Katalunia. Diada

Gehiengoaren bila beste urte batez

Independentistek gaur egingo dute Diadako ekitaldi nagusia, 'Errepublika egiten dugu' lelopean. Erreferendumetik ia urtebetera, beste estrategia bat zehazteko beharra du independentismoak

Oriol Junqueras, lehen planoan, iazko ekitaldian. Kartzelan dago iazko azarotik. QUIQUE GARCÍA / EFE.
Carme Porta.
Bartzelona
2018ko irailaren 11
00:00
Entzun
Katalunian Diadako mobilizazioak ezarriko du urte politikoaren hasiera, gaur. Duela urtebete, parlamentuak Erreferendumaren Legea onartu berria zuenean egin ziren ekitaldiak eta ospakizunak; orain, orduko gobernuko kide gehienak espetxean edo erbestean daudela egingo dira.

Arlo sozial guztietan pairatu den errepresioak baldintzatu du mobilizazioa, eta badirudi aldaketak eragingo dituela estrategia independentistan. Iazko irailaren 11n subiranotasunak ilusioa zuen, erreferendum baten atarian zegoenean. Orain, Diadari erresistentzia espiritu batekin ari zaio aurre egiten, eta jakitun dago aldaketa estrategikoen beharra duela.

Aukeratu duten leloak mugarri bat ezarri du aurreko hilabeteekin: Fem Republica (Errepublika egiten dugu). Azken mobilizazioek errepresioaren aurkako alorrean jarri dute arreta, presoen askatasuna eskatu dute, eta erbesteratuen itzulera. Hori da oraindik estrategia independentistaren ildoa, baina ekinaldi politikoa berreskuratzeko garrantzia nabarmendu da orain.

Azken egunotan agerian gelditu da behar hori. Quim Torra Generalitateko presidenteak halaxe esan zuen joan den astean urte politikoaren hasierako hitzaldian: «Hilabete batzuetan erresistentzia egin eta gure instituzioak berrezarri ondoren, hurrengo hilabeteei aurre egin behar diegu, edo asteei esango nuke nik. Asmo sendoarekin, sakrifikatzeko eta jende gehiago batzeko borondatearekin, eta nazio libre eta burujabe baten helburua lortzeko esperantza kolektiboarekin. Herriak eman digu proiektu hau egiteko ekimena».

Urte honetako mobilizazioa Kataluniako errepublika independente baten eskakizunera itzuli da, eta eskari hori iazko urriaren 1eko erreferendumaren emaitzetan oinarritu du. Bartzelonako Diagonal etorbidea betetzeko deialdi bat egin da, eta erakutsi nahi da mobilizazioa bizirik dagoela pairatu den errepresioaren ondoren ere. Erreferendumaren agindua betetzea nahi duten pertsona guztiei dei egin zaie, baina baita estatua ahultzen ari den demokrazia baten gisan ikusten duten sektore askori ere, eta proposamen errepublikanoan alternatiba bat ikusten dutenei.

Gizarte erakunde garrantzitsuenak zuzentzen dituzten hiru pertsonarekin mintzatu daBERRIA, egoera aztertzeko: Elisenda Paluzie ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentearekin, Marcel Mauri Omnium Culturaleko presidenteordearekin —erakunde hori Jordi Cuixartek zuzentzen du, Lledonerseko espetxetik— eta Annabel Moreno AMI Kataluniaren Independentziarako Udalen Elkarteko presidente eta Arenys de Mar herriko alkatearekin.

DIADAKO MOBILIZAZIOA



Oraingo testuinguruan, helburu politikoa anbizio handikoa da. Paluzieren ustez, Diadako mobilizazioaren xede nagusia «helburu politiko zentrala» mahai gainean jartzea da. «Errepresio politikoaren helburuetako bat da helburu politikoa alde batera uztea, eta bakarrik errepresioaz hitz egitea. Leloa zabala da, eta mundu guztia izango da ongi etorria. Uste dugu oraingo testuingurua gainditzeko berriz ere erdigunera ekarri behar ditugula gure helburuak, eta ez beste batzuetara egokitu».

Maurik nabarmendu du kaleko mobilizazioa «ezinbestekoa» dela «edozein demokraziatan». «Aurrerapen sozial eta politiko guztiak mobilizazioekin lortu dira. Gainera, testuinguru errepresibo honetan beharrezkoa da ez dutela irabazi erakustea, elkarrizketaren bidea itxia duen estatu batekin, baita PSOErekin ere, hitz politetez gain ez baitu ezer egin. Lortu den guztia ez dela galdu erakutsi behar da. Eskubideak indarrean jarrita bakarrik salbatzen dira, eta, orain, jendea kartzelan dago manifestazio baketsuetara deitzeagatik. Mobilizazioarekin erakusten dugu eskubide horiek indarrean jarri nahi ditugula, eta defendatu egin behar ditugu». Maurik espero du beldurra ez izatea «balazta bat». «Ezin ditugu alde batera utzi gure helburu politikoak. Jende askok konpromisoa erakutsi du honetan, eta uste dugu guztiek dutela tokia».

Morenok, berriz, uste du errepresioa «oso garrantzitsua» izan dela, baina esan du errepublika lortzeko helburuari eutsi diotela. «Autodeterminazioa bezalako eskubide legitimo bat aldarrikatzea ez da amaitzen errepresioarekin, katalan gehienek nahi dutena baita. Berriz elkartu behar dugu gure kezkekin, haserrearekin, desioekin, ametsekin eta askotariko ilusioekin. Ideiak ezin dizkigute kendu, eta estrategiak kontzentratu behar ditugu».

'BIHAR, ZU IZAN ZAITEZKE'



Espero da hurrengo udazkenean eseriko direla akusatuen aulkian Generalitatearen aurreko gobernua, parlamentuko mahaia, buruzagi politikoak eta bi gizarte erakunde suberanista garrantzitsuenen presidenteak. Ehunka herritarren aurka egin diren ekintza polizial eta judizial ezezagunagoak gehitu behar zaizkio horri; esate baterako, Tamara Carrasco CDR Errepublikaren defentsarako batzordeetako kidearen aurkakoa —bere udalerrian dute konfinatua—, eta Adria Carrasco erakunde bereko kidearen aurkakoa —duela egun batzuk jakinarazi zuen Bruselan zegoela erbesteratuta—.

Bakearen Aldeko Fundazioak, Iridia-Giza Eskubideen Defentsarako Zentroak, Omnium Culturalek, Kataluniako Giza Eskubideen Aldeko Institutuak eta Indarkeriarik Gabeko Ekintzarako Nazioarteko Institutuak sentsibilizazio kanpaina bat hasi zuten Bihar, zu izan zaitezke lelopean. Eskubideen alde mobilizatzera dei egin dute, eta salatu dute eskubideetan eta askatasunean atzerakada egon dela, ideiei jazarri zatzaizkiela eta Espainiako Estatuan 20.000 pertsona baino gehiago zigortu edo ikertu dituztela.

Horregatik, Paluzie ANCko presidenteak uste du garrantzitsua izango dela ahalik eta jende gehien mobilizatzea, «errepresioaren aurkako frontearentzat ona» izango delako. Moreno AMIko presidenteak azaldu du errepresioa udalen egunerokoan eragiten ari dela. «Udalerriak maiz ari gara erasoak pairatzen, alkateok mehatxuak jasotzen ditugu, ikerketekin jarraitzeko bisitak edo agiriak eskatzekoak ohikoak dira... Fiskaltzak ikusmiran gaitu».

Kataluniako independentismoaren errepresioaren aurkako borroka urriaren 1aren ondorengo errepresio handian zentratu da. Kataluniako proiektu errepublikanoaren disidentzia politikoak modu transbertsalean batu ditu ahaleginak. Mauri Omniumeko presidenteordeak adierazi du Kataluniako herritarren %77 daudela preso politikoak espetxean edukitzearen aurka. «Horrek esan nahi du nahiz eta alderdi batzuek xingolen aurka performance horiek antolatu, edo beste batzuek errepresioarekin ez ikusiarena egin, alderdi horien boto emaile askok ez dutela onartzen errepresioa».

Badirudi, ordea, egoera honek ez duela amaierarik. Espainiako Gobernuari eskatu zaio hauteskundeetako promesak betetzeko, mozal legea kentzea, besteak beste, baina Pedro Sanchezek presidente gisa daramatzan bi hilabeteotan ez du pausorik eman norabide horretan. Estatuak Fiskaltzaren ekintzei oniritzia ematen die oraindik, eta milioi erdi euro bideratu ditu Pablo Llarena epaile polemikoa defendatzeko Belgikako Justiziaren aurrean.

Morenok uste du Llarenaren aurkako kereilaren tramitazioari esker Espainiako Justiziaren partzialtasuna frogatu dela. «Europako Justizia independentea da, argi eta garbi, Espainian ez dagoen botere banaketa argi bat dago. Euroaginduak ez dituzte onartu, ez baitago delitu zantzurik. Espainiako Justizia da arazoa. Ez da ari idenpendente jokatzen, beti dute konstituzioa ahotan, baina hori betetzen ez duten lehenengoak dira. 24. artikuluak ezartzen du babes judizial eraginkorra, baina nabarmena da ez dela egongo justizia eraginkor eta independenterik».

Paluzieren arabera, gorroto delitua «gehiegikeriaz» erabili dute herritarrei eta erakunde subiranistei zigorrak jartzeko. «Gorroto delitua gutxiengoak defendatzeko pentsatuta dago, baina estatuarekin desadostasunak dituzten sektoreen aurka ari dira erabiltzen, eskubide zibilak urratzerakoan zalantzarik egin gabe». Horregatik, ANCko presidenteak uste du «berri on bat» dela Belgikako Justiziak Llarenaren aurkako kereila tramiterako onartu izana, nahiz eta pentsatzen duen oso zaila izango dela gustatuko litzaiokeen emaitza lortzea. «Independentzia judiziala badagoen ala ez dagoen azaldu beharko du, eta hori modu bat da munduari erakusteko gure helburu politikoa ulergarria dela, nahiz eta kereila defentsen estrategiaren parte den, eta ez estrategia politikoaren parte».

Maurik uste du eskuin muturra ari dela zuzentzen Espainiaren ekintza judiziala. «Zer pentsatuko dute Belgikan? Irainak eta mespretxuak egiten ari zaizkiela, justizia independente baten aurka ari direla kereila jartzen. Espainiak nazioarteko auzitegietan zigortuta bukatuko du. [Udazkeneko] Prozesuaren epai batek erabateko absoluzioa ematen ez badu, bidegabekeria bat dela erakutsiko du. Ez zaie doan aterako eskubideak urratzea eta zuzenbide estatua arriskuan jartzea».

Cuixart Omniumeko presidenteak honako hau esan zuen iazko irailaren 11ko hitzaldian: «Espainiako Estatuak oso erronka handia du: katalanak konbentzitzea guztiok sar gaitzakeela kartzelan». Espetxeratu ondoren, eskutitz batean idatzi zuen: «Berriro ere, indarra kendu nahian, indar guztia eman digute». Haren proposamena da epaiketari aurre egitea salaketaren eta aldarrikapenaren bidez, eta ez jarrera defentsiboan.

HERRITAR AKTIBOAK



Xingola horiak herritarren bat-bateko mobilizazioaren sinbolo dira. Kataluniako sektore politiko batzuek herrialdea gurutzatzen duten bitartean xingola horiek kentzen kuterrekin eta aurpegia maskarekin estalita, ia automatikoki berriz agertzen dira, eta berriro okupatzen dute espazio publikoa. Espainiako hedabide batzuen kontakizunak eta bloke konstituzionala osatzen duten alderdiek behin eta berriz esaten dute liskar politiko bat dagoela, eta mobilizazio independentisten porrota iragartzen dute. Burujabetzaren aldekoek kontakizun hori gainditu egiten dute, eta egunero aktibatzen dira erakunde subiranista bakoitzaren arabera; Katalunian ez dago egun bakar bat ere mobilizaziorik gabe. Bat-bateko ekintza gisa hasten direnak, espetxeen atarietako afariak edo elkarretaratzeak, ekintza ohikoak, antolatuak eta gero eta jendetsuagoak bihurtzen dira. CDRak herri antolakuntza horretatik sortu dira.

«Orain kontzientzia handiagoa dugu estatuaren izaerari eta ekinaldiari buruz», esan du Paluziek. «Horrek zailtasunak erakusten dizkigu, baina indartsuago ere egiten gaitu. Jendeak beldurra galdu du». Uste du antolakuntza garrantzitsua dela, hazi egin diren erakundeak eta egituratuen daudenak motelagoak baitira erabakiak hartzen, eta garrantzitsua delako erantzunak azkar ematea. «Ikusten da ongi doala, gehienbat presoen inguruan, sentitzen dutelako jendea hurbil dagoela eta ez dituztela ahazten».

Maurik uste du independentismoak lortu duela jende multzo garrantzitsu batenganaino iristea, baina oinarria handitu behar dela dio. «Espazio transbertsalak kontsentsu handia du tentsio egoera egon arren, eta Kataluniaren historiako aldi bakanetako bat da hain errepresio aldi handian halako erantzun etengabe eta masibo bat egotea».

AMIren aldetik, haren munizipalismoak elkarren artean ezberdinak diren herriak eta hiriak biltzen ditu, eta Morenok esan du haien gobernuek «gizarte bidezkoago bat eta askeago bat» dutela helburutzat. «Herritarren hurbileneko instituzioa gara, eta jo ohi duten lehenengo atea, eta aldarrikapen baketsu horien eta eskubide politikoen defentsa egiten dugu, gure babesa emanez».

Torra Generalitateko presidenteak berak joan den asteko hitzaldian goraipatu zuen herritarrek orain arte izan duten jarrera. «Zoraida Burgosek esaten duen bezala [idazle katalan bat da], herriak modu nekaezinean, gelditu gabe, eutsi dio askatasuna eta bakea hitz mitikoen benetako erroa bilatzeari».

ERRONKA ESTRATEGIKOAK



Estrategia politiko independentista zuzendu duten alderdietako lider gehienak espetxean edo erbestean daude. ERC Kataluniako Ezker Errepublikanoa Oriol Junquerasek zuzentzen du Lledonerseko espetxetik, haren taldearekin etengabe harremana mantenduz. Marta Rovira idazkari nagusia Suitzan dago erbesteratuta. Puigdemont presidenteak Bruselan egiten ditu bilerak Junts Per Catalunyaren parlamentuko taldearekin. Kontseilariek eta Puigdemontek harremana dute Kataluniako Gobernuarekin. CUPen liderretako bat, Anna Gabriel, Suitzan dago, eta batzorde eragileko hainbat kide inputatuta daude. Parlamentuko presidente Carme Forcadell espetxeratuta dago, eta mahaia, berriz, auzipetuta.

«Inprobisazio gehiegi egon zen, ez zegoen planifikaziorik», esan du berriki Joan Josep Nuet mahaiko kide zenak. Catalunya en Comu-Podemeko diputatua da gaur egun. RAC1 irratian mintzatu da Erreferendumaren Legea onartu zeneko osoko bilkuraz eta Trantsiziorako Legeaz. «Ez genuen esperientzia historikorik. Oso zaila zen dena. Ez naiz esaten ari egin zen guztia gaizki egon zenik, baina ez zegoen ez planifikaziorik, ez estrategiarik. Egunez egun eraikitzen zen planifikazio politikoa». Hartu ziren erabakiekin ados ez badago ere, Forcadell defendatu du. «Parlamentuko mahaiak ez zuen osoko bilkura zuzendu. Formalki mahaiak hartu zituen erabakiak, baina kanpoko presioak, gobernuaren zati batenak, sare sozialenak, lider independentistenak... Mahaiarenak ez ziren iritziak gailendu ziren. Carme Forcadellek gauza ezberdinak egin nahi zituen; iritzi bat zuen, eta saiatu zen hura ezartzen. Pena da entzun ez ziotela».

Parlamentuko presidente izan diren guztiek eskutitz bat sinatu dute Forcadell defendatzeko. «Forcadell presidenteak egin zuen gauza bakarra izan zen eztabaida ahalbidetzea diputatuen ekinbide parlamentarioan sartu gabe, parlamentuko presidentetzak dituen funtzioak defendatuz, hau da, herriaren burujabetzaren ordezkarien eskubideak defendatuz». Joan Rigolen, Ernest Benachen, Nuria de Gisperten eta Roger Torrent oraingo presidentearen arabera, «justifikaezina» da Forcadell espetxean egotea «bi talde parlamentariok haien ahalmena erabilita aurkeztu zuten lege bat eztabaidatzea eta bozkatzea ahalbidetzeagatik».

Mauriren ustez, independentismoak autokritika egin du. «[Iazko abenduko] Hauteskunde kanpainan barkamena eskatu zuen, baina bloke konstituzionalak ez du inongo autokritikarik egin. Indarkeriarik gabe edozeri buruz eztabaidatu zitekeela esaten zutenek, duela lau urte hauteskunde interesengatik erreferendum bat egin zitekeela esaten zutenek eta gero hori ahaztu dutenek zer autokritika egin dute?». CUP izan da prozesu independentistarekin kritikoen agertu den erakundeetako bat. Generalitateari koherentzia falta leporatu dio azken egun hauetan. «Kontraesan bat da Torrak mobilizazioaeskatzea badirudienean gobernuak eta parlamentuak ez dutela mugitu nahi legedia konstituzionaletik», esan du Carles Rieradiputatuak, TV3n. Hala ere, ontzat jo zuen presidenteak herri mobilizazioa erdigunean jarri izana.

Ekintzarako batasun estrategikoa lortu behar dela diote gizarte erakunde guztiek. Paluzieren iritziz, herritarrek uste dute «atzera egite bat» egon dela independentismoan. «Jendea prest zegoen saiatzeko. Ez dakigu ongi edo gaziki aterako zen». ANC da Primaries Catalunya (Kataluniako primarioak) ekinbidearen bultzatzaileetako bat. Horren bidez independentistak gehiengoa diren eremuetan hautagaitza bateratuak aurkeztu nahi dituzte; esate baterako, Bartzelonan. «Herrialdearen hiriburua alkate independentista batek gobernatuko balu, eragin handia izango luke nazioartean, eta ziur gaudena baino egoera hobe batean jarriko gintuzke. Orain ez dugu eskatzen hautagaitza bateratu bakar bat, herritarrei irekitako primario batzuk baizik, onbideratze demokratikoan laguntzen duelako, eta elur bola baten eragina izan dezakeelako hauteskundeetarako hautagaitza indartzeko».

Moreno AMIko presidentea, ordea, ez dago ados hautagaitza bateratuaren ideiarekin. «Frogatuta gelditu da batera edo banatuta aurkeztuta emaitzak ezberdinak direla. Uste dut banatuta joan behar dela emaitza hobeak lortzeko. Banatuta joateak ez du esan nahi haserre gaudenik edo estrategia bat partekatzen ez denik. Ahalik eta babes gehiena biltzea da kontua». Morenok AMIren egoera zailarengan izan lezakeen eragina nabarmendu du, erakundeak hainbat salaketa jaso baititu, eta horrek desagertzea ere eragin liezaioke. «Elkartean sartzea eta kuota ordaintzea gehiengo osoz bozkatu duten udalak agian behartuko dituzte ordaintzeari uztera, eta horrek ondorio sakonak izan ditzake antolakuntzan. Baina legez kanporatu gaitzakete, eta berriz sortu beharko genuke udal espazio subiranista bat».

Ominum Culturalek uste du bere lana dela kontsentsu handien alde egitea, bide orri estrategikoak bultzatzea baino gehiago. «Estrategia batua ezinbestekoa da, eta orain aukera hobea dugu duela hilabete batzuk baino», azaldu du Maurik. «Omnium Culturalen kontsentsu handien alde gaude, auzoetako lanaren alde, eta herrialde honen errealitate konplexu eta osoa ezagutzearen alde. Espazio komun pila bat daude. Jende guztiak azaldu behar ditu bere beldurrak, etorkizunerako begirada eta errepublikaren proiektu positiboa».

ANC, berriz, azken urteei buruzko analisi bat egiten ari da estrategia bat proposatu ahal izateko. «Errepresioak eragin duen astinduaren ondoren, analisi kritiko eta objektibo bat egin nahi dugu, okerrak eta ahultasunak gainditzeko eta aukera berriak sortzeko», azaldu du Paluziek.

«KATALUNIAKO KRISIA»



Azken hilabeteotan, Espainiako Estatuko kolektibo eta pertsona askoren artean elkartasun mugimendu bat sortu da. «Ekin gogor haiei! leloa independentismoaren aurka doa, baina baita Espainiaren ideia ezberdin bat duen edonoren aurka ere», azaldu du Maurik. Paluzieren ustez, jende askok «begiak ireki ditu» uda honetan xingola horiak jarri dituztenen kontra egin diren erasoengatik. «Ez digute eskatu gure planteamenduak apaltzeko; gurekin bat egin dute agerian uzten ari garelako Espainiako instituzioen degradazioa». Testuinguru politiko horretan, eta gaurko egunari begira, estatuak jakinarazi du istiluen aurkako 600 polizia eramango dituela Kataluniara. Espainiako Estatua «Kataluniako krisiaz» mintzo da oraindik, eta elkarrizketaren aldeko proposamenak egin baditu ere —Sanchezek edo Ana Pastor Kongresuko presidenteak egin duten bezala—, Kataluniako Gobernuak eta erakunde subiranistek eskatzen duten elkarrizketatik oso urruti dago.

Kataluniako independentismoak zalantzan jartzen du Espainiako Gobernuak daukan gaitasuna irtenbide onargarriak proposatzeko. «Nahiz eta nazioarteak onartu Espainiako Zigor Kodeak ez duela oinarririk pertsona errepresaliatuak espetxean eta erbestean mantentzeko, Pedro Sanchezek berak proposatu zuen duela hilabete batzuk aldatu egin behar zela are gehiago gogortzeko. David Cameron bat edo Erdogan bat izan nahi duen erabaki behar du», esan du Maurik, Cameron Erresuma Batuko lehen ministro ohia eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea bi eredu kontrajarritzat jarrita —Cameronek Eskozian independentziarako erreferendum bat egitea onartu zuen, eta Erdoganek errepresio politika gogor bat aplikatu du azken urteotan, gehienbat kurduen burujabetzaren aldeko erakundeen eta pertsonen aurka—.

Paluziek nabarmendu du «errepresioaren egileek gobernua galdu» dutela, PPri aipamen eginez. «Baina lagundu zutenek hartu dute, nahiz eta errelato ezberdin bat eraiki duten». ANCko presidentearen ustez, «mezu argiak» eman behar ditu independentismoak, «errespetutik eta legitimitate demokratikotik beti». «Horrek ulermena sortzen du [Espainiako] estatuan eta nazioartean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.