Salatu dute politikari independentistak espiatu dituztela programa batekin

Kataluniako politikarien deiak entzun dituzte, eta Euskal Herrikoenak: Otegi eta Iñarritu tartean. Programa soilik gobernuek eskura dezakete

Arnaldo Otegi, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE.
arantxa iraola
2022ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
The Citizen Lab ikerketa zentroak egindako ikerlan baten berri eman du The New Yorker hedabideak, eta, horren arabera, Pegasus programaren bidez 60 bat buruzagi independentista espiatu dituzte. Era zibernetikoan egindako espioitzarako programa bat da; soilik gobernuek izaten dute eskura, eta, beraz,pentsatzekoa da Espainiako Gobernua dagoela atzean.; AI Amnesty International erakundeak berak eskatu dio Espainiako Gobernuari argitzeko programa erabili duen.

Atzo zabaldu ziren datuen arabera, Kataluniako politikari ugari daude espiatu dituztenen artean, 65 bat pertsona inguru denera: Pere Aragones, Quim Torra, Anna Gabriel eta Artus Mas, besteak beste. Euskal Herriko politikari independentistak ere badira tartean: EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi eta koalizioko diputatu Jon Iñarritu. Azken horrek atzo salatu zuen «disidentzia politikoaren» kontra egindako «eraso masibo» bat dela atzo ezagutarazi zen ikerketak erakutsi duena, eta iragarri zuen «neurri juridiko egokiak» abian jarriko dituztela jazo dena argitzeko. Gehitu du espioitzaren erantzuleak kargutik kendu beharko lituzkeela «berehala» Gobernuak.

Eskuko telefonoen bidez deiak kontrolatzeko pentsatuta dago Pegasus programa. Israelgo enpresa batek garatutakoa da, eta, hainbat iturriren arabera, oso boteretsua da.

AIk atzo Espainiako Gobernuari programa erabili zuen argitzeko eskatzeaz gain, EB Europako Batasuneko erakundeei ere eskatu zien gaia aztertzeko. Programa horren salmenta bertan behera uzteko eskatzen ari da AI; izan ere, egiaztatu izan dute hainbat gobernuk erabili izan dutela «legez kanpo». AIk duela bi urte ere eskatu zizkion espioitzari buruzko argibideak Espainiako Gobernuari, eta ez zuen erantzunik jaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.