi zen futbolean jokatzen, eta Iparragirrek oso gogoan du kadeteetan gertatutakoa. «Taldea osatzeko estu zebiltzan, eta apustua egin zuen bost lagunekin. Berak bakarrik besteen aurka jokatuko zuen, eta irabazten zuenak erabakiko zuen taldearekin jarraitu edo ez. Irabazi egin zuen, eta taldeak jarraitu egin zuen».Gero Añorgara joan zen, eta futbola uztekotan zela jaso zuen Realaren eskaintza. «Zalantzak izan zituen, baina guk esan genion probatzeko sasoi bat, eta lau denboraldi daramatza jada. Oso harro gaude».

Antzera hasi zen Eizagirre. «Kirol guztiak zituen gustuko: pilota, igeriketa, futbola... Astero zapatilla batzuk apurtzen zituen. Mikel Aranburu iloba dut, eta harekin ere aritzen zen, tarteka». Familia bazkarietan maiz elkartzen dira. «Beti esaten dio lan egiteko, eta umila izateko».

Sufrimendutik gozamenera

Ohien itxaropena

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.