Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Hungaria eta Polonia, banatuta

2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Azkenean martxan dago Polonia eta Hungaria sasidemokraziei EB Europako Batasunaren diruarekin ematen zaien sustengu ekonomikoa ahultzeko instrumentua. Hungariaren kasuan, Viktor Orban herrialdeko presidenteak hauteskundeak irabazi ostean aktibatu zuten. Bruselaren dirua zuzenbide estatuaren bermearekin baldintzatzen duen tresna Poloniari momentuz ez diote aplikatuko. Polonia ez da bat-batean demokratikoagoa bihurtu, baina Ukrainako gerraren testuinguruan zuzenbide estatuaren bigarren maila batean geratu da.

Aldaketak ere egon dira. Bruselak Poloniari sistema judizialean eskatzen dizkion aldaketa batzuk onartu ditu aste honetan Poloniako Parlamentuak. Ukrainako gerrako errefuxiatu gehien hartu dituen estatua bihurtu eta gero, behar ekonomikoak handitzen ari dira Poloniarentzat, eta diru gehiago behar du Bruselatik datorren urteko hauteskundeetara begira krisi ekonomikoa samurtzeko.

Gainera, Varsoviak badaki askok ez luketela ulertuko Polonia zigortzea Ukrainako errefuxiatuen alde eta Errusiaren aurka erakusten ari den jarrera irmoaren aurrean. Ezustekorik ez bada, datorren astean Ursula von der Leyen Poloniara joango da, argi berdea emateko herrialdeari orain arte ukatu zaizkion Next Generation funtseko 36.000 milioi euroren laguntzei.

Hungariak, berriz, Next Generation funtsetik dirurik jaso gabe jarraitzen du, eta Bruselaren diruaren bila ari da. Errusiarekiko deskonexio energetikoa aukera paregabea da horretarako. Orbanen gobernua Errusiarekiko deskonexio energetikoarekin eta petrolio enbargoarekin egiten ari da presio nahi duena lortzeko. Petrolio enbargoaren proposamena aurkeztu zenean, Maiatzaren 4an, Budapestek esan zuen 750 milioi euro beharko zituela epe laburrera, bere petrolio azpiegiturak egokitzeko. Azken egunetan, epe luzeragutxienez 15.000 milioi beharko dituela azpimarratu du.

EBk zuzenbide estatuaren tresna aplikatu behar die diru laguntza berri guztiei, eta Hungariak ez du pausorik eman eskatzen zaizkion hobekuntza demokratikoetan. Momentuz 2.000 milioi euro daude bakarrik aurreikusita ekialdeko herrialde guztientzat, eta Hungariak oraindik itxita daukan Next Generation funtsetik bideratuko litzateke diru hori.

Aurreikuspenen arabera, egoera ekonomikoak nabarmen egingo du okerrera Europa ekialdean. Datorren krisi larriari begira, kontrola areagotzeko larrialdi egoera ezarri du Hungariako Gobernuak. Ikusteko dago, krisi ekonomikoak behartuta, Budapestek Bruselatik eskatzen zaiona egingo ote duen, ustelkeriaren, independentzia judizialaren eta prentsa akastasunaren alorretan.

Petrolio eta gas deskonexioa trantsizio eperik gabe eta Bruselaren diru laguntzarik gabe egitea suizidio politikoa eta ekonomikoa litzateke Orbanenentzat. Petrolio eta gas merkea dira Orbanen gobernuaren politika klientelistaren zutabe nagusietako bat.

Errusia autokratikoa zigortzeko, EBk ezin du jarraitu autokraziak indartzen diru laguntza gehiagorekin. Zuzenbide estatuaren tresna erabili behar du. Une aproposa da horretarako, presio ekonomikoa nozitzen aritzeaz gain, Hungaria eta Polonia haserretu egin direlako. Errusiaren kontrako neurri gogorrenak kritikatuz, Orban errusiazaleak Polonia urrundu du.

Bikote autoritarioaren banaketa poztasunez hartu dute Bruselan. Hungariaren eta Ukrainaren arteko harremanak hobetzen ez badira, eta Orbanek Putin urruntzen ez badu, kaltea behin betikoa izan liteke Varsoviaren eta Budapesten arteko harremanetan. Hungaria EBren zigorrik sendoenarekin zigortzeko bidea erraztuko litzateke beharbada. Hungariari, itunen Europako Itunaren 7. artikulua aplikatuta, EBko erabakietan bozkatzeko eskubidea kentzen bazaio, neurri horren kontrako betoa ipiniko duela esan du beti Poloniak. Ukrainako gerrak aurreikusten ez ziren aldaketa ugari ekarri ditu, eta oraindik ez ditugu guztiak ikusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.