Legebiltzarreko Mahaia osatzeko akordioa lortu dute EAJk, PSEk eta EPk

Itunaren arabera, EPk bigarren idazkaritza izango luke mahaian. EH Bildurentzat lehen idazkaritza izango litzateke. Bihar hautatuko dute mahaia, Gasteizen, Legebiltzarra eratzeko bilkuran

Urkullu lehendakaria EPko Lander Martinezekin, iazko abenduan, aurrekontuak onartzeko bilkuran. RAUL BOGAJO / FOKU.
Gotzon Hermosilla - Andoni Rekondo Izagirre
2020ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Bihar jarriko da abian uztailaren 12ko hauteskundeetatik ateratako Eusko Legebiltzarra, eta, ohi bezala, mahaia osatzearekin ekingo diote legegintzaldi berriari. EAJk, PSE-EEk eta EP Elkarrekin Podemos koalizioak akordioa egin dute Legebiltzarreko Mahaia osatuko dutenak hautatzeko. Horren arabera, EAJk presidentetza eta lehen idazkaritza izango lituzke, aurreko legegintzaldian bezala; PSE-EEk lehen presidenteordetza izango luke, EH Bilduk bigarrena, eta EPrentzat, berriz, bigarren idazkaritza izango litzateke. PP-C's koalizioa eta Vox mahaitik at geratuko lirateke.

EH Bilduren asmoa zen, Legebiltzarreko bigarren indarra izanik, mahaian bi ordezkari izatea, baina akordioa gauzatuko balitz, ordezkari bakarra izango luke. Gainera, orain arte lehen presidentetza izatetik bigarrena izatera igaroko litzateke, aurreko agintaldian baino ordezkaritza zabalagoa izan arren.

EAJren ustez, akordio honek mahaiaren «pluraltasuna» bermatzen du, uztailaren 12ko hauteskundeetan boto gehien lortu zuten lau alderdiak ordezkatuta egongo direlako. Jeltzaleen arabera, akordioa sinatu duten hiru alderdiek uste dute EH Bilduk azkenean «adostasun zabal horrekin bat egitea» erabakiko duela. Oraingoz, EH Bilduk ez du akordioaren inguruan iritzirik plazaratu.

PP-C's koalizioko parlamentari Carlos Iturgaizek akordioa kritikatu du. Esan duenez, horren bitartez EAJk «ezkerreko fronteari» gehiengoa ematen dio, eta «aniztasunari eraso» egiten dio eskuineko koalizioa kanpoan utzita.

Mahaiaren garrantzia

Mahaiaren eratzeak berebiziko garrantzia du legealdian. Izan ere, lau urteetan egiten diren bilkura guztietako plenarioak, gaiak eta proposamenak lehenik bertako kideen artean eztabaidatzen dira. Horregatik, mahaiaren osaketaklegealdiko tramiteak eta erabakiak moteltzeko edo azkartzeko aukera ahalbidetzen du.

Biharko bilkuraren eginkizuna, legebiltzarra osatu eta bertako mahaiko presidentea eta gainerako kideak izendatzea da. Legebiltzarkide bakoitza dagokion lekuan eseri, eta eskubide nahiz betebeharrak onartzen dituenean hasiko da hautaketa. Behin betiko mahaia osatuta egon arte, Adineko Mahaiak beteko ditu hautatu beharreko karguak. Eratze-bilkura amaitzeko, Mahaiko presidente berriak hurrengo bilkuraren data jakinaraziko du.

Lehendakaria izendatzeko bidean, bigarren bilkura batean, Bateraezintasunen Behin-behineko Batzordeko kideak hautatu beharko dituzte legebiltzarkideek, eta kargu horiek guztiak izendatuta, iraileko lehenengo asteetan egin ahal izango da inbestidurako bilkura. Kasu horretan ere, alderdi bakoitzak bere lehendakarigaia aurkeztuko du legebiltzarrean, eta, hautagaiek haien proposamenak azaldu ostean, legebiltzarkideek hautatuko dute lehendakaria.

Ezustekorik ezean, Iñigo Urkullu izango da lehendakaria, baina ikusteko dago ea EH Bilduko Maddalen Iriarte aurkeztuko den lehendakarigai. Inbestidura saiorako deia egin eta 60 egunera lehendakaririk ez balego, legebiltzarra desegin eta hauteskundeak berriro beharko lirateke.

Legeen bi heren kolokan

Joan den legealdian zailtasun ugari eduki zituen gobernuak proposamenak aurrera ateratzeko; izan ere, 37 legebiltzarkidek osatzen zuten EAJ-PSE blokea, gehiengoa baino bat gutxiago. Egoera horrek beste alderdi baten aldeko botoaren edo abstentzioaren menpe uzten zituen erabakiak, eta legealdirako aurreikusiak zituzten legeen herenak bakarrik onartu ahal izan zituzten.

Hauteskundeetako emaitzak jakinda, segituan hasi dira gobernua osatzeko akordio bilerak, eta ematen du EAJ-PSE formula baliatuko dutela berriz ere. Dena den, agintaldi honetako egoera ezberdina izango da, EAJk eta PSE-EEk sustatutako gobernu batek gehiengo osoa edukiko bailuke Legebiltzarrean. 41 ordezkariren babesa izateak lasaitasuna emango lioke gobernuari, eta lege egitasmoak aurrera eramatea erraztuko lioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.