Albistea entzun

LEKU-LEKUTAN

Munduko indigenak: 'Aloha'

Urtzi Urrutikoetxea -

2019ko abuztuak 18

Herri Indigenen Nazioarteko Eguna izan zen duela astebete. Duela mende laurden abiarazitako ideia da, eta orain dela 15 urtetik, 2004tik, dauka NBE Nazio Batuen Erakundeak nazioarteko egunen agendan ezarrita data. Urtero, lelo berezia izaten du; aurten, ezin bestela izan, Hizkuntza Indigenak izenburua eman diote indigenen egunari. Hala behar zuen, 2019 herri indigenen hizkuntzen urte izendatu baitu NBEk.

Badakit nazioarteko egunen kontu horrek ez duela ikusmin handirik pizten gure artean. Ama hizkuntzaren egunak ere ez du ospakizun handirik izaten Euskal Herrian, beste herri batzuetan ez bezala. Dela ama hizkuntzaren kontzeptua bera, dela indigenismoarekiko ulergarria ere baden distantzia, dela nazioarteko erakundeekiko errezeloa hain gurea zaigun euskararen aldeko lanean, ez dugu kurduek edo munduko beste hainbat herrik bezala erabiltzen gure aldarrikapenetarako. Perspektiba pixka bat hartuta, mundu osoan dabilen joera batez ere jabetuko gara, hizkuntza txikiekiko begirunea aintzat hartuta, gutxienean, haiei eutsi beharra azpimarratzen duena. Hizkuntzekiko errespetua, babesa, sustapena... hitzak baino ez dira askotan, paradigma berdean txertatzen den baina sarritan ezer askorik esan gura ez duen zerbait: naturan bezala, hizkuntzetan ere aniztasun ekologikoaren garrantzia, baina horrek dakartzan aldaketa sakonei egiaz heldu gabe.

«Ia orana» egiten dizute agur Tahitin, lorezko lepoko bat jarrita. Eta «maururuu» esaten ere aurki ikasten du turistak, eskerrak emateko. Hawaiin, «aloha» eta «mahalo» erabiltzen dira gauza bera adierazteko. Baina Mauna Kea mendiko egitasmoen aurka protestan dabiltzan gazteek oso presente dute euren aitita-amamei debekatu egin zietela hawaiieraz egitea. Handik milaka kilometrora, Polinesian jarraituta, gizon heldu batek gaztigatu digu: «Umeak ginenean, eskolan jo egiten gintuzten tahitieraz egiten bagenuen, frantsesez egiteko. Orain, eskolan bertan hartzen dituzte tahitierazko eskolak». Orain, guraso gehienek umeekin frantsesez egiten duten honetan. Eta, hala ere, diwan/ikastola/calandreta murgiltze eredua abiarazi nahi izan dutenek ezin izan dute baimenik lortu, oraindik.

«Ia orana» eta «maururuu» esaten dute Rapa Nuin ere, eta Tahitikoen antzekoak dira hango dantzak ere, baina hango kaleetan hizkuntza nagusia ez da frantsesa, espainiera baizik. «Rapanuieraz egiten genuenean, kaletik 'indio' esaten ziguten», kontatu digute. Aotearoako (Zeelanda Berriko) murgiltze ereduko ikastetxeetako esperientziak hartuta, hiru urte daramatzate Ho?a'a Re'o edo Hizkuntzan Habia lantzen, hezkuntza osoa euren hizkuntzan jasoko duen lehen belaunaldia sortzen tematuta. Eta euskararen esperientzia oso baliagarri izango zaiela gogorarazi digute.

Chiapasen egin dugu aurten PEN Internationalen hizkuntza eskubideen bilera. Txileren menpeko maputxeetatik Kanadako inu indigenetaraino kontinenteko hainbat hizkuntzatako lagunak elkartu gara, baita Europa, Afrika eta Asiatik etorritako beste dozena bat ere. Euskaldunoi, gure PEN taldeko ordezkariekin batera Garabide elkarteko esperientzia partekatzeko eskatu ziguten, eta hala joan ginen elkarrekin bi erakundeetako kide bana.

Horrelako bilerek badute arriskurik, nork bere miseriak eta tragediak kontatzen diren topaketa izatea. Baita euskaldunok gai zehatz eta argi samartzat daukaguna, hizkuntza baten aldeko lana, beste hainbat gairekin nahastea ere, indigenismoak sarritan egin ohi duen gisan: kosmogonia, naturaren babesa, mitologia, mundu ikuskera... Luzetsita, moderatzaileak Suitzako ordezkariari solasa amaitzeko eskatu zionean, «indigenen denbora ez da gure denbora bezalakoa» bota zuen. Indigenen gaiak ikertzen dituen eta espainolez baino ez dakien Boliviako ikerleak, «indigenak naturarekin bat eginda, mendebaldeko mundutik urrun bere komunitatean» bizi direla bota zuen lasai asko. Kanadako inu gazteak hitza hartu zuen orduan, apal, xalo, baina zorrotz: «Hemen esan diren gauza batzuk oso urrun geratzen» zitzaizkiola eta. «Gaurko inu gehienak hirian bizi gara, eta gazteontzat batez ere, bestelakoak dira kezkak, baita horiek espresatzeko moduak ere: literaturaz ari gara hemen nagusiki, guk ere maite dugu, baina inu kulturgile gazte asko bideo sormenean ere trebatu dira, oso lan interesgarriak ari dira egiten, Torontoko zinemaldian ere aurkeztu eta saritu izan direnak».

Nahuatlerazko errotuluak ikusi genituen Mexikoko aireportuan komuneko sarreran. Estatu Batuek aspaldi erakutsi zuten hizkuntza bat hil daitekeela, eta, hala ere, hizkuntza horrekiko begirune gisa saldu harekiko keinu bat, erabilera sinbolikoa, Dakota edo Oklahoma izenak erabiltzeraino. Edo Aloha, polinesiar hitzik ezagunenetakoa agian. Baina badago berba indartsuagorik ere, euskarak berak hartu duena: tapu, sakratua edo oso garrantzitsua den zerbait, debekua ere adieraz dezakeena. Tabua, alegia. Rapanuierazko hizkuntzaren habia, adibidez, tapu dela esan digute: «Erakutsiko dizuegu, baina han barruan ez dugu espainieraz egingo».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Txinaren globoa, ustez espioitzarako erabili dutena, atzo, AEBen hego-ekialdeko Charlotte hiriaren gainean. ©NELL REDMOND / EFE

Txinak ustez espioitzarako erabili dituen globoetako bat eraitsi dute AEBek

Ander Perez Zala

Baloiak bost egun pasatu ditu herrialdeko aire eremuan, ipar-mendebaldetik hego-ekialdera. Pentagonoak beste globo bat detektatu du Latinoamerikan
AEBetako Defentsa idazkaria eta Filipinetako Defentsa ministroa, ostegunean. ©EFE
Txinaren globoa, ustez espioitzarako erabili dutena, gaur, AEBen hego-ekialdeko Charlotte hiriaren gainean, eraitsia izan aurretik ©NELL REDMOND / EFE

AEBek Txinak ustez espioitzarako erabili duen globoetako bat eraitsi dute

Ander Perez Zala

Baloiak bost egun pasatu ditu herrialdeko aire eremuan, ipar-mendebaldetik hego-ekialdera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...