Inbestidura saioak. Nafarroako Gobernua

Eskaintzak eta eskariak PSNri

Mendiak «beharrezkotzat» jo du Txibite Nafarroako lehendakari izatea. Indar «aurrerakoien» eta eskuinaren artean hautatzeko eskatu dio Belarrak PSNri; Esparzak, EH Bilduren mende ez egoteko

jon olano
2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Astebete eskas falta da datorren asteazkenean Nafarroako Parlamentua osatzeko eta legebiltzarreko presidentea aukeratzeko bilkura egiteko, eta parlamentu horretan kolore bateko edo besteko gehiengoak osatze aldera, beren burua kokatzen eta beste indarrei presio egiten ari dira alderdi politikoak egunotan. Nagusiki, PSN dago presio horien erdigunean, harena baita Maria Txibite gobernuko presidentetzara aurkezteko edo Nafarroako Gobernuaren lehendakaritza Navarra Sumari uzteko erabakia. Atzo, aurrerapausoa ematearen aldeko mezuak jaso zituen Txibitek alderdikide eta balizko aliatuen aldetik.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia izan zen Txibite lehendakaritzara aurkeztearen alde mintzatu zirenetako bat. Uste du «beharrezkoa» dela Txibitek Nafarroan gobernatzea herrialdea «dagokion lekuan» jartzeko eta «elkarbizitza eraikitzeko». PSN «alternatiba» da Nafarroan, Mendiaren iritziz: «Asko poztuko naiz berarengatik, alderdiarengatik eta nafarrengatik». Are, uste du ez litzatekeela «ulergarria» Nafarroa «UPNren esku itzultzea».

Ahal Dugu izan daiteke PSNren aliatuetako bat Txibite lehendakaritzara heltzeko, baina, horretarako, bere posizioa «argitzeko» eskatu dio Jone Belarra Podemoseko bozeramaile albokoak; erabakitzeko esan dio: eskuina «babestea» edo gobernu «aurrerakoi» bat osatzea. Onda Cero irratian eginiko elkarrizketa batean, Belarrak esan du «baikorra» dela PSOEk PSNri babesa eman izana gobernua osatzen saia dadin, baina hautu hori egiteko eskatu dio Txibiteri: «Orain arte ez du hala egin; laukoa egon denean, beti bozkatu du eskuinarekin». Orain bestelako akordio batzuk osatu nahi baditu, bide hori hartuko duenaren «egiazko» frogak emateko eskatu dio: «Nafarroan, izan ditugu PSNk eskuinarekin ados jarri izanaren esperientziak; koalizio handia errealitate bat izan da».

Beste aliatu batzuk ere beharko ditu PSNk; Txibitek Geroa Bairekin eta Ezkerrarekin ados jarri nahi du, gehiengo absolutua ez izan arren, 23 parlamentari izateko. EH Bildu gakoa litzateke orduan; hura abstenituz gero, Txibite litzateke lehendakari. Sozialistek, ordea, ez dute indar subiranistarekin eseri ere egin nahi. Horregatik, PSNrekin kritiko azaldu zen atzo Oskar Matute EH Bilduko diputatua. Indar subiranistaren aurka «lerro gorri bat» jarri izana eta «eskuineko politiken aliatu fidela» izatea egotzi zion PSNri, «UPNren erregimenari eutsita». Hortaz, galdegin zion «ezkerrera» begiratu dezala, «uler dezan zein den Nafarroaren aniztasuna eta errealitatea».

Geroa Bairen zalantzak

PSNk tokiko erakundeetan izan ditzakeen asmoekin ere zalantzati agertu da Geroa Bai. Etziko bilkuretan osatuko dituzte udalak eta aukeratuko alkateak, eta Geroa Baik ohartarazi du PSNk Navarra Sumaren esku utz ditzakeela bestelako gehiengoak osatu ditzaketen hainbat udal gobernu. Izan ere, hainbat herritan PSN «talde kontserbadoreetara gerturatzen» ari da azken egunetan, eta adibide gisara aipatu du Caparroso; herri horretan, sozialistek jada egin dute itun bat PPrekin alkate izan zen Aquilino Jimenezen herri plataformarekin (CPF). Geroa Bai prest agertu da udaletan «indar handiena duten talde progresistak babesteko», baina salatu du ez dutela «posizio bera» topatu PSNren aldetik. Besteak beste, Geroa Baik aliantzak proposatu dizkie sozialistei Vianan, Ribaforadan, Eguesen eta Zizurren, baina oraingoz ez dute erantzunik jaso.

Navarra Suma, berriz, beste muturretik ari zaie tiraka PSNri eta PSOEri. Javier Esparza Navarra Sumako lehendakarigaia «harrituta» agertu da PSOEk «ahalbidetuko» duelako «ETAko hiltzaileen lagunek» erabakitzea zein izango den Iruñeko alkatea eta Nafarroako Gobernuko presidentea: «[EH] Bilduren abstentzioa ez da doan izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.