Bakearen bidelagun

Foro Sozialak dio Altsasuko auzia Nafarroako elkarbizitzarako aukera bat dela, eta kasua euskal gatazkarekin lotu izana kritikatu du

Foro Soziala eta Altsasuko Gurasoak, atzo, Iruñean emandako prentsaurrekoan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iruñea
2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Altsasuko auziko gazteen aurkako epaiketak bakegintza astindu du. Expe Iriarte eta Txemi Perez Nafarroako Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileen esanetan, auzia oztopo bilakatu da biktima guztientzako egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidean. Hala ere, aukera bat bihurtzeko baldintzak ere badirela argudiatu dute: «Altsasuko herriak elkarbizitzaren aldeko apustua egiten du, eta eredugarria izan daiteke datozen lau urteetan Nafarroan egin behar den lanerako». Hala mintzatu ziren atzo, Iruñeko Kondestablearen jauregian, auziko gurasoekin batera egindako prentsaurrekoan.

Foro Sozial Iraunkorrak 2016. urtean egin zuen Altsasuko auziari buruzko azkeneko balorazioa. Geroztik, ez dute gaia espresuki landu. Epaiketa euskal gatazkatik kanpo uztea erabaki zuten. Iriarteren eta Perezen ustetan, ordea, gaiak hartu duen norabideak behartu egin ditu iritzia aldatzera: «Nafarroan eta Madrilen gatazka bat egon dela ukatzen duten sektoreak eta epaitegiak izan dira Altsasuko gertaerak iraganeko indarkeria zikloarekin lotu nahi izan dutenak».

2016ko balorazioan, Foro Sozialak kezka azaldu zuen auziak hartu zuen dimentsioagatik, baina uste zuen zuhurtasuna nagusituko zela. Orain, ordea, auzipetutako gazteekiko «diskriminazioa» salatu dute Iriartek eta Perezek: «Irizpide ideologiko politikoen araberako zigor ereduaren erabilera zabaltzeari ate handia ireki zaio». Aldi berean, salatu dute auzia ez dela tokiko epaitegietara itzuli, nahiz eta Espainiako Auzitegi Nazionalak «terrorismoaren» delitua atzera bota. Hiru eta hamabi urteko zigorrak ezarri zituen epaitegiak.

Nafarroako Gobernurako negoziaketetan PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak bakegintzan erabakitakoa ere nabarmendu dute Nafarroako ForoSozialeko bozeramaileek, azkeneko lau urteetan egindako bideari «jarraipena» eman diotelakoan. Gainera, adierazi dute herrialdeko jendartearen gehiengoak elkarbizitzan oinarritutako etorkizun bat nahi duela.

Labirinto judizialean gora

Altsasuko Gurasoak taldeak babes osoa helarazi dio Foro Sozialaren adierazpenari. Edurne Goikoetxea eta Antxon Ramirezek hitz egin dute gurasoen izenean, eta nabarmendu dute epaiketaren amaiera elkarbizitzarako ekarpen handia izan daitekeela. Hala ere, auzi osoaren helburua «sufrimendua, mendekua eta beldurra» direla kritikatu dute.

Auzitegi Gorenak irailaren 18an aztertuko du Altsasuko familiek Auzitegi Nazionalaren erabakiari ezarritako helegitea. Nahiz eta azkenean terrorismo frogarik ez ikusi, epaimahaiak ebatzi zuen «motibazio ideologikoak» zeudela 2016ko Altsasuko liskarretan, eta, ondorioz, gogortu egin zituen kartzela zigorrak.

Goreneko auzi saioaren aurretik, abuztuaren 10ean, auzipetutako gazteetako hiruk kartzelan mila egun beteko dituztenean, mobilizazioak antolatuko dituztela jakinarazi dute Altsasuko auzioko gurasoek; oraindik ez dituzte zehaztu ekinbideok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.