21. Korrika. Garralda-Orreaga

Aldaketarako urratsak

Euskarari lege babesa emateko eskariek blaitu dute Iruñea Korrikaren bueltan. Hurrengo legealdia euskararentzat «benetako aldaketa» izateko eskatu dute

Euskararen legea aldatzeko eskatu zuten. I. Z. / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
Iruñea
2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Aldaketaren ikur izan zen aurreko Korrika, Iruñean amaitu zena. Aurreko urteetako zangotrabak eta ikusiezinak gaindituta, gobernuaren eta udalaren babesa izan zuen lasterketak. Nafarroako hiriburura bueltatu zen atzo Korrika, hiru egun herrialde horretan egin eta gero. Aldaketa erakutsi zuen ibilbideak, erakunde eta eragile ugarik babestu baitzuten lekukoa. Baina, keinuetatik harago, benetako Klika egiteko eskatu zieten talde politikoei. Garesen hasierako kilometroan egin bezala, euskararentzat lege babesa aldarrikatu zuten korrikalariek; askok, gainera, afixak eraman zituzten eskuan, euskara herrialde osoan ofiziala izatea eskatzeko. Amaitzear da aldaketaren legealdia; hurrengorako gaia izango da ofizialtasuna. Klika egiteko arloa.

Lehen hiru egunak Nafarroan egin ditu 21. Korrikak. Ostegunean Garestik abiatu zen, eta ostirala Erribera aldean egin zuen. Hiriburura iritsi zen atzo bazkalondoan. Hiru egun Nafarroan, eta kilometro gutxi egin ditu euskara ofiziala den eremuan: Pirinio aldeko herri batzuk igaro zituen atzo goizaldean —Abaurregaina, Garralda...—, eremu euskaldunean daudenak, baina bestela, eremu mistoan eta ez-euskaldunean ibili da.

Korrikaren hasierako kilometroak izan ziren eskubide muga horren erakusle. «Garesen hasi ginen, euskaldunon eskubideak bermatzen ez diren leku batean. Eta berehala, lau kilometrora, Mañerura joan ginen, eremu diskriminatura, non eskubideak are gutxiago bermatzen diren». Zonifikazioaren zentzugabea salatu du Nafarroako AEK-ko ordezkari Xabi Gartziak: «lotsagarritzat» jo du legeak banaketa hori ezartzea.

Goizean Agoitz inguruan ibili zen Korrika. Larunbat goizean, herriko jende andana batekin batera, bisitari ugari bildu ziren lasterketara, batik bat gazte kuadrillak eta ume-gurasoak. Errepide bazter asko bete zituzten ibilgailuz, txirrindulari lasterketa baten eran. Bizikletazalea ere ugari zen.

Laukoa, elkarrekin

Iruñera gerturatu ahala, gero eta jendetza handiagoak. Eguraldiak orduantxe egin zuen okerrera, eta txingor ale batzuk ere egin zituen. Erdialdera iristerako atertu zuen, eta alde zaharreko buelta eguzki printza batzuekin egin zuten. Berealdiko jendetza bildu zuen Korrikak, eta jai giro handian, larunbat arratsaldea izanik: txarangak, peñetako arduradunak, migratzaileen eskubideen aldeko taldeak... Kolorea eta soinua izan ziren.

Alde zaharreko jendetzaren artean hartu zuten lekukoa, esaterako, udaleko ordezkariek, Joseba Asiron alkatea buru zela. Aurretik eraman zuten testigua Nafarroako Parlamentuko ordezkariek, aldaketa babestu zuten taldeetako arduradunek. Tartean ziren, adibidez, Unai Uhalde (Geroa Bai), Adolfo Araiz (EH Bildu), Laura Perez (Orain Bai) eta Marisa de Simon (Ezkerra). Eskuz esku eman zioten lekukoa elkarri, Sarasate pasealekua zeharkatzen zutela.

Irribarretsu egin zuten bidea. Ez dute, hala ere, Euskararen Legea aldatzeko modurik egin legealdi honetan. «Hala nahi genuen, eta saiatu gara», adierazi du Araizek lekukoa hartu aurretik. «Badugu itxaropena legea aldatzeko, baina gehiengoa behar da». Ezkerra izan da horretarako eragozpen nagusia, legea aldatzeari ezetz esan diona eta beste neurri batzuk trabatu dituena —zerrenda bakarra, adibidez—. Korrikako lekukoa hartu zuen atzo De Simon parlamentariak. Ofizialtasunaz zer asmo? «Horretan ari gara», erantzun du. «Posible da». Bi baldintza jarri ditu, eta ezinbesteko jo du biak uztartzea: «Eskubideak eta boluntariotasuna». Datorren legealdiko lana izango da, aldaketak gehiengoa badu. Uhalde posibilista da: «Ofizialtasuna litzateke onena, baina pausoak eman daitezke bestela ere».

Pauso motzak dira, ordea, horiek. Hala ohartarazi du Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik. «Urratsak egin dira: instituzioetan presentzia eman zaio euskarari, plan bat egin da, D eredua zabaldu da... Partida jokatzen hasi da; jokaldi batzuk egin ditu gobernuak, baina joko zelaia ez dago prestatuta: eskubide berdinak izatea herritar guztiek, eta ofizialtasuna lortzea».

Maiatzari begira

Garai berezian iritsi da Korrika, udal eta foru hauteskundeetarako hilabete eta erdi falta dela. Aldaketan urrats gehiago egiteko nahia agerikoa izan da Korrikan. «Euskaldunok jarraituko dugu aldaketa bultzatzen. Denok bultzatutako aldaketa izango da, eta guztiok berdintasunean bizitzea izango da helburua: euskaldunak lehen mailako herritarrak izatea, gainerakoak bezala», adierazi du Gartziak. Eta gehiengorik ezean? Kementsu da Petriati: «Euskalgintzak lan egiten du baldintza makurrenak izanda ere. Atzerapausoen proposamenak etortzen badira, eutsi egingo dio; urratsak egiteko aukera badago, bultzatu». Gogoratu du euskararentzat «oso garai ilunak» izan direla, baina bidea egin duela. «Herritarren sostenguarekin iritsi gara honaino».

Laugarren eguna gaur, euskara ofiziala ez den eremuan ibiliko da Korrika oraindik. Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi ditu igarotzekoak; arratsaldean, esaterako, Baionan izango da. Ofizialtasuna aldarri dutela, aldaketarako urratsak egingo dituzte gaur ere.

KORRIKARI BURUZKO WEBGUNE BEREZIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.