begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Basauriko Hamaikak, ziento bat Viktoria Eugenian

2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Ezaguna da kasua, nahiz eta denbora luzez horren inguruan hitz gutxi egin dugun. Ezaguna. Mitikoa ere bai. Eta ez bakarrik Basauriko El Kalero auzoan. Baita Bilbo osoan ere. Euskal Herriko bazterretan. Espainiako izkina guztietan.

1976ko urriaren lehen egunetan El Kaleroko jaiak ziren. Jendea dantzan eta berbenetan, bai. Polizia, ordea, bertako emakume baten etxera arrimatu zen, eta abortuak egiten zituela leporatuta, bera eta alaba atxilotu zituen. Komisarian aitortu behar izan zituzten biek abortatu zuten horien izenak. Etxez etxe joan ziren poliziak, eta bederatzi emakume atxilotu sarekadan. Egun batzuk hala eman ondoren, baldintzapeko askatasuna lortu zuten, baina epaiketaren mehatxua hor zegoen. Eta ez zen bromakoa fiskalak eskatu behar zuen zigorra: hamabi urtekoa abortatu zutenentzat; seikoa, berriz, eragilearentzat.

Epaileek ez zuten espero, ordea, emakume haien jarrera. Ez omen zekien fiskalak non eta noren kontra ari zen. Bilboko Ezkerraldean, Basaurin. Sindikalistak zituzten senarrak, lagunak, seme-alabak eta gurasoak emakume haiek. Eta planto egin zuten. Eta aurre egin zioten epaiketari. Eta lan-arloko abokatuek bere egin zuten kasua. Eta mugimendu feministak argi ikusi zuen hor zuela borroka ezinbestekoa, bandera ederra. Espainian ere bazterrak asaldatu, harrotu ziren. Europan gertatzen ari zen legez, zinema, telebista, ikuskizun munduko izar eskukada polit batek geroxeago hain denona izan zen orroa egin zuen: «Nik ere abortatu dut». Batu ziren idazleak, sortzaileak, kazetariak, intelektualak. Batu ziren fama handiko emakumeak. Baita famarik gabekoak ere.

Luzatu zen denboran epaiketa. Metatu ziren helegiteak. Izugarria zen bat: ezin omen zen baieztatu emakume haiek haurdun zirenik. Eta ez baziren haurdun, abortua ezinezkoa bilakatzen zen.

Hala ere, ez pentsa, bai Auzitegi Gorenak bai Konstituzionalak bere horretan jarraitu zuten, eta zera erabaki zuten: nahiz eta haurdun ez izan, abortatu nahi izatea delitua zen...

Auzia ez zen amaitu 1985eko maiatzera arte. Hain geldoa izan zen Justizia, ezen garai hartan abortua despenalizatuko zuen legea eztabaidatzen hasiak ziren Espainiako Kongresuan. Bitartean, kalean ziren, libre, Basauriko Hamaikak.

Urteak pasatu ziren. Urte mordo bat. 2010ean Susana Koskak emakumeen guduaren inguruko Vindicación izeneko dokumentala burutu zuen, Basauriko kasua aipatuz. 2011n, bertako udalak 11 horien omenezko plaka jarri zuen. 2019an, Maite Ibañezek eta Begoña Atinek Las 11 de Bilbao izenburuko ikerketa burutu ondoren, ETB2n plazaratu zuten.

2023ko apirilaren 28an, Donostian, egun hauetan Durangon, Getxon eta Beasainen ikusgai den Las buenas compañías filmak Ikusleen Sari Nagusia eskuratu zuen, Cabeza y corazón eta The Lost Souls of Syria beste zinema puskak gaindituta. Jorge Gil Munarrizen gidoia abiapuntu harturik, Silvia Muntek gidaturiko pelikulak irabaziko zuela segituan antzeman genuen denok apirilaren 27an, estreinaldiaren arratsean.

Viktoria Eugenia antzokian ordu horietan sortu zen borrokarako, aldarrikapenerako, omenaldirako giroa edabe ikaragarria suertatu zen denontzat.

Txalo zaparradaz hartutako filmak Errenteriako Emakumeen Taldeari egiten dio aitortza. Borrokan ziren Oreretan, Basauriko Hamaikak epaituak izan ziren garai hartan. Borrokan, eta ahizpatasunari gogor/maite helduz. Sortua zuten Miarritzen abortatzen laguntzen zuen sare bat, kolektibo bat. Errepideetan barna, abortatzeko eskubidearen alde egiteaz gain, sexu librearen alde manifestatu ahal izateko autobusak bahitzen zituen neska makina bat hor zen. Emakumeek beren buruaren jabe izan behar zutela sinesten zuten elkarte klandestinoan bilduta...

Horren inguruan Gorka Gomez Andreuk argi arrexkaz lagundurik sortutako eta Alicia Falco, Elena Tarrats eta Itziar Ituño aktoreen sostengu primerakoaz eraikitako fikzio honek burura ekarriko dizkizue Chabrolen Une affaire de femmes edo Annie Ernauxen izkribu batean oinarriturik Veneziako Urrezko Lehoia jasotako Audrey Diwanen L'Événement. Gogora ekarri, gaur egun, Ameriketako Estatu Batuetako hainbat lekutan, atxilotu egingo dutela abortua debekatua den estatu batetik eskubidea den beste batera doan emakumea. Gogora ekarri, sarean duzuela, debalde, Las buenas compañías fikzioaren inspirazioa izan zen izen bereko dokumental garratz eta fina, Bertha Gaztelumendik, Nuria Casalek eta Laida Zabalok Donostiako Larrotxene kultur etxeko zinema ikastaro batean filmatua. Duela zortzi urte. Dastatu ezazue, arren, Silvia Munten eta besteen pelikula, zuen etxe ondoko areto korrienteetara iristear den egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.