Antropozenoari data jartzen

Nazioarteko ikertzaile talde baten arabera, lehenengo bonba atomikoa leherrarazi zutenean hasi zen Antropozenoa, gizakiaren jardunak antzaldatutako Lurraren aroa.

Getxo eta Sopela arteko Gorrondoatxa hondartzako labarretan giza jardueraren aztarnak atzeman daitezke. ALEJANDRO ZEARRETA.
2015eko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Uztailaren 16a, 1945, Alamogordo (Mexiko Berria, AEB Ameriketako Estatu Batuak). Erlojuan, goizaldea: 05:29:45. Iluntasunaren erdian, lurrazaletik irteten den argiaren izpiek eta horiekin batera entzuten den eztanda erraldoiak hausten dute Trinity parajeko isiltasuna. Historian jaurti den lehen bonba nuklearraren leherketa da, Manhattan Proiektuaren emaitza. Gertakari hura, tamalez, Hiroshima eta Nagasaki hiriak (Japonia) ezagun egin zituen sarraskien aitzindaria izan zen, eta, aldi berean, aro geologiko berri bat hasi zen: Antropozenoa. Giza espeziearen jarduerek eragindako aldaketen aroa da.

Hala baieztatu dute, behintzat, nazioarteko 26 zientzialarik. Ikerketa sinatzen dutenen artean EHUko Alejandro Zearreta dago, Estratigrafia eta Paleontologiako irakaslea. Garai geologiko berria 50eko hamarralditik aurrera hasi zela deritzo: «Oso adibide garrantzitsua dugu; sedimentuetan jatorri artifizialeko isotopo nuklearrak aurkitu ditugu, CS 137 (metal erradioaktiboa) eta plutonio 139, eta horiek atmosferan izan ziren leherketa atomikoetatik datoz». Hori horrela, aztarnok garai baten amaiera eta hasiera finka dezaketela uste du; izan ere, lurrazala aro geologiko guztien berri ematen duen liburua dela esan daiteke, eta, Zearretaren aburuz, Antropozenoaren berri emanen duen atalari sedimentuetan aurkitu dituzten isotopo nuklearrek emanen diote hasiera, besteak beste. Aspaldikoa da Antropozenoaren hasiera finkatu nahi duen eztabaida. Hitza 2000. urtean asmatu zuen Paul J. Crutzen zientzialariak —Kimikan Nobel saria, 1995—, eta, haren ustetan, aroa lurrunezko makinaren eta kapitalismo industrialaren garapenarekin hasi zen. «Denborarekin kontzeptua egokitu behar izan dugu. Aro geologiko berriaren aldaketaren aztarnak sinkronizaturik egon behar dute planeta osoan; eta industrializazioan ez ziren herri guztiak aldi berean hasi», zehaztu du Zearretak. Beste hipotesietako batek Neolito garaian hasi zela dio, gizakiak animaliak etxekotu eta landareak beren mesederako erabiltzen hasi zirenean: «Ideia horrek ere ez du balio, munduan garai ezberdinetan eman baitzen neolitizazioa».

Horrenbestez, Zearretaren lantaldeak 50eko hamarraldian finkatu du Antropozenoaren hasiera, lehen bonba atomikoa lehertu ostean jaio zen mundu berriarekin batera. Azelerazio handia hasi zen orduan: «Biztanleriak gora egin zuen, landa exodoa izan zen, energiaren kontsumoa nabarmen igo zen… Eta horrek hainbat ondorio ekarri zituen, esaterako, CO2aren, metanoaren eta nitrogenoaren isurketak atmosferara. Jarrera horren eraginez, berotegi efektua sortu da, hainbat espezie galdu dira, poloak urtzen ari dira… Gure espeziea da kultura duen bakarra, eta ingurunean duen guztia eraldatzeko gaitasuna duena». Ildo berean, halaxe dio: «Ordura arte munduan gertatu ziren aldaketak naturalak izan ziren; orain, ordea, gizakiaren jarrera Lurraren aldakortasunean eragiten ari da».

Gogoetarako bidea

Azken 50 urteotako eragina nabaria da sedimentuetan. Antza, bioaniztasuna nabarmen jaitsi da lurrazaleko fosilen artean. «Landareen polena garai berri honen isla izan daiteke. 1950. urtera arte, sedimentuek biltzen zituzten haziak askotarikoak ziren, hainbat landaretakoak. Hortik aurrera, berriz, monolaborantzaren eragina sumatuko da, eta sedimentuen artean polen bakarra biltzen duten geruzak agertuko dira». Era berean, hamarkada hauetako jarreraren adibide izango dira sedimentuetan aurkitu dituzten osagai kutsagarriak ere. Horiek izango dira, beraz, etorkizuneko belaunaldiek garai honen inguruan jasoko duten lekukoa.

Ikerketaren ondorioak orain eman dituzte ezagutzera; halere, 2016ko abuztuan Hegoafrikan eginen duten biltzarrean aurkeztuko dute beren lana. Ordutik aurrera, eztabaidarako epea zabalduko da, eta beren proposamena geologia komunitateko adituen artean landuko dute, aro geologiko berria, Antropozenoa, 50eko hamarraldian hasi zen ala ez adosteko. Dena dela, eztabaida ez da soilik komunitate zientifikoan izango, gizartean ere oihartzuna izanen duela iritzi dio Zearretak: «Ikerketaren ondorioek azken urte hauetan izan dugun jarrera kritikatuko dute, martxan dugun garapen bortitza, kapitalismo industriala, klimaren aldaketa… Oro har, hartu dugun bidea zalantzan ipiniko dute». Horrenbestez, zera dio: «Kultura dugun espezie bakarra izanda, gure akatsetatik ikas dezakegu eta jarrera egokia hartu gure eta Lurraren mesederako». Gomendio horiei jarraituz, 17 Nobel saridunek berriki aurreratu duten apokalipsiaren ordularia apur bat atzera daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.