Hizkuntza hautua, haurrentzako ispilu

Datorren astelehenean, Topaguneak ariketa sozial berri bat abiatuko du 80 bat herritan: 'Haurren aurrean helduok heldu'. Helburua da hizkuntza portaeretan eragitea eta euskarari lehentasuna ematea umeen erreferente diren helduen artean.

GUILLAUME FAUVEAU / GUILLAUME FAUVEAU.
Ion Orzaiz.
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Haurrei askotan eskatzen diegu euskaraz egiteko, erdaraz barra-barra entzuten ditugunean, baina, gero, gure artean zer egiten dugu helduok? Erdarara jotzen dugu ere». Haur eta gazteen eredu dira gurasoak, irakasleak, zaintzaileak, senide eta lagun helduak... Horien guztien hizkuntza praktiketan eragin nahi du Euskaltzaleen Topaguneak, Haurren aurrean helduok heldu ariketa sozialaren bidez: euskararen erabilera indartu nahi dute neska-mutilentzako ispilu diren horien artean.

Astelehenean abiatuko dute egitasmoa Euskal Herriko 80tik gora herri eta eskualdetan, eta, bi astez, jarraibide nagusi bat izanen dute parte hartzaileek: «Euskaldunok euskaldunokin euskaraz». Premisa horretatik tiraka, hiru portaera indartu nahi dituzte antolatzaileek: solaskideek euskara dakiten kasuetan euskaraz egitea; lehen hitzak euskaraz egitea beti (baita ezezagunekin ere), eta euskaraz hitz egin ez baina ulertzeko gai direnekin euskarari eustea, elkarrizketa elebidunak sustatzeko xedez. Helburu orokor horiek lortzeko, baina, bide ezberdinak daude, eta herri bakoitzak bereari heldu dio, Haurren aurrean helduok heldu ariketa tokian tokiko errealitatera egokitzeko.

IMANOL ARTOLA, 'FELIX' Tolosaldea (Gipuzkoa)
«Datuek erakusten dute haurrek euskaraz egiten dutela... eta guk?»

Tolosaldeko 28 herriek nahiago izan dute egitasmoa elkarrekin antolatu, «eskualde moduan», bakoitzak bere aldetik jo beharrean. Antolatzaileetako bat da Imanol Artola, Felix, Galtzaundi elkarteko kidea. Harentzat, egitasmoaren gakoa zera da, «gaztetxoek zer input jasotzen duten, zer eredu, hizkuntza erabilerari dagokionez». Haren irudiko, heldu guztiak dira haurren eredu neurri batean edo bestean, eta euskara presentzia galtzen ari da, hain zuzen, helduen arteko harremanetan: «2017an eginiko inkestaren arabera, euskararen erabilera %50 ingurukoa da Tolosaldeko helduen artean; haurren artean, berriz, %75ekoa. Hortaz, datuek erakusten dute haurrek euskaraz egiten dutela nagusiki, helduok baino dezente gehiago».

Ariketa «ikastetxeen bitartez» antolatu dute eskualdean: «Ikastetxeek sare handia osatzen dute, eta, horri esker, egitasmoaren berri eman diegu haurrekin harremana duten helduei». Horrez gain, afixak paratu dituzte eskoletako atarietan, parkeetan, autobus eta tren geltokietan «eta, oro har, jende gehien elkartzen den tokietan», hizkuntza praktikak aldatzeko beharra gogorarazteko. Telegram kanal bat ere sortu dute, ariketaren inguruko mezuak euskaldun eta euskaltzaleen artean zabaltzeko.

ARIANE USABARRENAAtarrabia (Nafarroa)
«Eskola kenduta, haurrek denboraren %15ean erabiltzen dute euskara»

Atarrabian, Karrikaluze elkartea ari da Topaguneak sustatutako ariketa soziala antolatzen. Hango kidea da Ariane Usabarrena. Haren ustez, «behar-beharrezkoak» dira gisa honetako egitasmoak, «batez ere Nafarroako egoera soziolinguistikoa aintzat hartuta»; horregatik, ariketa «urtero» egitera animatu ditu antolatzaileak, «gizartea aktibatzeko».

Haurren eredu diren helduen hizkuntza praktikek «kezka» eragiten dutela uste du: «Gurasoak euskaldunak izanda ere, eskolako eremutik kanpo gehien erabiltzen duten hizkuntza gaztelania da, eta horrek eragina du haurrengan ere: eskolaz kanpoko orduetan, haurrek beren denboraren %15ean bakarrik erabiltzen dute euskara. Oso gutxi da hori». Horregatik, ezinbestekotzat jo du «euskarazko eskaintza bermatzea» eskolaz kanpoko orduetan: «Karrikaluze elkartean eskaintzen ditugu aisialdirako tailerrak eta ekitaldiak, baina unean unekoak dira, eta familiekin ez da gaia lantzen. Arnasa luzeko egitasmoak behar ditugu, ohiturak aldatzeko».

Ariketa Atarrabian antolatzeko tenorean udalak eta herriko hiru eskolek [haur eskolak, lehen hezkuntzako D ereduko ikastetxe publikoak eta ikastolak] eman dieten «laguntza handia» eskertu du Usabarrenak. «Hango boluntarioen elkarlanari esker, bi ekitaldi antolatu ditugu herrian: hilaren 23an txokolate jatea eginen dugu herriko plazan, eta hilaren 26an, berriz, euskarazko olinpiar jokoak, familientzat».

MANEX AGIRREGorbeialdeko kuadrilla (Araba)
«Eskolaz kanpoko eremuetan jartzen du arreta egitasmo honek»

Arabako sei herri biltzen ditu Gorbeialdeko kuadrillak: Aramaio, Arratzua-Ubarrundia, Legutio, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuia. Hango euskara teknikaria da Manex Agirre, eta Haurren aurrean helduok heldu ariketa antolatzeko batzordean ere parte hartu du. Haren ustez, «mezu indartsua» ematen du egitasmoak: «Aspalditik genuen auzi bati erantzuten dio, umeekin harremana duten helduak eredu baitira neska-mutilentzat, eta beharrezkoa da horren kontzientzia hartzea». Beste ezaugarri interesgarri bat ere antzeman dio ariketari: euskaraz aritzeko guneak eskola eremutik kanpora ateratzea. «Historikoki, eskolei eman zaie haurrak euskalduntzeko ardura osoa, eta ezin dugu ukatu ez ginatekeela egongo gaur egun gauden tokian, hezkuntzak izan duen rolarengatik izan ez balitz. Hala ere, badakigu ez dela nahikoa, eta ariketa honek baliabideak ematen dizkigu eskolatik kanpoko eremu informaletan eragiteko».

Helburu horiek gauzatzeko bidean, baina, Gorbeialdeko kuadrillako herrien ezaugarri demografikoak aintzat hartu dituzte antolatzaileek: «Ariketak bi ardatz ditu: batetik, erakundeen arteko saretzea, helburuak partekatu eta parte hartzea sustatzeko; eta, bestetik, euskaraz aritzeko zenbait gune informal identifikatzea, bertan praktika egiteko. Gorbeialdeko kuadrillako biztanleak nahiko sakabanatuta bizi direla aintzat hartuta, alderantziz egitea erabaki dugu: guk geuk sortu ditugu guneak, nolabait esatearren, jendea biltzera behartzeko». Zehazki, egitarau bat osatu dute, eta kuadrillako sei herrietan eginen dituzte tailer, jolas eta bestelako ekitaldiak, «familiek elkarrekin parte har dezaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.