Albistea entzun

Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

Aldaketa sakonik ez eta dena airean

Nafarroako Gobernuko hiru bazkideek behera egin dute boto kopuruan, batik bat Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. PP eta UPN Navarra Sumaren lorpenetik urrun geratu dira

<b>PSN.</b> Maria Txibite, Ramon Alzorriz eta Elma Saiz, igande gauean, emaitzak jakin ondotik.
PSN. Maria Txibite, Ramon Alzorriz eta Elma Saiz, igande gauean, emaitzak jakin ondotik. JESUS DIGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2023ko maiatzak 30 - Iruñea

Oso urrun geratzen da 2015eko aldaketaren olatua. 2023ko Nafarroako mapa politikoak antz handiagoa du 2019koarekin. Pandemia bat tarteko, ez dira aldaketa sakonak gertatu lurraldea soziologikoki ardazten duten esparru soziologikoetan. Eskuinean, UPNren eta PPren arteko baturak bi parlamentari galdu ditu lau urteotan, eta bi alderdiek elikatu duten muturreko diskurtsoaren ondorioz, boto emaile askok aurkitu dute nork ordezkatuko dien hobeki: Voxek bete du zulo hori, eta bi parlamentari eskuratu ditu. PSN antzera geratu da. Geroa Baik galdu dituen bi parlamentariak EH Bilduk irabazi ditu, eta Zurekin Nafarroak hiru jarleku izango ditu. Dena den, aliantzen jokoa airean geratzen da oraingoz, Espainiako olatu atzerakoiak eta hauteskundeen aurrerapenak izan ditzakeen ondorioak lur hartu eta baretu arte.

 

Parte hartzea %67,7koa izan da. Botoen %98 zenbatuta, 154.866 herritar etxean geratu dira; hau da, duela lau urteren aldean 19.840 herritar gehiagok jo zuten abstentziora. Horri gehitu behar zaio boto zuri kopurua (+%109) bikoiztu egin dela, eta 5.722 nafarrek bere haserrea modu horretan adierazi nahi izan dutela. Boto zuriek alderdi bat osatuko balute, legebiltzarretik at geratu direnen artean, lehen indarra izango litzateke. Hortaz, zer etxe politikotan nabaritu da batik bat desmobilizazioa eta herritarren sumina?

Nafarroako Gobernuko bazkideek sumatu dute batik bat zaplaztekoa. PSNk 2019ko parlamentari kopuru bera erdietsi badu ere, 5.390 boto gutxiago eskuratu ditu. Kanpainan, UPNk saldu du boto sozialistaren %30 desmobilizatu zitekeela. Apustu horrek kale egin badu ere, PSNk gobernuaren lema eduki izanari ez dio etekinik atera. Nahiz eta ez duen atzera egin ordezkaritzan, Txibitek ez du bere helburua erdietsi, ez baitu gorantz egin eta bere esparru soziologikoa zabaldu.

Dena den, beste bi bazkideek are muturreko handiagoa hartu dute. Batik bat, Geroa Baik. 2019ko emaitzekin alderatuta, botoen %29 (-17.658 boz) galdu ditu. Bi legebiltzarkide gutxiago ditu, eta neurri berean gora egin du EH Bilduk. Egia da Geroa Bairen mezu politiko nagusiek bat egiten dutela EH Bildurenarekin eta gobernu barruan zein handik kanpo profil propioa markatzeko zailtasunak izan dituela. Haatik, horrek ez du galeraren tamaina guztia azaltzen, gutxi gorabehera Geroa Baik galdutako lau bototik bat baino ez baita koalizio abertzalera joan. Gainerakoa etxean geratu dela ematen du: 12.811 boto inguru, alegia.

Politikan bi gehi bat ez da hiru. Zurekin Nafarroak 2019an Ahal Dugu-k eta Ezkerrak adina parlamentari lortu ditu (hiru, zehazki), baina bi indarren batura baino 7.451 boto gutxiago eskuratu ditu, egiazki. Zerikusia izan dezakete Espainian euren esparru soziopolitikoan izan diren liskarrek, baita Ahal Dugu gobernuan eta Ezkerra oposizioan egoteak eragin dezakeen distortsioak.

EH Bildu, erreferente

Ezker-eskuin, arerioek beherantz egin duten bitartean, EH Bildu izan da boto kopuruan handitu den indar nagusia. Eremu abertzalean, erreferente nagusi bihurtu da, Geroa Bairen aurretik. Hirugarren postua kendu dio, eta ia 5.000 boto gehiago eskuratu ditu. Txibiteren inbestidura babestu eta gobernuarekin akordio nagusiak hitzartu izanak begi onez hartu dute bere boto emaileek, baliagarritasun hori oposizioko tonu kritikoarekin uztartzen jakin duelako.

Eskuinaren argazkiak gris tonalitate askoko argazkia utzi du. UPNren kasuan, haren estrategiak huts egin du. Batetik, sozialisten atsekabea ez da uste bezain handia izan, eta ez du haien botorik erakarri. Bestetik, PPk 23.080 boto eskuratu ditu, eta eskuineko boto baliagarriaren aldeko UPNren mezuari aurre egin dio. Hala, jada usadiotzat har daitekeen garaipenak bere ifrentzua du, 32 urtean emaitza kaskarrenak izan baititu. 2015eko marka negatiboa gainditu eta are gehiago egin du atzera boto kopuruan: duela zortzi urte baino 3.062 boto gutxiago jaso ditu.

Hamabost parlamentari, eta gaitz erdi. Izan ere, gaua nola joan zen ikusita, okerrago izan zitekeen, eta eguna onik amaitu izanaren sentipena gailendu zen UPNkoen artean. Guztira, 89.643 nafarrek eman diote babesa UPNri, baina Navarra Suma koalizioak 2019an lortutako 127.346 botoren emaitzatik oso urrun geratu dira: UPNren botoei PPrenak eta Ciudadanosek lortutako boto apurrak gehituz gero, 114.660 bildu dituzte.

Duela lau urte, eskuin muturrak ez zuen parlamentura sartzeko beharrezkoa den botoen %3ko langa gainditu; oraingoan, aldiz, muga hori aise pasatu du, eta 13.753 boto lortu ditu. Ordezkari ezagunik izan gabe, bere marka politikoa aski izan zaio horretarako. Voxen agenda atzerakoiak eta muturreko diskurtsoek tokia izango dute legebiltzarrean, eta orain ikusteko dago zer oihartzun izango duen komunikabideetan.

Parlamentukoen aldean, udalekoek ere utzi dituzte ñabardura interesgarriak. EH Bildu da lehen indar munizipalista: 68.956 boto bildu ditu, eta 345 hautetsi eskuratu ditu, duela lau urte baino 25 gehiago. UPNk boto gehiago bildu ditu (81.680), baina hautetsi gutxiago erdietsi (246). Dena den, eskuineko alderdia 104 udalerritan gailendu da; koalizio abertzalea, berriz, 102tan.

Emaitza onak izanagatik, hauteskundeok oraindik hainbat erronka utzi dizkiote EH Bilduri etorkizunerako. Batetik, iparraldean, Iruñerrian eta erdialdean boto kopuru handia lortu badu ere, Bardean koka daiteke bere ahulgunea. Erriberan oso presentzia apala du. Adibidez, Tuteran hautagaitza aurkeztu badu ere, ordezkaririk gabe geratu da.

Bestetik, ez du lortzen udaletako emaitza bikaina parlamentukoetan errepikatzea, 13.478 botoren aldea baitago batetik bestera. Zalantzarik gabe, neurri handi batean Iruñeko lehia politikoak eta Asironen efektuak azaltzen dute diferentzia handi hori. Ez guztia, ordea; izan ere, Iruñeko udaleko bozetan parlamentukoetan baino 10.899 boto gehiago eskuratu dituzte.

Hain zuzen ere, hiriburuan erronka bota dio UPNri, eta lehen indar izateko aukerak ilusioa piztu du kanpainan. Alta, eskuinak Iruñean historikoki izan duen nagusitasuna kolokan jartzeko koska bat falta zaio oraindik; 2.939 botoren faltan geratu da. Alde Zaharrean, Buztintxurin, Txantrean, Arrotxapean, Sanduzelain, Arrosadian, Azpilagañan eta Mendillorrin lehen indarra izan da; hamalau auzoetatik zortzitan irabazi du, alegia. Botoen bi heren zenbatu arte, EH Bilduk aurrea hartzen zion UPNri, eta amaieran, UPNko buruzagien aurpegietan islatzen zen pasatutako une txarra. Dena den, alkatetzarako giltza PSNren bost hautetsiek dute, eta Espainiatik etorritako olatu politikoak oso-oso zail egiten dute Asironek aginte makila kentzea Ibarrolari.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Arkaitz Rodriguez, atzo, Arrasateko Uarkape frontoian eginiko hitzaldian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Sortuk abagunea baliatu nahi du Madrilen nazio auzia jorratzeko

Iosu Alberdi

Alderdi independentistak VI. Nazio Konferentzia egin du, eta militanteek aurrera begirako plan politikoa onartu dute. EH Bilduren eta EH Bairen aldeko apustua berretsi dute

Josu Urrutikoetxea, 'No me llame Ternera' dokumentalaren une batean. ©

Auzi bat, ikuspegi desberdinak

Enekoitz Esnaola

Josu Urrutikoetxeak gehienbat ETAren hilketei buruzko galderak erantzun behar izan ditu 'No me llame Ternera' dokumentalean; maiz aipatu du «sentitzen» duela. Gainetik jorratu dute «gatazka».

 ©BERRIA

Torturak blaitutako irail hura

Gotzon Hermosilla

Egunotan 30 urte beteko dira Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro Espainiako polizia indarren eskuetan zeudela hil zirenetik. Haien kasuek argitu gabe jarraitzen dute.

 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Sanchezek lortuko du inbestidura aurrera ateratzea»

Gurutze Izagirre Intxauspe

Erronka nagusiak gizarte gaietan daudela uste du Anduezak, eta horretarako politikak garatzea da Alderdi Sozialistaren lehentasuna. Nazio auzia ez dago gizartearen kezken artean, haren aburuz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...