AEB. Abortatzeko eskubidea

Taula politikoa astindu du Gorenak

AEBetako herritarren haserrea Kongresurako azaroko bozetan boto bihurtzea nahi dute Alderdi Demokratako ordezkari batzuek. Beste batzuk, baina, kritikoagoak dira Bidenen alderdiaren jarrerarekin.

Abortuaren aldeko ekintzaile bat, atzo, protesta egiten, Atlantan. ERIK S. LESSER / EFE.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
AEBetako Auzitegi Gorenak abortu eskubide konstituzionala ezabatu ostean piztu diren protestetan, Alderdi Errepublikanoa eta hark izendatutako epaileak izan dira manifestarien jomugan. Ordezkari demokrata askok hartu dute hitza, Kongresurako azaroko hauteskundeen garrantzia azpimarratuz egoera berri honi buelta emateko. Asko dira demokratekin ere kritiko direnak, ordea; besteak beste, gobernuan egonda ere ez direlako abortua bermatzeko gai izan.

Euskal Herriko manifestazioetara ohituta dagoenarentzat, oso arraroa egiten da abortu eskubidearen aldeko protesta batean alderdi baten aldeko botoa eskatzea. Baina horixe da Auzitegi Gorenaren erabakiaren aurkako elkarretaratzeetan behin eta berriz entzuten dena. Laburbilduta: «Errepublikanoek behartutako egoera da, baina, demokratek irabazten badituzte, abortu eskubidea berriz egongo da babestuta». Kontua da, baina, demokratek irabazi zituztela azken hauteskundeak, eta gaur egun gobernu demokrata dagoela, baita demokratak nagusi direla Kongresuan ere. Horregatik, ardura nagusia Alderdi Errepublikanoan egonda ere, demokraten erantzukizuna eta jarrera elektoralista salatzen ari dira ezkerreko sektore askotan.

«Gizon zuri zahar horiek kendu behar ditugu, eta emakumeak defendatuko dituen jende gazte aurrerakoia ekarri haien alde bozkatzeko», indartsu hedatu dira sare sozialetan Zoe Warren manifestariak egindako adierazpenak; Auzitegi Gorenaren aurreko protestetan elkarrizketatu zuten NBC telebistan, joan den larunbatean, ebazpenaren biharamunean. Warrenek haserre hitz egin zuen, sakelako telefonoan Biden kanpainatik diru bilketarako jasotako mezu baten ondorioz: «Gorenak Roe [aborturako eskubide konstituzionala] ezeztatu zuela ziostan mezuak, eta nire ardura zela Alderdi Demokratarako hamabost dolar biltzea. Onartezina iruditu zitzaidan. Nire eskubideek ez lukete aitzakia izan behar haien kanpainetarako dirua biltzeko. Roe kodetzeko hainbat aukera izan dituzte azken 20, 30, 40 urteotan, eta ez dute halakorik egin. Horren aldeko kanpainan jarraitu behar badute, zerbait egin beharko lukete».

Alexandria Ocasio-Cortez New Yorkeko kongresukide ezkertiarrak Twitter bidez zabaldu eta iruzkindu zuen mezua, eta are oihartzun handiagoa eman zion. «Luzaroan egon gara honi buruz alarma jotzen. Batzuek mezulariaren aurka egingo dute, baina ezin ditugu promesak egin, jendea xaxatu bozka dezan, eta hala egiten dutenean gure botere guztia erabiltzeari uko egin. Garaiz gaude hori konpontzeko, baina ausartak izan behar dugu».

Bozetarako argudio

«Roe vs Wade gure herrialdeko legea da, eta hura ezabatzeko ahalegin ororen aurka egin behar dugu. Presidente naizenean, Roe lege gisa kodifikatuko dut, bermatzeko hau [abortua] emakumearen eta medikuaren arteko zerbait izango dela aurrerantzean ere». Joe Bidenen hitzak dira, 2020ko hauteskunde kanpainakoak. Joan den ostiralean «egun tristea» zela idatzi zuen txio batean: «Auzitegi Gorenak eskubide konstituzional bat kendu die estatubatuarrei, berariaz. Eskubide pertsonalak egongo dira jokoan udazkeneko hauteskundeetan».

Presidentetzan daraman urte eta erdian, Bidenek ezin izan du esandakoa bete; 1973an Gorenak ezarritako aurrekari konstituzionala berariazko lege bihurtzea, alegia. Senatuan 50 aulki dituzte demokratek, eta beste horrenbeste errepublikanoek. Berdinketa dagoenean, Kamala Harris presidenteordearen botoak alderatzen du balantza. Baina, filibusterismo arauaren ondorioz, 60 boto behar dira, edo araua bera baliogabetzea osterantzean; ez Bidenek berak, ez Kongresuko buruzagitza demokratak ez dute lortu goi ganberan behar besteko babesik. Demokraten artean ere, presidentea ez da gai izan erabateko diziplina ezartzeko, eta etengabeko buruhausteak ekarri dizkiote bizpahiru senatarik.

Presidentetzarako hauteskundeetatik bi urtera egiten diren midterm edo agintaldi erdiko bozak aurtengo azaroan izango dira, eta Ordezkarien Ganberako ordezkari guztiak eta Senatuaren herena hautatuko dituzte boto emaileek. Horrez gain, estatu askotako legebiltzarrak eta gobernadoreak ere aukeratuko dituzte. Historikoki, Etxe Zurira iritsi berri den alderdiak behera egin ohi du hauteskunde hauetan: presidentetzarakoetan baino parte hartze txikiagoa egon ohi da, eta gobernuaren aldekoen artean etxean geratzeko joera handiagoa egoten da. Langabezia oso apal egon arren, inflazioak nabarmen kalte egin die estatubatuarrei, eta presidentearen onarpena oso behean egonik, errepublikanoek irabaztea da orain bertan pronostiko nagusia.

Horregatik, Gorenaren erabakiak boto emaileak hauspotzeko balioko duelako itxaropena daukate demokratek, inkestetan argi ageri baita herritar gehienak aurka daudela; are gehiago emakumeen artean: hirutik bi daude ostiraleko ebazpenaren aurka. Haserre hori azaroan boto bilakatzea da, beraz, hainbat demokrataren itxaropena. Baina haien boto emaileetako asko gogaituta daude oinarrizko eskubideak ere hauteskundeetarako kalkulu bihurtzen dituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.