Koma erdien artisau

Denise Levertovek poesiari buruzko ideia iraultzaileengatik erdietsi zuen sona batik bat. Poesia soziala eta politikoa egin zuen. Mende laurden da zendu zela.

Denise Levertov, artxiboko irudi batean. ELSA DORFMAN.
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Burura datozkidan ideia lausoak hitz eta erritmo bihurtzen diren arte, ez dut deus egiten. Presatzen banaiz, intuizioari aurrea hartzen badiot, seguruena da poema osorik izorratzea. Jakin behar da noiz hasi poema idazten». Ideiak beratzen utzi beharra dagoela defendatzen zuen Denise Levertov idazleak. Itxaronaldietan ere bada poesiarik, haren ustez; hutsarteetan adina, puntuazioan bezainbat. Ausart eta kritiko, Levertovek han eta hemen utzi zituen idazketari buruzko gogoeta mamitsuak. Conversations with Denise Levertov liburuan emanek, adibidez, zinez ematen dute haren literaturaren nondik norakoen berri. 25 urte dira hil zela.

Ilforden jaio zen, Ingalaterran, 1923an. Jatorriz alemana zuen aita, eta ama, galestarra. Etxean jaso zuen hezkuntza, eta txikitatik utzi zuen agerian idazketarako grina. Esaterako, 5 urte zituenerako iragarria zuen inoiz idazle izanen zela, eta, 12 urte zituela, olerki batzuk bidali zizkion, postaz, Thomas Stearns Eliot poetari. Hark laudorioz betetako gutun batez erantzun zion neskatoari. Artean adingabe zelarik argitaratu zuen lehenbiziko olerkia Levertovek, 1940an, Poetry Quarterly aldizkarian.

Bigarren Mundu Gerran, erizain aritu zen Londresen, bonbardaketa aldietan, eta orduan idatzi zuen bere lehenbiziko bilduma: The Double Image (1946). Olerkietan agerikoa da autoreak munduaren inguruan sentitzen dituen desilusioa eta atsekabea, bai eta heriotzarekin egiten duen maite jolasa ere. Ordea, gerraren itzalak lauso baizik ez dira azaltzen, eta apenas adierazten duen ideia politikorik. Lan horren ondotik, idazleak guztiz irauli zuen bere estiloa.

Gezurrik gabeko literatura

Mitchell Goodman idazle estatubatuarrarekin ezkondu zen 1947an, eta New Yorkera aldatu ziren laster. Bertan, beste hainbat poetarekin izan zen harremanetan, eta Black Mountain Poets taldeko kide izan zen urteetan. Nabarmen itxuraldatu zuen bere poesia: konpromiso politikoa zalantzaezina zen ordurako. Adibidez, gerora, olerkietan hainbatetan izan zuen hizpide Vietnamgo gerra, eta The Nation aldizkariko editore izan zen aldian maiz egiten zuen ahalegina lan ezkertiarrei eta feministei txokoa egiteko.

Aldarrikatzen zuen poemek errealitateari egin behar diotela so, eta zehaztu zuen poeta batek ez duela aurretiaz erabaki behar zeri buruz nahi duen idatzi. «Esku ahurraren azpian dagoenari buruz idatzi behar da. Ez dut sinisten artifizialtasunean. Poema batek premia batetik ernatu behar du, zerbait esan nahi duzulako egin behar duzu olerki bat. Erreala izan behar da». Levertoven iritziz, poema batek idazten duenaren sakon-sakonetik behar du jaio. Ezinbestekoa da «inteligentea» izatea, baina idazketa ezin da mugatu adimenera. Intuizioa eta barrena erabili ezean poema ez baita «biziko»: «Hilik jaiotako nini bat lortzen da hala».

Idazleek arduratsu jokatu behar dutela nabarmentzen zuen Levertovek. Eta, zioenez, ardura hori ez da soilik edukiari lotua: tematurik zegoen gramatika eraginkorra erabili beharrarekin. «Poemak idazteko dohaina opari bat da. Ardura bat; ez zeure buruarenganakoa, ezta zure ibilbidearekikoa ere, baizik poesiarekikoa. Horregatik sinisten dut haren gaineko artisautzan, eta sinetsia nago detaile bakoitza, koma bakoitza, puntu eta koma bakoitza dela inportantea, pisatu beharrekoa».

Hala eta guztiz ere, Levertovek poesiaren baliabide bati erreparatu zion batik bat: bertsoen mozketari. Claims for Poetry lanean jaso zituen horren gaineko azalpenak (1982): «Erreminta bakar batek ere ezin du erdietsi bertso mozketa egoki batek bezain efektu sotil eta zehatzik», adibidez. Ausart, kritikatzen zuen askok ez zekitela hori: «Metrikarik gabeko forma garaikideetan idazten duten poeta entzutetsuenek apenas duten bertsoaren gaineko ideiarik, eta nahasi egiten dute». Hark aise hartu zion neurria: «Mozketa bat koma erdi bat da».

Lezioak ere utzita

Levertovenak ez ziren aurpegiratze soilak, eta ariketak proposatzen zituen esandakoak argudiatzeko: «Hartu idatzitako olerkia, eta prosa bihurtu. Ondotik, bilakatu berriz poema, baina egin mozketa esaldiaren beste parte batean. Irakurri, eta, orain, atera ondorioak». Partiturekin alderatzen zituen olerkien egiturak.

Hogeitik gora poesia liburuki argitaratu zituen, bai eta zenbait saiakera eta itzulpen lan ere. Sands of the Well da bizirik zen artean argitaratutako azken lana; 1996an kaleratu zuen. Handik urtebetera hil zen idazlea, 1997an,linfoma batek joxta. Zendu ondotik, haren lanekin ondutako bi olerki bilduma ere eman dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.