Aktibismo berri bat, mundu berri baterako

Herri mugimenduak eta militantzia eredu berriak hizpide izan dituzte UEUren solasaldi batean. Militantzia tradizionala «krisian» dagoela eta aktibismoa eraldatu egin dela esan dute.

Idoia Torregarai, Iker Iraola, Mari Luz Esteban eta Nerea Blanco, atzo. BERRIA.
Edurne Begiristain.
2022ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Zer da herri mugimendua? Krisian al dago militantzia? Ba al da militantzia eredu berririk? Nolakoa beharko luke militantziaren egiturak? Galdera horien inguruan hausnartu zuten atzo Mari Luz Esteban Galarza antropologoak, Iker Iraola Arretxe soziologoak eta Nerea Blanco Aramendi politologoak, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolaturiko ikastaroan. Herri mugimenduen antolaketa egiturak eta militantzia eredu berriak izenburupean egin zuten solasaldia, online, Idoia Torregarairen gidaritzapean. Askotarikoak izan ziren mahai gainean jarritako ekarpenak, baina, funtsean, bi ideia nagusitu ziren.Lehena: aktibismoa eraldatu egin da, eta nekeza da herri mugimenduak gaur egun zer diren definitzea. Bigarrena: militantzia tradizionala «krisian» dago, eta eredu berriak sortu dira.

Gaur egungo herri mugimenduak nolakoak diren definitzeko orduan ez dago adostasunik. Ideia horretan bat etorri ziren hiru solaskideak. Estebanen esanetan, «ez dago argi» zer den gizarte mugimendu bat, baina, oro har, hiru «geruza» dituen antolakuntza bat da: «Muinean talde txiki bat dago, oso aktiboa eta konprometitua; inguruan, laguntza ematen duen jendea; eta hirugarren multzoan, militantzia apalagoa duen fronte herrikoia». Haren iritziz, herri mugimendutzat jotzeko ezin da «guztiz profesionalizatuta» egon eta gizartea eraldatzeko helburua izan behar du.

Ideia horrekin bat egin zuen Iraolak: «Herri mugimenduek lotura dute gizarte aldaketarekin». Tradizionalki mugimendu sozialak estatu egituretatik kanpo kokatu izan badira ere, gaur egun«lausoagoa» da muga hori, haren hitzetan.

Blancok nabarmendu zuen belaunaldi berrien eskutik etorri dela gizarte mugimendu batzuk profesionalizaziorantz jotzea, eta baztertu egin zuen bide hori herri mugimenduen izpirituarekin uztartu daitekeenik. Azaldu zuen gizarte mugimendua definizioz «horizontala» dela, «ekintza ez-konbentzionalen» alde egiten duela eta bere baliabide nagusia «militante konprometituak» direla.

Desmobilizazioa

Militantzia ulertzeko modua aldatu egin dela adierazi zuten hirurek. Eta «krisiaz» mintzatu ziren. «Ez dakit militantzia krisian dagoen, baina desmobilizazio handia dago gizartean», ñabartu zuen Estebanek. Haren ustez, COVID-19aren pandemiak eragin zuzena izan du desmobilizazioan, eta urteak beharko dira egoera lehengora bueltatzeko.

Militantziaren krisia munduak bizi duen krisiaren «sintoma» dela erantsi zuen Blancok. Are, zehaztu zuen militatzeko eredu jakin batzuk daudela krisian, zehazki Euskal Herriko ideologia jakin batzuekin lotutako «eredu zurrunak». Haren iritziz, gazteriarekin bizi izan du militantziak ziklo oparoena, baina gaur egun krisian dago gazteek «gizarte likidoaren» ondorioak zuzenean sufritzen dituztelako. Hala, Blancoren aburuz, bestelako eredu batzuetara jo beharko litzateke militantzia «salbatu» nahi bada. Eredu berriek hiru ardatz izan beharko lituzkete, bere aburuz: «Bizitza ziklora egokitzea, egitura formalez eta informalez elikatzea, eta partaideen aniztasuna bermatzea».

Iraolaren esanetan, militatzeko ereduak azken hamarkadan izan du aldaketarik handiena Euskal Herrian, gatazka politikoak erdigunean egoteari utzi zionetik, hain justu. Erantsi zuen gaur egungo «krisi sozial, ekologiko eta politikoak» ere baldintzatu egin duela militantzia.

Egun ez dago militatzeko formula bakar bat, Estebanen iritziz. Feminismoa eta Kantu Jira ekinbidea jarri zituen adibide gisara: «Feminismoak emakumeen etxeak sustatu ditu instituzioekin elkarlanean, eta Kantu Jirak modu horizontalean funtzionatzen du, kudeaketainprobisatuekin. Militatzeko bi eredu dira, baina biak dira indartsuak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.