Kataluniako oihartzunak

Bi herriak logika desberdinetan egonagatik ere Kataluniako bozek euskal politikaren agendan eragina izan dezaketela ondorioztatu dute BERRIAk kontsultatutako politologoek

Arnaldo Otegi eta Oriol Junqueras, ERCren hauteskunde kanpainako ekitaldi batean. DAVID BORRAT /, EFE.
jon olano
2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Bihar zortzi Katalunian parlamenturako hauteskundeak egin zituztenetik, eta, azken urteetako prozesu subiranistaren ondorioz, Kataluniako mugak gainditzen ditu hango testuinguru politikoak. Hauteskunde gauari aparteko interesez erreparatu zitzaion Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko hedabideetan, eta euskal alderdiek ere beren interpretazio politikoak plazaratu zituzten igandean eta astelehenean, Kataluniako auziak euskal testuinguruan duen edo izan dezakeen eraginaren adierazle.

Zehazki, zenbateraino irits daitezke Kataluniako uhinak euskal politikara? Izan dezake eraginik? Lehenik, Kataluniako emaitzek utzitako jokaleku politikoari erreparatu dio Eva Silvan politologoak: uste du ERCk gobernatuko duela, eta bi mezu ezarri dituela marko gisa: presoen amnistia eta erreferenduma edo katalanek erabaki ahal izateko akordio bat: «Marko bizkorra iruditzen zait, hori delako Katalunian aukera nagusia». Horrez gain, ordea, uste du garrantzitsua dela, egungo jokalekuan, ezkerreko alderdien aliantza posibleari kasu egitea: ERC, CUP eta En Comu. «Krisi ekonomiko eta sozial oso sakon batean gaude. Desberdintasuna, pobrezia tasak, zaintzen krisia... Gai batzuk oso presente zeuden agendan pandemiaren aurretik, baina izurriak azkartu egin ditu. Mezu horiek agenda publikoaren erdigunean daude, eta oso ongi lotzen dira ezkerreko blokearen agenda politikoarekin».

Bi ardatz, beraz: ezkerra eta auzi nazionala, presoak barne. Abiapuntu horretatik, Silvanek uste du euskal klase politikoak «distantziatik» begiratu diela Kataluniako hauteskundeei: «Ez dira inplikatu oso modu aktiboan, Arnaldo Otegiren salbuespenarekin. Segur aski, EH Bilduk dauka interpretaziorik errazena, bere interesekiko aldekoagoa. EH Bilduk ERC eta CUPen artean nabigatzen du, eta ERCk egin nahi duen erabakitzeko eskubidearen eta elkarrizketaren bidea oso ongi lotzen da EH Bilduren interes eta borondatearekin».

Euskal subiranisten eta independentisten begietara gertatu dena «pozgarria» dela uste du, berriz, Jule Goikoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko Politika Zientzietako irakasleak, «burujabetzaren arazoa erdi-erdian dagoelako». Alde batetik, independentismoak bere indarrari eutsi diolako: «Badago egiturazko haserre bat, ez dirudiena konponduko denik, batez ere azken urteotan Espainiak eraman duen politikari eutsita. Ez dut uste, ardatz katalanarekiko, PSOErekin aldaketa handirik izan denik». Haatik, Goikoetxearen iritziz, horrek esan nahi du Espainian dauden nazioetako herritarrek «arazo handi bat» dutela: «Kataluniarekin argi geratzen da ez dela posible izango era legal eta zibilizatu batean independentzia erreferendum bat egitea. Alde batetik, [emaitza] pozgarria da subiranistentzat, baina bestetik, ez; izan ere, nahiz eta populazioaren gehiengoa ados egon proiektu batekin, ez da bideragarria, eta, beraz, horrek esan nahi du Espainia antidemokratikoa dela dimentsio horretan».

Bestelako interpretazio bati egiten dute EAJri dagokionez; Goikoetxeak uste du «oso emaitza txarrak» direla jeltzaleentzat, PDeCATek ez duelako batere ordezkaririk lortu eta «ikusten duelako independentziaren aukera ez dela konponduko, eta, beraz, han konpontzen ez bada, hemen ere behin eta berriro azaleratu daitekeela». Silvanen arabera ere, «indefinizio» egoera handiago batean geratu da EAJ: «Convergenciaren metamorfosiak, gerora Juntsen eta PDeCATen zatiketan gauzatu denak, Junts uzten du aukera nagusi gisa. Baina Junts kolektibo eta pertsona ugariren nahasketa bat da, antz handiagoa duena gizarte mugimendu batena ohiko alderdi batena baino». Horregatik, uste du EAJren «aliatu naturala» PDeCAT litzatekeela: «Eskuin klasikoko alderdi bat, neoliberala, kontserbadorea, nazionalista, independentista baina kalea erabili gabe, legalitateari men eginez... Hori da EAJk bere marko gisa aitortzen duena».

Elkarrizketa mahaia

Alderdiez harago, ordea, ikusteko dago burujabetzaren auziak zer norabide hartzen duen Katalunian, Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa mahaia zertan mamitzen den eta testuinguru horretan zabal daitekeen jokalekuak zer abagune eskaintzen dituen euskal autogobernua eguneratzeko. Euskal eta kataluniar «agendak sintonizatzean» dago gakoa, Mario Zubiaga EHUko irakaslearen arabera: «Hango agenda arautu gabea bada, desobedientzia instituzionalaren logika bada, gurekin sintonia eta sinkronia oso zaila da, gu ez gaudelako momentu honetan logika horretan». Orain, PSCren eta ERCren nagusitzearekin, uste du «lehen pausoa» eman dela elkarrizketa edo negoziazio agendarako bidean: «Alde horretatik, marko orokorra gurea da; marko orokor hori sintonian egon daiteke».

Zertan gauzatuko da logika hori Euskal Herrian? Zubiaga: «Gurean, hori teknikoki bideratuko da, estatutu baten erreforma baten bitartez; akordio bat beharko da hemen, eta beste akordio bat Madrilen». Katalunian, aldiz, «formula juridikoa, modu batera edo bestera, izan beharko da estatutuaren erreforma. Estatuak ez du onartuko erreferendum adostu bat, eta ikusi beharko da zein den bi aldeetatik onartu daitekeen formula». Zubiagaren iritziz, «onargarritzat» jo daitekeena da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan onargarritzat jotzen ari dena: «Estatutuaren erreforma bat erabakitzeko eskubidea eta hori gauzatzeko modu material bideragarri bat jasotzen dituena».

Estatutuaren erreformaren eta erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida hori «desagertuta» nabari du Silvanek Euskal Herrian, baina uste du Kataluniako prozesuaren norabideak eragin zuzena izan dezakeelaEuskal Autonomia Erkidegoko estatutu berriaren azken emaitzan: «Lurralde gatazka zabalik dago; besterik da Euskadin hori kezka bat den gizartearentzat. Baina Katalunian gertatzen denak ez duela Euskadin eragingo ez da egia: gauza bat da herritarrek ez bultzatzea norabide horretan, baina beste kontu bat da alderdiek interesik ez izatea». Izan ere, subiranotasunaren aktibazioan EH Bilduk duen rolari erreparatu dio: «Uztailean emaitzak hobetu zituen alderdia izan zen; segur aski hura da boto fidelizatuena daukan indarra; irabazi ez zuen lekuetan bigarrena geratu zen… Beraz, Katalunian gertatzen dena baliatzen saiatuko da EH Bildu,bere hautesleek hala eskatzen diotelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.