COP26

Deskarbonizazioa finantzatzeko konpromisoa hartu du kapital handiak

112 bilioi euro inguru inbertitzeko asmoa dute 45 herrialdetako 450 kreditu erakundek. «Proiektu jasangarrien» beharraz ohartarazi dute

Alok Sharma COP26ko presidentea hitz egiten, atzo. EMILY MACINNES / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Munduaren deskarbonizazioa finantzatzeko konpromisoa hartu dute 45 herrialdetako hainbat kreditu instituzio pribatuk. 450 bat erakunde daude sinatzaileen artean; besteak beste, HSBC, Morgan Stanley, Deutsche Bank, Banco Santander, BBVA, J. P. Morgan, Bank of America eta Bancolombia. Mendearen erdialdearen ingururako karbono neutraltasuna lortzeko ahaleginean, kapital handiaren asmoa da 112 bilioi euro inguru mugiaraztea. «Trantsizio globalerako behar dena baino gehiago da hori», nabarmendu zuen atzo Mark Carneyk, NBE Nazio Batuen Erakundearen klima finantzen arduradunak. Nolanahi ere, COP26 klima larrialdiaren aurkako nazioarteko goi bilerako presidente Alok Sharmak gogorarazi zien erakunde horiei promesa horrek ez ditzala ordezkatu potentzia ekonomiko handiek garapen bidean dauden herrialdeei zor dizkieten funtsak.

Nazioarteko finantza erakundeetako ordezkariak eta ekonomia ministroak batzartu ziren atzo COP26aren barruan, Glasgown (Eskozia). Kreditu etxe handiek dirua agindu dute, bai, baina Carneyk azpimarratu zuen ez dela nahikoa, eta «proiektu jasangarriak» behar direla deskarbonizazioa bideratzeko. Bileran bildutakoek zehaztu zuten, gainera, inbertitutako dirua helburuak betetzeko baliagarria dela frogatuko duten mekanismoak behar direla. «Inbertsiogileek konfiantza eta argitasuna eduki behar dute beren inbertsioen klima inpaktuan», adierazi zuen Rishi Sunak Erresuma Batuko Ekonomia ministroak. Erresuma Batuak iragarri zuenez, bere lurretan jarduten duten finantza erakundeei eskatuko die planak diseinatzeko; hala, nola deskarbonizatu nahi duten adierazteko, eta asmo horiek agentzia independente batek baloratuko ditu.

Halere, batetik, kapital pribatuak hitzemandako diru kopurua dago, zeinaren helburua den ekarpen bat egitea XXI. mendearen amaieran planetaren tenperatura ez dadin igo 1,5 gradu baino gehiago, industrializazioaren aurretiko garaiarekin alderatuta. Eta, bestetik, herrialde aberatsek ez dute bete 2015ean Parisko Hitzarmenean jasotakoa: hau da, 2020 eta 2025 artean, urtero, garabidean diren herrialdeetara 87.000 milioi euro bideratzea, trantsizio energetikoa egin dezaten. Iaz, esaterako, 68.700 milioi bideratu zituzten. Sharmak atzo aitortu zuenez, ez da espero 2023 baino lehenago aurreikusitako kopuruetara iristea. Garabidean diren herrialdeen taldea 46 estatuk osatzen dute —1.000 milioi inguru pertsona bizi dira horietan—, eta Sonam P. Wangdi taldearen presidenteak «elkartasun globala» eskatu zien atzo Glasgown herrialde aberatsei. «Gu gara beroketa globalari ekarpenik txikiena egin diogunak. Isurketen %1a ere ez dugu ordezkatzen; baina, halere, neurriz kanpo sufritzen dugu».

Aire Garbiaren aliantza

Bestalde, Aire Garbiaren aliantzairagarri zuten atzo hamar multinazionalek —Googlek eta Ikeak, besteak beste—, eta konpromisoa hartu dute beren isurketa kutsakorrak neurtzeko eta horiek murrizteko neurriak hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.