AEBek Errusiari egotzi diote beren drone bat suntsitzea

Washingtonen esanetan, Errusiako hegazkin batek Itsaso Beltzaren gainean jo du aireontzia

Albanese, Biden eta Sunak, akordioa plazaratzeko San Diegon (AEB)egindako aurkezpenean. ETIENNE LAURENT / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Gerra Hotzetik lehenengoz,AEBek bere aireontzi bat suntsitzea leporatu zioten atzo Errusiari. AEBetako armadaren Europako komandantziak arratsaldean adierazi zuenez, Errusiako armadaren Su-27 gerra hegazkin batek AEBetako MQ-9 drone bat atzeman zuen Itsaso Beltzaren gainean, nazioarteko aire espazioan; jo egin zuen, eta dronea itsasoaren kontra behea jotzera behartu. Errusiak ukatu egin du.

AEBetako armadaren arabera, Errusiaren hegazkinak erregaia isuri zion droneari gainean, eta ondoren eman zion kolpea. «Kalteen ondorioz, Itsaso Beltzean jo du behea», esan zuen Pat Ryder AEBetako jeneralak.

Errusiako armadako pilotuek antzeko beste egoera batzuetan ere portaera «arriskutsuak» izan dituztela salatu zuen Washingtonek, AEBen eta haren aliatuen aireontzietatik gertu jardun dutela, haien mugimenduak oztopatzeko. Oraingoan, baina, Etxe Zuriak uste du Errusiako aire armadaren jokabidea «zuhurtziarik eta profesionaltasunik gabekoa» izan dela. Modu horretara, aditzera eman du AEBetako dronearen eta Errusiako hegazkinaren arteko talka istripu bat izan dela.

Hala ere, Etxe Zuriak oharra bidali dio Kremlini: ez dezala «nahi gabeko tentsio gorakada bat» eragin, eta alboratu ditzala jokabide «erasokorrak». Washingtonek bilera batera deitu zuen Errusiak AEBetan duen enbaxadorea, gertaeraren gaineko kexak helarazteko.

AEBek ziurtatu zuten «nazioarteko aire espazioan» hegaldiak egiten jarraituko dutela. «Ez dugu behar errusiarren baimenik», nabarmendu zuen John Kirby AEBen Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko bozeramaileak.

Errusiako Defentsa Ministerioak berretsi zuen MQ-9 drone bat atzeman zuela atzo, Itsaso Beltzaren gaineko zeruan, Krimeako penintsulatik gertu, eta Ukrainako gerran behin-behinean ezarritako aire muga urratu zuela; ukatu egin zuen Errusiako hegazkin batek AEBetako drone bat suntsitu zuela. «Errusiako hegazkinek ez dituzte beren armak erabili, ez dute identifikatu gabeko aire ibilgailuarekin kontakturik izan, eta modu seguruan itzuli dira beren aire basera».

MQ-9 dronea errekonozimendurako eta erasorako drone bat da. Orduko 400 kilometro arteko abiadan hegan egiteko gai da, eta misilak nahiz laser bidezko bonbak garraia ditzake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.