Pauline Guelle.

Trantsizioa(k) eta Justizia trantsizionala Euskal Herrian

2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Frankismotik landa Euskal Herriak bi trantsizio momentu ezagutu zituen. Lehenik, Franco diktadorea hil ondotik, Espainiar estatuak trantsizio demokratikorako prozesua hasi zuen. Sophie Baby historialariak (2012) 1975etik 1982 arte mugatzen zuen trantsizio hau; lehen aldizkatze politikora. Trantsizio demokratikoaren momentuak erregimenaren aldaketa gauzatu behar zuen; hots, autoritarismotik demokraziara salto egin behar zuen. Emaitza demokratikoa bilatu arren, Espainiak bihurtze bortitza ezagutu zuen 1975. eta 1982. urteen artean. Giza eskubideen urraketa ugari zenbatu ziren garai hauetan Estatu osoan, eta Euskal Herrian. 1978ko Konstituzio berriak zuzenbide estatuaren oinarriak finkatu zituen, eta bereziki, giza eskubideen babes normatibo bat, lehen aldizkatze politikoan gauzatuko zena (Duhamel, 1995). 1975. urtetik goiti Espainiar estatuak planteatu zuen trantsizio horren zimendua amnesia eta amnistia ziren. Frankismo garaiko —eta trantsizioko— krimenak ahantzi eta preso politiko zenbait askatu. Pacto de olvido hitzarmen sinbolikoak zuen memoriarik gabeko justizia bat onartu, zilegitu eta errotu. Hitzarmen politiko honen ondoan deus ez zen plantan ezarri. Lehen aipatu bezala, giza eskubideen urraketak ez ziren amaitu, batez ere Euskal Herrian. Justiziarik gabeko trantsizioa ezagutu bazuen Espainiar Estatuak, Euskal Herrian ere ondorioak ukanen zituen.

Bigarrenik, Euskal Herriak ezagutu zuen gatazkari lotutako trantsizioa aipatzekoa dugu. Hau da, Euskal Herriko askapen mugimendu armatua eta bi estatu nazioen arteko borrokak eragin izan zituen giza eskubideen urraketak. ETA erakundearen bukaerak ekarri zuen bake prozesu baten egiteko nahia; baina estatuek ez zuten bat egin. Orain, zalantzan den prozesu ezin hasia aipatzen da. Justizia trantsizionala gatazka hau konpontzeko instrumentu bat bezala ikusten da.

Praktikan, arau gorenek giza eskubideen urraketak ez zituzten ez saihestu, ez eta gelditu ere. Horien artean, torturaren fenomenoa adierazgarria da: 1960tik 2014 arte 4.113 kasu zenbatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eginiko txostenean, Etxebarria, Pego eta Beristain ikerlarien eskutik. Torturak azkartu ziren trantsizio garaian eta ondotik, nahiz eta kopurua apaldu, segitu zuten. Horrez gain, torturatzaileen inpunitate sistemak iraun zuen, adibidez, torturatzaileen indultuekin. ETAk atentatuak egiten segitzen bazuen ere 2011 arte, oinarrizko giza eskubideen babes sistema ez zen osoki sendoa. Gainera, GALek ere atentatuak egin zituen trantsizioa eta gero.

Orduan, gure kasuan bi trantsizio garaiak aipatzen dira. Espainiar estatuaren trantsizio bortitza eta Euskal Herriari lotutako trantsizioa. Nahiz eta bi prozesuek harreman bat duten, bereizten ahal dira. Justizia trantsizionalak bi trantsizio garai horien konpontze lana egin dezakeela erraten da.

Buruan argi ukan behar duguna da justizia trantsizionala instrumentu bat dela giza eskubideen urraketak gelditzeko eta berradiskidetzerantz joateko. Orokorki, inpunitatea eta amnesia saihesteko pentsatua izan zen. Berme gisa, adituek lau eskubide ezberdintzen zituzten, hauek dira [Louis] Joinet printzipioak: jakiteko eskubidea, justizia eskubidea, erreparaziorako eskubidea eta errepika ez dadin berme eskubidea. Adibide bat emateko, egiarako eskubidea azpimarratzen ahalko genuke konparazione Euskal Herrian 1960. eta 2014. urteen arteko tortura kasuak aztertu zuen lehen aipatutako EHUko ikerlari taldeak, manera batez, giza eskubideen urraketa bat argitaratu zuelako egiari bere lekua eskainiz.

Alde horretatik, justizia trantsizionalak baliabide interesgarriak eskaintzen ditu, hainbat herritan forma desberdinak hartu dituztenak; adibidez, Kanadako Estatuaren kasuan, berradiskidantza eta egia batzorde bat sortu zen autoktonoei egindako bortizkeriak argitaratzeko, salatzeko, erreparatzeko, egiaztatzeko eta bermatzeko berriz gerta ez zedin. Adibide ugari ditugu (Hegoafrikako batzordea, Nunca Más txostena etab.) gehienetan Estatuek egin zuten lan hori eta forma ugari hartzen ahal du justizia horrek. Batzuetan auzi tradizionalen forma hartzen ahal du, hori ikusi zen Ruandan, gacaca-k mekanismo berriekin osatu zirelarik.

Euskal Herrian, berriz, galdera espezifiko eta garrantzitsuak pausatzen ditu. Hala nola nork egin behar du lan hori? Alde batetik, instituzioek: Espainiar estatuak, Nafarroako foru erkidegoak, Euskal Autonomia Erkidegoak, Euskal Hirigune Elkargoak? Beste alde batetik, elkarteek: Bake Bideak, Foro Sozialak, Argituzek, Euskal Memoriak, Covitek? Unibertsitateak? Herriko etxeek? Galdera horrek beste eztabaida batera bideratzen gaitu: norekin eraman nahi da berradiskidetze prozesu bat? Hau da: gure auzoarekin edo Estatuarekin? Euskal Herrian, hauteskundeen esparrura eramana izan zen borroka politikoa. Baina justizia trantsizionalak alde guzietako biktimak kontuan hartu arren, guzien parte hartzea (edo gehiengoaren parte hartze politikoa) suposatzen du. Justizia ez delako izaten ahal alde bakarreko apustu bat: zeure burua jujatzeko prest bazara, bestea ere prest izan behar da. Estatuak edo kanpo eragile biziki indartsu batek egiten ahalko luke, Estatuak deliberatzen badu konpetentzia horiek pasaraztea. Saiakera ezberdinak izan ziren, Errenteria herriarena, Jaurlaritzaren «Bake plana», Baionan egindako foro unibertsitario publikoa Massias ikerlarien eskutik edo Bake Bideak joan den astean egindako mahai ingurua. Mikro-iniziatibak izan arren, haien garrantzia dute denek.

Bukatzeko, Justizia trantsizionalak hainbat baldintza behar ditu bere helburuak betetzeko. Euskal Herriak justizia behar duela ebidentea da; agian pentsatu behar genuke Estatuari lotutako errudunen aitortza edo errekonozimendua nola ekarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.