LEKU-LEKUTAN

Britainiak eta Kaledoniak

Urtzi Urrutikoetxea -

2019ko ekainak 9

Hiru urte, hasierako lekura heltzeko: brexit-a gailen eta lehen ministroak dimisioa. Alderdi Kontserbadorearen zatiketa eta Nigel Farageren UKIPek zekarren arriskua behin betiko konpontzeko era onena haren eskaerari men eginda lortuko zuela pentsatu zuen: galdetu brexit-az, Europan geratzea erabaki, eta uxatu arriskua. Handik hiru urtera, britainiar hauteskunde sistema bereziagatik parlamentutik kanpo egon arren, Brexitaren Alderdia nagusitu da bozetan. Europako Parlamenturakoetan, paradoxikoki.

Boris Johnsonen izena agertu zen orduan ere lehen ministro izateko, baina bizpahiru mugimendu bizkorrek jokoz kanpo utzi zuten Londresko alkate ohia, eta ordura arte EBn gelditzearen aldeko Theresa May sartu zen Downing Streeteko 10.era. Bihar berriz ekingo diote tory-ek prozesu horri, hamaika hautagairekin eta ostera ere Johnson faborito. Hori bai, remainer-ik gabe orain, eta urriaren 31n brexit-a gauzatzeko prest, akordioarekin zein akordiorik gabe: akordiorik gabe, alegia. Dominique Raab eta Johnson bera, jarrera gogorrena agertu dutenak.

Brexit-aren zurrunbiloan eta gobernubururik gabe geratzear dela herrialdea, egonkortasunerako arriskurik handienaren bisita izan du asteon. Trumpek lotsarik gabe hauspotu ditu Johnson eta Farage, eta berdin egurtu harrera egin —behar izan— dion hiriburuko alkateari.

Amildegitik geroz eta hurbilago eta brexit-ak dakarren hondamendiak bultzatuta, galdeketarako lege proposamena eraman zuen joan den astean Nicola Sturgeon lehen ministroak Edinburgoko Parlamentura. Kosta zaio, kosta zaionez, baina Eskoziak ekin dio azkenean independentziarako bigarren erreferendumaren bideari. Europako hauteskundeetako emaitzak hauspotuta, eta SNP alderdi independentista buru duen gobernuaren agintaldia 2021eko maiatzean amaituko da, eta epe horren aurretik egiteko asmoa iragarria zuen lehen ere. Orain, data zehatzik gabe baina 2020an —datorren urterako— deitu nahi duela esan du Sturgeonek. «Europako nazio independente baten alde ala kanpotik inposatutako brexit-aren artean» hautatu beharko dute herritarrek, lehen ministroaren berbetan.

Hasi berri den bidean lehen urratsak Eskozian bertan eman beharko ditu; ez dirudi arazo handirik izango duenik beharrezko legedia osatzeko: SNPren gehiengoaz gain, berdeak ere independentistak dira. Eta ezin ahaztu: independentziaren aurkakoek ere ezinbestean galdeketaren aurka egon behar dute. Javid Savid lehen ministro izateko hautagaiak, bai, esan zuen ez zuela baimenduko erreferendumik. Eta barrez eta burlaz hartu dute Eskozian. Erabakitzeko eskubidea ez da eztabaidagai Eskozian.

«Belaunaldi baterako» eztabaida amaitu beharko zuen duela bost urteko erreferendumak, 2014ko kanpainan independentistek esan eta unionistek behin eta berriz gogorarazten dieten legez. Handik bi urte baino gutxiagora goitik behera irauli zen dena, ordea: 2016ko ekainean brexit-a gailendu zen ustekabean, Ingalaterrako pisu demografikoagatik; Eskozian %62k Remain edo EBn gelditzearen alde bozkatu zuten, horratik. Eta legitimazio talka dator hor: bi erabaki hartu dituzte eskoziarrek: Erresuma Batuan geratzea eta Europako Batasuneko kide izaten jarraitzea. Batak bestea ukatzen du, horratik. Aurkako mehatxua izan zuten lehen erreferendumean, gainera, Londrestik bereizteak Bruselatik bereiztea ere ekarriko zuela ezinbestean. Espainiak behartutako jokaldia izan zen, eta kasu orain ere: Edinburgon Espainiak zeukan kontsulak Madrilek betorik ez zuela jarriko esan du egunotan, eta berehala kanporatu du Josep Borrellek.

Edozelan ere, pentsatzekoa da beso zabalik hartuko lukeela Europako Batasunak Eskozia independentea. Ezin ahaztu, horrek berez dakartzan aldaketez harago, brexit-ak Irlandara ekarri duen buruhaustea lekarkeela Britainia Handira: Europako Batasunean dagoen herrialde bat, eta EBtik kanpo geratu den beste bat. Akordiorik gabe balitz, muga fisikoa beharko litzateke Ingalaterraren eta Eskoziaren artean, Britainia Handiaren bihotzean; kontrolak, hesiak eta mugazainak.

Amaitzeko, britainiarren auziak utzita eta urrunagoko uharteetara begira, datorren astean adi egon beharreko beste leku garrantzitsu bat: hilaren 13an, ostegunean, Kaledonia Berriak gobernua hautatuko du, maiatzeko hauteskundeetatik hilabetera. Parlamentua eratzean ezustekoa izan zen ganberaren presidentetza Roch Wamytan independentistak lortzea, gehienetan unionisten aldera lerratzen diren Wallis eta Futunako etorkin polinesiarren alderdiarekin lortutako akordioari esker. Orain, Eveil Oceanien-ek jarrera aldatu eta eskuin unionistarekin egin du akordioa. Edozelan ere, parlamentua eratuta eta gobernua hautatuta —zernahi kolore duela ere exekutiboak— 2020ko independentzia erreferendumera bidea abian da.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Azken zenbaketan 33 positibo atzeman dituzte, 11 Bilbon

Azken zenbaketan 33 positibo atzeman dituzte, 11 Bilbon

Arantxa Iraola

Adierazi dute ez dagoela motiborik esateko Bizkaiko hiriburuan gaitzaren oldarraldi bat dagoenik, baina ikertzen ari dira

Bi langile Donostian desinfekzio lanak egiten. ©Jagoba Manterola, Foku

Donostiako Etxadi kiroldegia itxi egin dute, langile batek positibo eman baitu

Berria

Donostia Kirola Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin ari da hartu beharreko neurriak zehazten. 

Jedea Donostiako kaleetan maskarak jantzita ©Juan Carlos Ruiz / FOKU

Eudelek maskaren erabilera indartzeko eskatu du

Aloña Beraza Peña

Eudelek udalei eskatu die maskara erabiltzeko mezua indartzeko. Euskadiko Udalen Elkarteak jakinarazpen bat bidali die alkateei. Normaltasun berrian maskararen erabilera nahitaezkoa da leku itxietan, eta baita segurtasun distantzia mantentzen ez den egoeretan ere, baina gainerakoetan maskara erabiltzea aholkatzen da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna