Albistea entzun

Dislexia goiz atzematearen gakoak

Dislexia ikaskuntzaren nahasmendu bat da, eta deskodetze prozesuan, irakurketan eta idazkeran eragiten du. 25 haurreko eskola bakoitzeko bi haurrek pairatzen dute. Garrantzitsua da garaiz atzematea, eta adituek diote «lan handia» dagoela egiteko.
Haur bat eskolan, eta irakaslea laguntzen.
Haur bat eskolan, eta irakaslea laguntzen. GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Olaia L. Garaialde -

2021eko urriak 8 - Iruñea

Irakurketarekin beti saminduta eta gerran nengoen; batez ere, altuan irakurtzean trabatzen nintzen pila bat, ez nuen ezer ulertzen; estres handia zen», esan du Hegoa Arrietak. Dislexia dauka. 31 urte ditu, eta 29 urterekin jarri zioten izena ikasteko zuen zailtasunari; besteak beste, deskodetze prozesuan, irakurketan eta idazketan eragiten du dislexiak. Arrieta Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik aurrera hasi zen ikasteko zailtasunak izaten, batez ere hizkuntzekin. Orientatzailearengana eraman zuten, eta hark inteligentzia test bat egin zion. Arazoa hori ez zela ikusita, beste argudio batzuk bilatu zituen: «Gurasoen banaketarekin lotu zuten». Diagnostikoa jaso zuenean, Disnavarra elkartearekin harremanetan jarri zen, eta esan zioten «oso ohikoa zela» dislexia kanpoko arazoekin lotzea. «Haur horiekin zer gertatzen den ez ikusteko eta zuritzeko modua da», salatu du Arrietak. Gaur, Dislexiaren Nazioarteko Eguna da.

Disnavarra dislexia lantzen duen elkarte bat da; besteak beste, familiei laguntza eta aholkularitza eskaintzen die, eta komunikazio instituzionalaz eta formakuntzak emateaz arduratzen da. Itxialdiaz geroztik, Iranzu Ostolaza Disnavarra elkarteko presidenteak uste du pausoak eman dituztela: «Gehiagotan jartzen dira harremanetan gurekin; nik uste dut lan egiteko beste modu bat dagoela ikusi dutela». Gainera, azpimarratu du gero eta diagnostiko gehiago egiten dituztela. Educan programa bat abiatu dute, lanketa zuzenean haur guztiekin egiteko: «Horrela, azkarragoa atzematen da». Baina esan du oraindik «lan handia» dagoela egiteko.

Sandra Contreras eta Esther Rubio psikologoek Nahikari Dislexiaren Arretarako Zentro Psikosoziala sortu zuten Iruñean: «Nire lankidearen semeari atzeman zioten dislexia, eta ikusi genuen Nafarroan ez zegoela zentrorik horrelako zailtasunak lantzeko eta laguntza emozionala jasotzeko», azaldu du Contrerasek. Batez ere haurrekin lan egiten dute, eta hainbat gauza egiten dituzte; horien artean psikohezkuntza tailerrak: «Zuzenean lantzen dugu dislexia; irakurtzeko eta idazteko zailtasunak zuzenean lantzen ditugu». Horren barrua, kudeaketa emozionalean ere arreta jartzen dute: «Hala nola autoestimua eta antsietatea lantzen ditugu», azpimarratu du.

Haren arabera, dislexiadun haurren %90ek izaten dituzte zailtasun emozionalak; batez ere antsietatea eta autoestimu baxua: «Beti sentitu dira gainerako ikaskideak baino gutxiago edo desberdin, eta horrek asko mintzen ditu». Desinformazioak kalte handiak eragiten dituela dio: «Oraindik ere, eskoletan askotan ez dakite nola landu gai hauek, eta haurra edo alferra gisako etiketak jartzen dizkiete».

Ikerketen arabera, ikasleen %7k daukate dislexia; hau da, 25 haurreko eskola batean, bik. Hala ere, Contrerasek dio hori ez dela adierazten: «Askotan uzten ditugu pasatzen, eta ez diegu diagnostiko bat egiten. Oraindik garaiz atzemateko aurre lana falta da». Gainera, askok laguntza pribatura jotzen dutela dio Contrerasek: «Eskola publikoetan egin beharko lizkiekete dohainik diagnostikoak. Hala ere, familia pila batek jotzen dute pribatura».

Sistematik kanpo

Arrietaren kasuan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan diagnostikorik gabe hasi zen; eta «ahal bezala» atera zuela dio. Amaitzeko urte bat gelditzen zitzaionean, aitari institutua utzi nahi zuela esan zion, «tortura bat» zelako. Bere aita hezkuntza arduradunekin bildu zen, baina ezezkoa jaso zuen. Azkenean, azkeneko urtean aurrera egitea eta ikasturtea amaitzea erabaki zuen. Hezkuntza sistemak «sumisioa» eta «kontrola» bilatzen duela salatu du: «Ikaskuntza guztia egiten da modu idatzian, eta irakurtzen txarra bazara, gustuko ez baduzu, edo, ni bezala, zailtasunak badituzu, kanpoan gelditzen zara».

Hezkuntza sistemari dagokionez, «ezinegona» zuela dio. Dislexiak beste bide eta interes batzuk zabaldu dizkio: «Barnean nolabaiteko sua piztu zitzaidan, injustiziak aldatzeko; barne borroka hori kanporatzeko sekulako beharra nuen». Beraz, Haur Hezkuntzako Goi Mailako zikloa egin zuen hezkuntza aldatzeko: «Ortografiarekin banituen arazoak, baina hausnarketan oso ondo moldatzen nintzen, eta ulermenean oso ongi barneratzen nituen edukiak», dio Arrietak.

Irakasle ikasketak egin zituen, eta salatu du eskolako «patroi bera» zela. Amaitu, eta Lehen Hezkuntzako irakaslea zelarik, zenbait zailtasuni aurre egin zien; esate baterako, gaztelaniazko eskolan hitz bat nola idatzi behar zen galdetzen ziotenean:«Beti nuen proiektorea. Word programan idazten zuten, eta hitza gorriz azpimarratuta bazegoen, gaizki zegoen, eta ikusi behar zen zergatik; bestela, aurrera». Zailtasunak «oso ondo» konpontzen zituela dio: «Bizi osoa daramat horretan, eta ez badiozu ondo erreparatzen, ez zara ohartzen».

Egokitzapenak

Duela hiru urteko oposizioetara aurkeztu zen, eta «oso gaizki» egin zituela esan du. Oposizioetan, akats ortografiko bakoitzeko 0,5 puntu kentzen dute. Beraz, erabaki zuen neurologoarengana joatea, eta esan zion 29 urterekin dislexia zuela, baita irakurtzeko zailtasunak ere. Hala ere, dio ez zela nahikoa oposizioetan egokitzapenak egiteko: «%30era iritsi behar zara, baina, ni bezala, jende asko ehuneko horretatik kanpo gelditzen da».

Egokitzapenak egitearen garrantzia azpimarratu du Contrerasek: «Arlo guztietan egon behar dira, bestela ez dira edukia barneratzeko gai izango». Nahikarin, haurrekin lanketa egiteaz gain, harremanetan. jartzen dira familiekin eta eskolekin: «Hor topatzen gara zailtasun nabariarekin, ikastetxe askotan ez baitakite nola egokitu». Nafarroako Gobernuak dislexia identifikatzeko ohar bat zabaldu zuen eskoletan; hala ere, informazioa falta dela dio: «Hezkuntza sistemaren barruan askoz gehiago informatu behar da, ikasi, eta azaldu haurrekin nola lan egin behar duten».

Arrietari masterrean aitortu zioten lehenengo aldiz dislexikoa zela: «Askoz lasaiago gainditu nuen; ez nuen deus ezkutatzeko, eta harro-harro jartzen nuen dena gaizki». Gaur egun, Haur Hezkuntzako eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea da. Unibertsitateko ikasleei erronka bat jarri die: «Lehenengo egunean esan nien arazo bat nuela, eta ni behatu behar nindutela eta asmatu zer nuen». Haren arabera, «polita» da ikasleek ikustea irakasleek ere zailtasunak dituztela: «Irakasleak ez gara psikologoak, baina atzeman behar ditugu horrelako gauzak».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Gotzone Sagardui, Eusko Legebiltzarrean. ©Raul Bogajo / Foku

Donostia aldeko ESIan «pertsonen aldaketa bat» behar zela nabarmendu du Sagarduik

Jon O. Urain

Sailburuak azaldu du zuzendaritza berriak eta Osakidetzako buruzagiek «ikuspegi bera» dutela, eta «gertaera kate baten» ondorioz beharrezkoa zela Donostia aldeko ESIko zuzendaritza aldatzea.

Rebeka Ubera eta Maddalen Iriarte, Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudian ©Raul Bogajo/ Foku

Sagarduik ez luke karguan segi beharko, EH Bilduren arabera

Edurne Begiristain - Julen Aperribai

Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+C’s-k agerraldi bat egiteko eskatu diote sailburuari Eusko Legebiltzarrean. PP+C's-ek Sagardui kargutik kentzeko eskatu dio lehendakariari.

Azken agurra Jakes Abeberriri

Jakes Abeberri ehortzi eta omendu dute Miarritzen

Oihana Teyseyre Koskarat

Txiki gelditu da Santa Eugenia eliza. Pasa den astean hil zen, 92 urte zituela.

Donostia ospitalea, artxiboko irudi batean. ©Andoni Canellada / Foku

Osakidetzaren «politika suizida» salatu dute Donostiako ESIko 30 bat zerbitzuburuk

Ion Orzaiz - Paulo Ostolaza

Gutun batean, osasun zerbitzu publikoaren zuzendaritzaren dimisioa eskatu dute, zentzugabeko kudeaketarengatik, eta «sektarismoa eta trakeskeria» leporatu dizkiote.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.