Egibarrek dio EAJk Madrilekin hitz egin nahi duela galdeketari buruz

Uste du Espainiako legedian badaudela «tresnak» kontsulta egiteko. Asmoa da estatutu berria Gorteetara eraman aurretik egitea galdeketa

Erredakzioa
Donostia
2018ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Joseba Egibar EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailearen arabera, Espainiako Estatuko legediaren barruan badaude «tresnak» Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrei kontsulta bat egiteko herrialde horien estatus politikoari buruz. Gasteizko legebiltzarrean negoziatzen ari diren estatutu berriaren ingurukoa litzateke galdeketa, eta deitzaileen asmoa litzateke hori egitea testua Espainiako Gorteetara eraman aurretik.

Alor horretan ados jarri diren bi alderdiek —EAJk eta EH Bilduk— «galdeketa gaitzailea» deitu diote horri. Autogobernu lantaldean adostutako printzipioen arabera, estatutu berriaren etorkizuneko erreforma posible bati buruz galdetu ahalko litzaieke euskal herritarrei. Alderdiok, baina, uste dute galdeketa gaitzailea erreforma prozesu honetan ere egin daitekeela. Herritarren iritzia jasotzeko balioko luke, baina juridikoki ez luke eraginik izango. Espainiako Gobernuak jada ohartarazi du «legez kanpokoa» litzatekeela, baina Egibarrek dio aukerak badaudela egiteko.

Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak herenegun azaldu zuen egungo estatusaren edozein aldaketa Gernikako Estatutik abiatu behar dela eta horretan ez dagoela jasota galdeketa gaitzaile bat burutzeko aukera.

Egin ahal izateko bi bide

EAJren bozeramaileak, baina, zehaztu du bi bide daudela hori egiteko, eta bietan ez litzatekeela legerik urratuko. Batetik, proposatzen du Espainiako Gobernuarekin hitz egitea, galdeketa modu adostuan egiteko baimena eskatzeko edota Espainiako Estatuan erreferendumak arautzen dituen2/1980 Lege Organikoa moldatzeko. Beste aukera litzateke, Egibarren arabera, Gernikako Estatutuaren 46. artikulua «unean-unean aldatzea». Epeei buruz, adierazi du euren asmoa dela Iñigo Urkulluren bigarren agintaldia amaitu aurretik egitea galdeketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.