Hirigintza

Parkingaren proiektua behin betiko bazter dadin nahi dute

Iruñeko Zangoza kaleko aparkalekuaren kontrako plataformak Arartekoari eskatu dio udalarekin adiskidetzeko agerraldi bat egiteko

Protesta bat parkingaren aurka, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
2023ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zangoza kaleko aparkalekuko lanak behin-behinean eten zituen Iruñeko Udalak atzo. Aparkalekuaren kontrako plataformak iragarri du kalean jarraituko dutela lanak behin betiko amaitu arte. Plaza bere horretara itzultzeko ere eskatu dute. Hesiz eta zuloz beteta dago, eta farolak eta bankua kendu dituzte. Plataformako kideek eskertu egin dute udalaren erabakia: «Hausnarketa fasean egoteaz gain, kontuan hartzen hasi dira auzoaren beharrak eta eskakizunak». Eta Iruñeko Udalarekin adiskidetzeko agerraldi bat egiteko eskatu diote Nafarroako Arartekoari.

Cristina Ibarrola alkateak asteon jakinarazi du behin-behinean etengo dituela lanak, ez dutelako herritarren eta oposizioaren babesik. Plataformako kideek esan dute ez dutela ulertzen zergatik kostatu zaion «hainbeste» ondorio horretara iristea, eta gainerako udal ordezkariei eskatu diete gaian «gehiago» sakontzeko: «Alkateak hasieratik zekien ez zuela babesik; hortaz, ez dauka zentzurik lanekin hasi izanak».

Ikasleen auzia

Lanek 22 hilabete iraun behar zutenez, Gurutzeko plaza BHI institutuko laurehun ikaslek Arrosadia auzoko eraikin batera joan beharko dute 2023-2024ko ikasturtean. Lekualdatzerik ez egiteko eskatu dute bizilagunek.

Inguruko merkatariei ere kalte egin die, eta askok itxi egin behar izan dute, edo beste leku batzuetara mugitu. Horren ondorioz gastu «handiak» dituztela salatu du plataformak, eta merkatariei eragindako kalteak ordaintzea eskatu dute. Guztira, berrehun merkatari baino gehiagoren babesa jaso du plataformak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.