Hidroituango megaproiektua. Nubia Ciro. Soziologoa

«Desinstituzionalizazioak abagune egokia jarri die megaproiektuei»

Hidroituangoren obrak hasi baino hamar urte lehenago, egitasmoa gorpuzten ari zenean, gatazka armatua gordindu egin zen Ituangon eta inguruko herrietan. Bi gertaeren arteko lotura ikertu du Nubia Cirok.

BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
Medellin
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Aktibista, feminista eta nekazari gisa aurkeztu du bere burua Nubia Cirok (Ituango, Kolonbia, 1969). Herrian gertatzen ari zen bortizkeria ulertzeko ikasi zuen soziologia: «Unibertsitatean esan nuenean Ituangokoa nintzela, ez zidaten galdetu ea gerrillakoa nintzen, baizik eta zer frontetan nengoen. Zer egiteko dugu herritarrok indarkeriaren ondorioz hainbeste estigmatizatutako toki batean?». Memoriaren izararekin agertu da elkarrizketara, eta azaldu du «bortxaren kartografia bat» dela: gatazka armatuaren biktima izandako andreek josiz kontatu dute beren historia.

Ikusi gehiago:MEGAPROIEKTUAK ERAMAN DUENA

Hidroituangoren ideia agertzearen eta gatazka armatua gordintzearen arteko lotura aztertu duzu zure tesian. Zer ondorioztatu duzu?

1996tik aurrera paramilitarismoa iritsi zen Ituangora, errepidez, oso ageriki, herriko familia narkotrafikatzaileak finantzatuta, eta alkatetzaren eta polizia etxearen alboko eraikinetan ezarri ziren. Horrek ahalbidetu zien instituzioak mendean hartzea eta bortxa neurrigabea erabiltzea. Paramilitarren indarrak eta desinstituzionalizazioak abagune egokia jarri zieten megaproiektuei: eremua nekazariz hustu zen. 2010ean EPM bere abokatu taldearekin iritsi zenean, lur abandonatuak eta komunitate zatitu eta izutuak aurkitu zituen. Zer aukera zuten negoziatzeko?

Nola gertatu zen huste hori?

Nekazariek asko sufritu dute indarkeria, lehenik AUC paramilitarrekin, orain AGCrekin, eta tartean FARCekin: urtetik urtera lekualdatuak eta deserrotuak izan dira, jardun ekonomikoa galdu dute, lurrak eta animaliak utzi behar izan dituztelako, eta, ondorioz, pobretu egin dira. Kontuan izatekoak dira estatuaren abandonu historikoa eta alderdi tradizionalen rola: alderdiek indarkeria praktikekin konektatu izan dute. Eta Ituango herri kontserbadore eta katolikoa da: subjektu politikoen eraikuntza Alderdi Kontserbadoreari eta Elizari lotuta dago, ia aldaezina da.

Hortaz, zure ustez, EPMk etekina atera dio gatazka armatuari.

Toki abandonatu batera heldu zen eta etxalde utziak bereganatu zituen; beste egoera batean, oso zaila zatekeen horiek erostea, inork ez duelako saldu nahi etxalde produktibo bat. Beraz, nola sortu saltzeko baldintzak? Eredu hori erauzketa egitasmo guztietan aplikatzen da: hala gertatzen ari da orain AGCrekin eta meatzaritza proiektuekin.

Urriaren 22an 25 urte bete ziren paramilitarrek El Aro auzoko sarraskia egin zutenetik. Indarkeria olde horretan, mugarri izan zen?

Bai, helburu izan zuelako, batetik, eremu horretako etxalde produktiboenak hustea, eta, bestetik, FARCi Venezuelarako zein itsasorako korridoreak moztea.

Zer gertatu zen?

Hauteskunde igande bat zen, eta eguerdian heldu ziren paramilitarrak. Jesus Maria Valle lider sozialak Alvaro Uribe [Antioquiako] gobernadoreari esana zion halako eraso baten zantzuak bazeudela, eta Uribek, ikertu ordez, bueltan salatu zuen Valle; lau hilabetera hil zuten liderra. Ia hamar egunez egon ziren paramilitarrak El Aron; epai batek jasoa du Antioquiako Gobernazioaren helikoptero batek jana eta munizioa ekarri zizkiela. Hamazazpi nekazari erail zituzten, andreak bortxatu, animaliak hil edo lapurtu... Herri oso bat ezabatu zuten, eta estatua isilik geratu zen.

Zer lotura du Uribek indarkeriarekin eta megaproiektuarekin?

Gobernadore zela sortu zuen Hidroituango eraikitzeko enpresa, eta diruztatu. Bere ondasunei lotuta, interes agerikoak zituen: etxe bat prezio onean saldu zuen EPM lurrak erosi zituenean, baina justu salmenta hari buruzko orria falta da notariotzan. Ideologikoki ere, El Aroko sarraskia justifikatu zuen, esanez bere lehengusu bat han bahitua zutela eta horregatik sartu zirela paramilitarrak.

Hainbat talde sozialetan egin duzu lan, eta horrek eragin zuen Ituangotik alde egin behar izatea 2020an. Zer gertatu zen?

FARCen eta estatuaren arteko negoziazio prozesuan parte hartu nuen, eta hor ozen salatu genuen AGCk gure lurraldea guztiz hartua zuela, eta, noski, estatuaren agenda soziala eta inbertsioa falta zirela. Halako batean, lagun nekazari bat bisitatzera joan nintzen, eta biharamunean pertsona bat bidali zioten hilabetez haren bordan geratzeko, nork deitzen zion zelatatzeko. Nire kontaktua ezabatu behar izan zuen.

Hori izan zen abixua.

Bai. Zuzeneko mehatxurik ez dut jaso, baina badakit ez dela segurua ni Ituangon egotea. Amaren familia osoa han bizi da, eta nire presentziak arriskuan jartzen ditu. Egun bisitan joaten natzaie, baina ezin naiz herrigunetik atera landa eremura, ezta hango lagunekin komunikatu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.