Koronabirusa

Konfinamenduaren erritmora egokitzen

Pixkanaka zorroztu ditu konfinamenduaren arauak Frantziako Gobernuak, eta aste honetan merkatu irekiak ixtea erabaki du. Baionan, mugimenduak anitz apaldu badira ere, karrikara ateratzen segitzen dute herritarrek, hala moduz babestuta.

Gizon bat karrika erdian korrika, atzo, Baionan. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun

Asteazkena, merkatu eguna, 11:20. Hutsik dago Baionako Gaskoien plaza. Dozenaka ekoizle eta saltzaile biltzen ditu astero, baina merkatu irekiak debekatu berri ditu Frantziako Gobernuak. Okindegia, tabako denda, farmazia... irekiak dira, baina inor gutxi dabil karrikan. Banku batean eserita dago Albert, 71 urteko gizona. Puru bat esku batean, garagardo lata bestean, plaza hutsari begira dago. Nola dagoen galdetuta, hitz gutxirekin erantzun du: «Zaila da». Kontatu du normalean goiz atera eta berandu etxeratzeko ohitura duela. Orain, oren bateko baimena du, egunean behin, etxetik kilometro batera gehienez ere. «Okerrena lehen gaua izan zen, ohean itzulika, ezin nintzen geldirik egon. Egoerak eragindako kezka ere gehitu behar zaio. Orain, ohitzen ari gara pixkanaka». Goizetan ateratzen da karrikara itzulitxo bat egitera; arratsaldea hitz gurutzatuak egiten pasatzen du. «Adinekoek kezkatzen naute gehien, nire 96 urteko amak. Zahar etxean dago, bakarrik, ez du nehor ikusten».

Hau ere irakurri: Artagune bereziak prestatu dituzte Ipar Euskal Herrian

Plazatik urrunduta, etxeko balkoitik begira dago adineko emazte bat. Galdera batzuk erantzungo lituzkeen galdetuta, «ez dakit denborarik izango dudan», erantzun du irribarrez. Egunero ateratzen da karrikara, aire pixka bat hartzera, ibiltzera, erosketak egitera; «ezinbestekoa da». Aldi oro, segurtasun neurriak errespetatu dituela dio. Orokorrean, hutsak dira Baionako karrika gehienak. Langile bat trenbide bazterreko belarra mozten, bikote bat kiroleko jantziarekin korrika, gizon bat maskara jantzia duela txakurra promenatzen... Beste pertsona batekin gurutzatzean, distantzia hartzen dute gehienek.

Santizpiritu auzoan bada mugimendu gehiago, baina Alsace Lorraine etorbidean ez dago ohiko zirkulaziorik. Bidegain harategia da irekia den komertzio bakarrenetako bat. Neurri bereziak hartu dituzte, hala moduz, bezeroen artean distantziak errespetatzeko. Hesi bat salmahaiaren aitzinean saltzaileengandik urruntzeko, kristal handi bat kaxan kontaktuak eragozteko. Nagusiak kontatu du ohikoa baino askoz ere bezero gutxiago izaten ari direla. Haserre mintzatu da. «Higiene zerbitzuetakoak urte guzian sekulako kontrolak egiten aritzen zaizkigu; baina orain, haien beharra dugunean, ez da nehor». Hortik metro batzuetara dago Carrefour Contact auzoko supermerkatua. Hesiak ezarri dituzte kanpoan jende lerroa kudeatzeko, eta pixkanaka sarrarazten dituzte bezeroak. Baina bata bestearen gainean bezala daude zain dauden gehienak.

«Etxera sartu nahi nuke»

Errepublika plaza hutsa, Aturri ibai bazterra orobat. Arrantzale bat ari da barkutik sareari tiraka, lanean. Herriko etxeko plaza inguruan, Baiona Handi eta Txikian, jende gutxi dago karriketan. Errobi bazterrean eguzkia hartzen ari da Benedicte, 40 urteko emaztea, bere bi txakurrak ondoan dituela. Orain dela hiru egun iritsi zen Baionara, Landetatik. Karrikan bizi da, « hori da nire bizimodua», eta konfinamendu garaian ere hala segitzeko asmoa du, oraingoz. Hala ere, egoera doi bat konplikatu dela ohartarazi du. «Komun publikoak itxi dizkigute. Nora joan behar dugu? Gizonentzat errazagoa da, baina emazteak? Goiz honetan kafe batzuk edan ditut... aparkaleku bat aurkitu beharko dut, auto artera joateko». Laugan ireki berri duten harrera zentroari buruz galdetuta, arrangura agertu du. «Beldur naiz ez ote den presondegi bat bihurtuko. Sar gaitezke, baina, ateratzen utziko gaituzte? Eta norbait eri bada? Zer neurri hartu dituzte gure segurtasuna bermatzeko?», galdetu du. Informatzeko, lekura hurbiltzeko asmoa duela azaldu du. Kanpoan «libre» da, eta «kasu ematen» du. Hala ere, erran du bere lehen helburua Frantzia erdialdera itzultzea dela. «Etxera sartu nahi nuke. Trena har nezake, baina 100 euro inguru da txartela». Karrikan jasotzen duen diruarekin ezin iritsi. Etapaka saiatuko dela erran du.

Ibai bazterretik bizikleta gainean dabil Vincent, zaku karratu handi bat bizkarrean duela. Uber Eats enpresako banatzailea da. Zer moduz dagoen galdetuta, «inoiz baino mandatu gutxiago» jasotzen ari dela erantzun du, goibel. Baionako Aviron errugbi taldearen zapi bat darama aurpegia estaltzeko, eta eskularru batzuk ere lortu ditu. Enpresatik banaketarako jaso duten protokoloa azaldu du: etxe batera iristean bezeroari keinu egin behar diote, eta paketea ate aitzinean utzi. Bezeroak atea ireki eta paketea hartzen du. Hori da kontaktuak eragozteko protokoloa. «Niretzat ez naiz kezkatua, baina nire inguruko adinekoentzat bai». 30 urte ditu. «Beste lan batzuk ere baditut. Honek kanpora atera eta kirol pixka bat egiteko aukera ematen dit». Sartu-ateraka bizi dute konfinamendua Baionako herritarrek, oraingoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.