Koronabirusa

Datu «txarrak» direla eta, osasun larrialdia ezarriko du berriz Jaurlaritzak

Espainiako Auzitegi Gorenak onetsi egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan osasun ziurtagiria erabiltzea. Ziurtagiria datuak apaltzeko «tresnetako» bat izango dela dio Urkulluk A. Iraola - J. Ordoñez- J. Senar

Gotzone Sagardui. Osasun sailburua, atzo, Gobernu Kontseiluaren ostean egin zuten agerraldian. J. FONTANEDA / FOKU.
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
COVID-19ari aurre egiteko murrizketarik gabeko aroa iragarri zuen urriaren 6an Eusko Jaurlaritzak: osasun larrialdia indargabetu zuen ordura arteko neurrien ardura izan zuen Labi batzordeak, eta hurrengo egunetik aurrera bertan behera geratu ziren ordura arte egon ziren neurri gehienak. Baina berriz ezartzeko asmoa dutela iragarri zuen atzo Osasun sailburu Gotzone Sagarduik. «Egoerak txarrera egiten jarraitzen du», onartu zuen. Hainbat datu eman zituen mezu hori indartzeko: herenegun 1.274 positibo atzeman zituen Osakidetzak, eta COVID-19ak eragindako 60 ospitaleratze izan ziren Osakidetzako erietxeetan. ZIUetan ere muga-mugan daude, aurrez neurri zorrotzagoak hartzeko erreferentziatzat hartu izan duten kopuruaren atarian: «49 paziente daude». Hego Euskal Herriko erretratu osoa izate aldera, datu horiei gehitu behar zaizkie Nafarroakoak. Horiek kontuan hartuta, astelehenean 1.560 kasu positibo atzeman zituzten denera, eta 62 paziente daude ZIUetan. Eta osasun sisteman igartzen ari da: Osakidetzak, adibidez, kirurgiak «mugatu» behar izan ditu, behar guztiei erantzun ezinda.

Osasun larrialdia ezartzeko, Espainiako Auzitegi Gorenean osasun neurrien inguruan lehengo astean jarri zuten helegitearen erantzunaren zain geratuko zirela azaldu zuen Sagarduik eguerdian egin zuen agerraldian. Nabarmendu zuen ezen, neurriak «esparru juridiko» egoki baten babesean hartze aldera, justiziaren erabaki horren berri izan behar zutela. Ebazpena handik minutu gutxi batzuetara jakin zen: ontzat eman ditu osasun ziurtagiria eskatzeko Jaurlaritzak azaldutako irizpideak. Bere erabakia argudiatzeko, irailaren 14an Galiziarako eman zuen ebazpenean oinarritu da, eta esan du ziurtagiria exijitzea «egokia, beharrezkoa eta proportziozko neurri bat» dela. Nafarroan, joan den larunbatetik dago indarrean ziurtagiria zenbait tokitan sartzeko. Ipar Euskal Herrian, lehenagotik.

Urkulluk Gorenaren erabakiaren berri izan ostean esan zuen ziurtagiria izurriari aurre egiteko «tresnetako bat» izango dela, baina ez zuen aurreratu zer neurri gehiago hartzeko asmoa duten, eta noiz eta nola ezarriko duten larrialdi egoera. Sagarduik aditzera eman zuen, hala ere, berehala egin nahi dituztela urratsak.

Osasun larrialdia 2020ko martxoaren 14an ezarri zuen estreinakoz Jaurlaritzak. Izurria eragiten ari zen arazoei buruzko albisteak ozenduz joan ziren aurreko egunetan, eta Gobernu Kontseiluak ezohiko bilera batean erabaki zuen Labi Larrialdiei Aurre Egiteko Bideak plana onartzea. Osasun Sailak adierazpen bat onartu zuen aurrena, eta Segurtasunekoak plana aktibatzeko aukera ematen duen agindua eman zuen gero. Urkullu lehendakariak bere gain hartu zuen babes zibileko goi zuzendaritza. Ordutik, aparteko garrantzia izan zuten Labiren bileretan hartutako erabakiek, eta izurria ez hedatze aldera, murrizketa ugari ezarri zituzten. Aurrez ere, bertan behera utzita egon da neurria; 2020ko maiatzaren 18an, Urkulluk, bere «erantzukizuna baliatuz», osasun larrialdiko egoera bertan behera utzi eta beste aro bat hasi zuen: «Zaintza eta kontrolekoa». Abuztuaren 17an ezarri zuen berriro.

Omikron ez dute atzeman

Santos Indurain kontseilariak parlamentuan agerraldia egin zuen atzo, osasun egoerari buruzko xehetasunak emateko. Orain arte egindako PCR testetan eta ondorengo sekuentziazio probetan ez da agertu omikron aldaeraren aztarnarik, baina «adi» daudela esan zuen. Bosgarren olatuan bezala, seigarren honetan ere intzidentzia handia da, baina ospitaleetako eragina «ertaina» dela esan zuen; txertaketaren, prebentzio neurrien eta aztarnarien lan onaren ondoriotzat jo zuen. Oraintxe 79 gaixo daude ospitaleratuta COVID-19agatik Osasunbideko erietxeetan; horietatik hamahiru, ZIUko oheetan. Datu bat eman zuen: %70 txertatu gabeak dira.

Iragan larunbatean indarrean sartutako COVID-19 ziurtagiriak asteroko txertaketa erritmoa «hirukoiztu» duela azaldu du Indurainek. Uneotan, hirugarren dosia hartu dute 70 urtetik gorakoen %77k, eta bihartik aurrera, 60 eta 69 artekoei bidaliko diete txertatzeko txanda. Abendu erdialdetik aurrera hasiko dira osasun profesionalei hirugarren dosia ematen. Osakidetzak irekia die 60-70 urte arteko herritarrei hirugarren dosia jartzeko atea, eta harrera «bikaina» izan dela esan du Sagarduik. 60.000 bat ordu eske martxan dira jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.