Koronabirusa

40.000 kasutik gora atzeman dituzte Hegoaldean Gabonetako astean

Igandean, 21.000 proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta lautik bat izan ziren positibo: 5.362. ZIUetan 136 eri daude, larri

Ion Orzaiz.
2021eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Gainezka. Omikron aldaerak goitik behera aldatu du izurriaren aurpegia Euskal Herrian. Birusa oldarturik dago Europa osoan, eta, Gabonetako ospakizunek datuetan izanen duten eragina aintzat hartu gabe ere, transmisioaren goranzkoa ikusgarria izan da azken egunetan, marka guztiak hautsita. Atzo, beste 5.362 positiboren berri eman zuten Osakidetzak eta Osasunbideak. Guztira, 21.050 PCR eta antigeno proba diagnostiko egin zituzten igandean Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; hortaz, positibo tasa %25,4 da orain. Egiten diren lau testetik bat positiboa da, eta gora doa ehunekoa. Adituen arabera, horrek frogatzen du behar direnak baino proba diagnostiko gutxiago egiten direla, eta, uneotan, osasun arduradunek ezin diotela izurriari neurria hartu. Kontrolik gabe ari da hedatzen.

14 eguneko intzidentzia metatua ere harrotuta dago Hegoaldeko lau herrialdeetan: 2.000 kasutik gora 100.000 biztanleko, batez beste. Izurriaren lehen olatuaz geroztik izan den handiena. Ñabardura txikiak atzeman daitezke herrialdez herrialde, baina adierazleak harrotuta daude guztietan: intzidentzia metatua 1.888,6 kasukoa da Araban, 1.969,7koa Bizkaian, 2.316,6koa Gipuzkoan eta 2.175ekoa Nafarroan.

Gabonetako aste osoan erregistratutako datuak aintzat hartuta, are argiago ikus daiteke olatuaren tamaina: guztira, 40.661 positibo berri atzeman dituzte abenduaren 20tik 26ra artean, Hego Euskal Herrian. Hain zuzen, Osakidetzak eta Osasunbideak abenduaren 24an detektatu zuten kasuen igoera nabarmenena: ia 8.000 positibo atzeman zituzten egun horretan. Azken bi asteotako kasu berriak zenbatuz gero, berriz, batez bestekoa 4.290ekoa da.

637 gaixo ospitaleetan

Omikron aldaeraren bultzada ez da nabaritu soilik transmisio datuetan. Ospitaleen egoerak ere okerrera egin du azken egunetan, nabarmen: uneotan, 637 paziente daude Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako erietxeetan, COVID-19ak jota. Kopuru handiena, maiatzaren 11z geroztik. Horietatik, 501 daude gela arruntetan, eta 136, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, larri. Egunetik egunera ari da egoera okertzen: azken bi asteetan, egunean 60 pertsona ospitaleratu dituzte Hegoaldeko erietxeetan. Egun bakarrean gainditu zen 90 ospitaleratze berrien langa: abenduaren 24an izan zen, eta 91 pertsona erietxeratu zituzten egun hartan, COVID-19arekin. Maiatzaren 4tik ez zen tamaina horretako ospitaleratze kopururik erregistratu.

Izurriak eragindako heriotzek ere ez dute etenik izan, baina administrazioek ez dituzte heriotza horiek era berean komunikatu. Nafarroako Gobernuak egunero-egunero eman ditu datuak; Eusko Jaurlaritzak, berriz, astean bitan. Atzo, adibidez, abenduaren 22ra artekoak soilik eman zituen. Horiek aintzat hartuta, ikus liteke 47 lagun hil direla COVID-19arekin Hego Euskal Herrian astebetean. Ordutik, baina, beste sei heriotzaren berri eman du Nafarroako Gobernuak —abenduaren 23tik 26ra bitartean—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.