EIk Kurdistanen egindako zauriak

Joan den martxoan, SDF Siriako Indar Demokratikoek EI garaitu zuten Baghuzen, kalifa herriaren azken gotorlekuan. Zabaltzen ari zenean, duela bost urte, genozidio bat gertatu zen Sinjarren, gutxiengo yezidiaren kontra. Milaka pertsona hil zituzten, eta milaka izan ziren ihes egin zutenak. Gutxi dira etxera itzuli eta beren istorioa kontatzera ausartzen direnak.
Xarihan, Xelef bere aitarekin batera, bere ama agertzen den argazki bat eskuetan duela. «Gidariak, autoa gelditu, eta tiro egin zion gure amari; autotik atera zuen, zakarki, eta errematatu».
Xarihan, Xelef bere aitarekin batera, bere ama agertzen den argazki bat eskuetan duela. «Gidariak, autoa gelditu, eta tiro egin zion gure amari; autotik atera zuen, zakarki, eta errematatu». J.M. LOPEZ

J.M. López -

2019ko abuztuak 8
Joan den martxoan, Siriako Indar Demokratikoek Estatu Islamikoa (EI) garaitu zuten Baghuzen, kalifa herriaren azken gotorlekuan. Bost urte lehenago, EI batean eta bestean hedatzen ari zenean, Sinjarren genozidio bat egin zuten hango gutxiengo yezidiaren kontra: uste da milaka pertsona erail zituztela, eta beste horrenbestek ihes egin behar izan zutela bizia salbatzearren. Gaur egun, oraindik ere, gutxi batzuk baino ez dira ausartzen etxera itzuli eta beren historia kontatzen.

Xarihanentzat 2014ko abuztuaren 3an hasi zen amesgaiztoa. Egun hartan, 19 urteko neska gaztea etxean zegoen, eta aita begitartea ilunduta eta oihuka agertu zitzaien: EIko jihadistek Sinjar hegoaldeari eraso egin ziotela, eta hango biztanleak sarraskitu zituztela. «Nik, orduan, ez nuen ulertzen zer ari zen gertatzen, baina berehala jabetu nintzen egoeraren larriaz», gogora ekarri du, mingots, negar malkoei eutsi nahian.

Genozidioa hasia zen. Milaka pertsona erail zituzten, modu sistematikoan, eta gainerakoak mendialdera ihes egiten ahalegindu ziren, hiritik iparraldera. «Guk, Sinune-n bizi ginenez, artean ere bagenuen astia Siriako mugalderaino iristeko eta hantxe geure burua babesteko borrokalari islamistak agertu baino lehen». Eta kontaketan segitu du: «Baina, hainbeste izanda, ez ginen denok kabitzen autoan; hortaz, ama, neba eta hirurok etxean geratu ginen berriro gure bila etorri artean».

Handik gutxira, komunikatzeko bideak eten egin zituzten, eta Xelef —Xarihanen aita— ezin izan zen itzuli haien bila. Orduan, mendialdean ezkutatzea erabaki zuten, ordurako beste milaka eta milaka pertsona ezkutatuak ziren bezala. «Han, hiru egunean iraun genuen, ez urik eta ez jakirik, harik eta zerbaiten bila itzuli behar izan genuen arte. Etxetik irtendakoan, noranahiko pick-up gorri bat geneukan zain, bi jihadista zekartzana barruan. Amak otoi erregutu zien eraman zezatela bera bakarrik, eta utz nintzatela ni nebaren begirale, hura elbarria izaki, baina haiek entzungor egin zioten, eta denok igoarazi gintuzten noranahikora», adierazi du.

Mendialdea bihurtu zitzaien ihesbide bakar. Hil edo bizi. Haraino iritsiak ziren Dilbrin eta haren bost haurrak ere, aterpe bila. 29 urteko emakume hura familiarekin bizi zen Tel Qeseb-en, Sinjar hegoaldeko herri batean. Estatu Islamikoaren saldoak iritsi zirenean, Dilbirinen senarrak eta herriko beste bizilagun batzuek haien kontra borrokatzea erabaki zuten, behinik behin emazteek eta haurrek ihes egin ahal izan zezaten. «Ibilian ibili ginen bederatzi egunean, zer jan ez genuela, eta urik ere askorik ez. Latza izan zen oso. Hilabete gutxi batzuetako haur bat nuen, eta ez zuen bizirik iraun», esan du, damurik, hasperenka eta tristezia agerikoa begietan.


Emakumezko baten arropak izandakoak hobi komun baten ondoan, Sinjarren. J.M. LOPEZ

EIk gorrotatutako herria

Dilbrinek eta beste hainbat milaka desplazatuk mendialdea izan dute bizileku bakar. Elkarrekin eratu dute Serdadht-eko errefuxiatuen eremua: bat-batean egindako denda mordoa, eta etxolak, lokazti baten erdi-erdian, euria egiten duen aldiro urak itota geratzen direnak; neguan, ezin eramanezkoa da hotza. «Zorionekotzat daukat neure burua; izan ere, pexmerga dut koinatua, eta, haren lansari koskorrari esker, denok ere badugu zer jan, baina galdua dut bizimodu hobea izateko itxaropen guztia», adierazi du, atsekabetuta.

Xarihan eta haren familia yezidien komunitateko kide dira, antzina-antzinatik Sinjar eskualdean bizi direnetakoak. Milioi erdi bat pertsona izango dira, eta, horiez gainera, beste 200.000 daude Sirian, Turkian eta Iranen sakabanatuak. Gutxiengo erlijioso horretakoek Melek Taus aingeruari otoitz egiten diote; aingeru hori pauma batek irudikatzen du, eta jainkoaren borondatearen betetzailea da, jainkoa hain maila gorenean kokatua dagoenez ezin baita zuzenean gurtu. Estatu Islamikoaren erradikalek gehien gorrotatzen duten herria da, deabruaren gurtzailetzat baitauzkate, eta haiexentzat zuten gordea zigorrik krudelena.

Alboan du aita, adi entzuten diola, urrunean galdua begirada, erre eta erre, etengabe. «Pick-up-ean eraman gintuzten hiri baten aldirietaraino, Tal Afar edo Mosul aldera edo. Bat-batean, gure amak, etxetik hartua zuen pistola atera, eta tiro egin zion gidariaren ondoan zihoan gizonari, eta hantxe bertan hil. Orduan, gidariak, autoa gelditu, eta tiro egin zion gure amari; gero, autotik atera zuen, zakarki, eta errepide ondoan errematatu, eta hantxe zerraldo utzi», kontatu du neska gazteak.

Orduz geroztik, kalbario huts gertatu zaio bizitza. Hala dakar akordura gaur, etxeko zoruan eserita dagoela, honaxe bizitzera itzulia baita aitarekin eta familiako beste batzuekin batean. Gutxi ausartzen dira itzultzera; are gutxiago, beren historia kontatzera. «Ezin ahaztu dut nebaren begitartea, banandu gintuztenekoa. Ezin dut irudi hori oroimenetik ezabatu. Zera izan zen entzun nion azkena: arren barka niezaiola edozer gertatuta ere, berriro ez baldin bagenuen elkar ikusten sekula. 'Barkadazu, besterik ez'. Beharbada, egun hartantxe hilko zuten, edo beste noizbait».

Gizonen patua heriotza zen; emakume askorena, batez ere Xarihanena eta beste hainbat neska neraberena, jihadisten esklabo sexual bihurtzea. Kalkuluen arabera, Daexek 6.000-7.000 bat yezidi bahitu zituen oldarraldi hartan. Gatibualdian, berriz, bortxatu egin zituzten, tratu txarrak eman zizkieten eta enkantean saldu zituzten, aziendarekin egin ohi zuten antzera. Zoririk onena izan zutenek askatasuna berreskuratu ahal izan dute, Kurdistango Gobernuak edo familiakoek berek erreskate bat ordaintzearen truke.

«Eskola batera eraman ninduten, beste neska batzuekin batean. Han, zapia erantzarazi ziguten, eta gizon batzuen aurrean desfilatzera behartu gintuzten. 15 urte nituen, eta, ordura arte, ez nuen sekula pentsatu gizakiak saleros zitezkeenik; baina, orduz geroztik, ez dut gogoan zenbatek salerosi izan nauten ni; gutxienez, hamabost batek, hiru urte eta erdian», kontatu du, zehatz-mehatz.

Siriara eraman zuten, eta, besteak beste, Raqqa eta Alepo hirietan egon zen. Haurdun ere geratu zen, baina galdu egin zuen, haurdun zegoela jakindakoan bahitzaileek eman zioten jipoiaren ondorioz. «Neure buruaz beste egiten ahalegindu nintzen, baina ausardia falta izan zitzaidan. Nire familiakoengan pentsatzen ematen nituen egunak, eta nebarengan; pentsatzen zer gertatu ote zitzaion amaren gorpuari, hantxe bide bazterrean botata geratu baitzen, ea animaliaren batek irentsiko ote zuen edo norbaitek jaso ahal izan ote zuen. Salba nintzatela, edo nola edo hala erail, horixe baino ez nuen espero».


18 urteko Jiyanda, YJS unitateko kidea, atzean Ocalan PKK-ko liderraren argazki bat duela. J.M. LOPEZ

Hiria, suntsituta

Askatu eta lau urteren buruan, mamu hiri bat da Sinjar. Beldurra dabil kalerik kale, eta suntsipen kiratsa dario giroari. Hiriko eraikinen %70 baino gehiago suntsituta daude, kiskalita, arpilatuta. Hemen ez da inortxo ere bizi; hiriko 50.000 bizilagun haien arrastorik ere ez dago. Katu saldo bat baino ez, eta soldaduren bat edo beste, hiriaren sarrerako kontrolguneetan bisitariei harrera egiten; hirira sartzeko, berriz, baimen berezi bat behar da.

Jiyandak 18 urte ditu, eta YJS Sinjarko Emakumeen Babes Unitateko kidea da; talde militar bat da, eskualde horretako segurtasunaz arduratzeko sortua, eta emakumez osatua dago bakarrik. «EIkoek eraso zigutenean, eskolan ikasten ari nintzen, eta mendialdera ihes egin behar izan genuen aldean generamanarekin. Ezkutuan egon nintzen hamar egunean, jatekorik gabe. Gero, PKK-koek korridore bat ireki zuten, eta Siriaraino pasatzea lortu genuen. Han, errefuxiatuen eremu batean geratu ginen. Beldurgarriak ziren hango baldintzak, eta nire ahizpa txikia, urtebetekoa, hil egin zen», kontatu du kikara bat te zurrutaka hartzen ari dela bere unitatearen kuartel nagusian, hirian oraindik zutik dirauten etxe bakanetako batean. «Urteak pasatu ziren, eta pentsatu nuen zerbait egin beharra neukala, eta horregatik izena eman nuen unitatean, nire herriari eta nik bezainbeste sufritu duten emakumeei laguntzearren», esan du miliziako emakume horrek, ziur, bere idealengatik borrokatzearren gaztaroari uko egiteko prest.

Denbora gupidagabe zihoakion Xarihani, harik eta egun batean sakelako telefono bat inguratu eta nebetako bati hots egin ahal izan zion arte. Komunikatu ahal izan zen, eta bera Idliben atxikia zeukan Jabat al-Nusrako kideak onartu egin zuen senideei 13.000 dolarren truke saltzea. Itzuli zenean, 30 kilo pisatzen zuen, eta txikituta zegoen, gorputz eta arima. Irudipena dauka betiko galdu zuela haurtzaroa, eta horixe duela bizi eskarmentu bakarra. Horregatik, tarteka, bere buruaz beste egin nahi izaten du oraindik ere. Laguntza psikologikoa behar du, baina errehabilitazio programak ez daude eskura mundu guztiarentzat.

Kanpoan, euria hasi du. Xarihanek ausart gurutzatzen du etxeko atalasea, eta labore lur batzuk zeharkatzen. Lehenbiziko aldiz, dena hasi zen tokira itzuli da. «Sekula ez naiz ausartuko berriro errepide hori gurutzatzera»; ez da gauza besterik esateko. Eta, hurrena, braust erori da, eta, yezidien lur sakratua esku artean estutuz, amaren alde hasi da otoitzean, negar zotinka.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna