Euskal presoak. Egoeraren mapa

Tantaka ari du aldaketaren euria

Euskal preso anitz mugitu zituzten iaz: Euskal Herrira, 70; ingurura, 79. Gradu aldaketak, berriz, mantso doaz

maddi ane txoperena iribarren
2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Tantaz tantakoak izan dira mugimenduak, baina hamaika tantak urez bete dezakete edalontzia, eta euskal presoen egoera blaitu. Basoa erdi betea ala erdi hutsa dagoen, nondik begiratzen den. Datuek honako hau diote: 2021ean 79 euskal preso hurbildu zituzten Euskal Herri inguruko kartzeletara, eta 70 Euskal Herriratu zituzten. Azken urteetako argazkiari begiratuta, badago aldea: 2020ko urtarrilean bost euskal preso baino ez zeuden Euskal Herriko kartzeletan, eta 2021eko urtarrilean, 23. Orain, 79 dira, eta laster bertze zortzi ekarriko dituzte: euskal presoen %40 daude Euskal Herrian. Gehienak Espainiako espetxeetan daude, halere: 96; hots, euskal presoen %49. Eta 22, berriz, Frantziakoetan (%11).

Ikusi gehiagoPresoen urruntzearen bilakaera datuetan

Urruneneko kartzela ia gehienetan ez dago jada euskal presorik. Oraindik ere emakumeak daude Reaun (Frantzia), Roazhonen eta Naoneden (Bretainia), baina salbuespena dira: iaz bukatu ziren Andaluziako, Herrialde Katalanetako eta Galiziarako senideen bidaiak. Frantziako preso gehienak Lannemezanen eta Mont-de-Marsanen daude, eta Espainiako ia gehienak, Madrildik goitiko espetxeetan. Zazpi euskal preso daude oraindik ere Madril inguruko kartzeletan, eta gainerako guziak Euskal Herrian edo inguruko espetxeetan daude.

Auzitegi Nazionala, traba

Gradu aldaketak, ordea, mantso doaz. Espainian dauden 156 euskal preso daude bigarren graduan, eta bederatzi baino ez hirugarrenean. Zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenak, alta, 52 dira: baldintzapean aske izateko aukera dute. Eskaera gehienak Espainiako Auzitegi Nazionalean trabatuta daude.

Salbuespenezko legedia pairatzen dutenak ere anitz dira. 50 euskal presori baino gehiagori ez diete kontuan hartzen Frantzian betetako zigorra, eta 60 preso 7/2003 legearen arabera zigortuak daude. Frantzian, berriz, 30 urtetik goiti daramatzate preso Jakes Esnalek eta Ion Parotek: baldintzapeko askatasuna lortzeko zailtasunak etengabeak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.