Elkarlanaren nahia eta ezina

Jose Luis Elkoro, Kontxi Gabantxo eta Joseba Azkarraga abertzaleen arteko elkarlanaz aritu dira mahai inguru batean; herritarren aktibazioaren beharra nabarmendu dute.

Joseba Azkarraga, Kontxi Gabantxo eta Jose Luis Elkoro, herenegun, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Telesforo Monzonek «abertzale izanez gero gaur gauden denok anai» hura idatzi zuenetik, abertzaleen arteko elkarlanaren auzia nahia eta ezina, asmoa eta mitoa izan da belaunaldi batentzat baino gehiagorentzat. Xibertako elkarrizketetatik estatus politiko berri bat adosteko ahaleginetaraino, gorabehera handiak izan ditu asmo horrek. Ezinbestekotzat jo dute askok, ezinezkotzat ez gutxik. Auziaren inguruan argi apur bat egiteko, mahai ingurua antolatu zuen joan den ostegunean Alkartasuna fundazioak Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzan.

Eskarmentu handiko hiru lagun gonbidatu zituen Alkartasuna fundazioak gaiaz aritzeko: Jose Luis Elkoro ezker abertzalearen kide historikoa, trantsizioaren garaian alkateen mugimenduko burua eta Xibertako negoziazioetan aritutakoa; Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu ohia, hura ere Xibertako negoziazioak gertutik ezagutu zituena eta gaur egun Sareko eleduna; eta Kontxi Gabantxo, Bermeoko (Bizkaia) zinegotzi ohi eta Uemako presidente izandakoa.

Ideia batean ados agertu ziren hiru hizlariak: egitura politikoen arteko akordioak gorabehera, mobilizazioa, herritarren bultzada eta oinarrietako elkarlana funtsezkoak dira abertzaleen asmoek aurrera egingo badute.

Xibertako ikasgaia

Jose Luis Elkorok eta Joseba Azkarragak 40 urtez atzera egin zuten Xibertako negoziazioak gogora ekartzeko. Elkorok azaldu zuen moduan, Monzonek antolatu zituen alkateen taldeko kideen laguntzarekin, Franco hil ostean irekitzen ari zen abagune politiko berrian indar abertzaleen arteko elkarlana egingarri ote zen aztertzeko.

Elkorok esandakoaren arabera, «itxaropentsu» ekin zioten, hark «itxura ona» zuelako, baina laster agertu ziren arazoak: hauteskundeak gertu zeuden, eta ETAk planteatu zuen presoak askatzea baldintza gisa jarri behar zela bozetan parte hartzeko. EAJ ez zen horretan ados izan, eta elkarrizketak hautsi ziren. «Hori izan zen, ez dakit aitzakia edo korapiloa, baina bai arazo nagusia», esan zuen Elkorok.

Xibertakoa «iragarritako porrot baten kronika» izan zen, Azkarragaren hitzetan. Hark ere parte hartu zuen, EAJren ordezkari: zioenez, EAJk bazekien presoen afera atzera-aurrera konponduko zela informazio zuzena bazuelako, eta, hortaz, pentsatzen zuen hori ez zela arrazoi nahikoa hauteskundeetara ez aurkezteko. «EAJ ideia batekin joan zen bileretara: Xibertan gertatzen zena gertatzen zela, hauteskundeetan egongo zela», esan zuen. «Aukera galdutzat» du hori sailburu ohiak.

Antzeko iritzia du Lizarra-Garazi akordioaz: «Zenbat aldiz piztu dira itxaropenak herritarren artean, gero zapuztuak izateko?», galdetu zuen. Hala ere, Azkarragak uste du egindako urrats bakoitzak «zapuztu izanagatik ere» lorratza uzten duela, eta, esaterako, Lizarra-Garaziren porrotean Ibarretxe planaren ernamuina egon zela.

Herri mailako elkarlana

Gabantxok ez zien garrantzirik kendu horrelako saialdi handiei, baina «herri mailako elkarlana» hobetsi zuen, eta Gure Esku Dago eta Independentistak egiten ari diren lana goretsi zuen: «Herritarrok badugu zeregina, badugu indarra», esan zuen. «Herritarren bultzadarik gabe, Ibarretxe planarekin gertatu zena gerta daiteke ostera ere». Bere herrian, Bermeon, urte askoan EAk eta HBk egindakoa jarri zuen oinarrizko elkarlanaren adibidetzat.

Bat etorri ziren horretan gainerako hizlariak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus berriaren inguruko eztabaida dela eta, Elkorok galdetu zuen zer egingo ote duen EAJk Eusko Legebiltzarrean gehiengoak testu bat onartu eta Madrilen hura atzera botatzen badute. Eta erantzun ere egin zuen: «EAJk egingo du beti egin duena: galga jartzea aurrera egiteko aukera bat dagoen bakoitzean». Eta, horren aurrean, mobilizazioa eta «herria indartzea» proposatu zuen irtenbidetzat, «Katalunian gertatu den moduan».

Azkarragak aitortu zuen apur bat «etsita» dagoela soilki egitura politikoen esparruan gelditzen diren ekinbideekin: «Nik badakit alderdi politikoak beharrezkoak direla, ez dut zalantzan jartzen; baina, aurrera egingo badugu, ezinbestekoa da gizarte zibil antolatu eta indartsua edukitzea».

Estatus berriaren eztabaidan PSE-EE izaten ari den jarrera kritikatu zuen: «Ez da bidezkoa gero eta ordezkaritza txikiagoa duen alderdi batek gehiengoari betoa inposatzea», esan zuen, eta gizartearen mobilizazioaren garrantzia nabarmendu zuen berriro: «Gobernuak ez dira mugitzen; gobernuak mugiarazi behar dira. Gizartea aktibatzen ez bada, ez da aldaketarik etorriko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.