Segurtasunezko geltokiak, martxan

«Indarkeria matxistaren aurkako» autobus zerbitzu bereziak ezarri dituzte Bilbon eta Donostian: erdibideko geldialdiak egingo dituzte gauetan, bakarrik doazen andreentzat.

Atzo aurkeztu zuten Bilbobusen zerbitzu berezi berria. JUNE PRIETO / FOKU.
Iosu Alberdi.
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Bilbon eta Donostian asteburu honetan jarriko dute martxan gaueko autobus zerbitzuetan erdibideko geldialdiak egiteko aukera, bakarrik bidaiatzen duten emakumeentzat. Donostiak atzo gauean eskaini zuen lehen aldiz, Mirakontxa-Benta Berri-Seminario bidea egiten duen B8 linean, eta aurrerago ikusiko dute beste batzuetara zabaldu edo ez. Bilbon, berriz, bihar hasiko dute, gaueko Bilbobus guztietan.

Gaueko zerbitzu berriek «garraio publikoko erabiltzaileen segurtasuna» dute helburu, besteak beste, bakarrik bidaiatzen duten andreen aurkako erasoak saihestea, Bilboko Mugikortasun zinegotzi Alfonso Gilen esanetan: «Indarkeria matxistaren aurka modu eraginkorrean borrokatzea». Izan ere, Gilek gogoratu du emakumeak direla Bilbobusen erabiltzaile nagusiak —gizonen bikoitza—. Donostian, emakumeek ez ezik, adingabeek ere izango dute tarteko geldialdiak eskatzeko aukera. Hiriko Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranak adierazi du ez dutela baztertu etorkizunean beste talde batzuei zabaltzea, esaterako, adinekoei.

Izan ere, Donostian proba gisa hasi dute. DBuseko B8 linea izango da zerbitzu berria eskaintzen bakarra; ostiral, larunbat eta jaiegun bezperetan. Proiektua, ordea, «jarraitzeko bokazioarekin» hasi dute; garapen egokia badu, «gaueko autobus zerbitzu guztietara zabaldu daiteke». Bilbon, berriz, 22:30 eta 06:30 arteko zerbitzu guztietan egongo da, egunero.

Bi udaletan EH Bildu koalizioak aurkeztu zuen proposamena, eta aho batez onartu zuten alderdiek. Zerbitzuaren kudeaketa antzekoa da: bidaiariak autobusean sartzean esan beharko dio gidariari non geratu nahi duen, eta hark erabakiko du zehazki non gelditu, trafiko arriskuak kontuan izanik. «Gidariak erabakiko du ea guneak erabiltzailearen segurtasuna bermatzeko baldintzak betetzen dituen; ez argitasun baldintzak soilik, baita bide segurtasuna ere», azaldu du Gilek. Donostian, geralekuen ezaugarriak gehiago zehaztu dituzte: gutxienez 1,5 metroko zabalerako espaloia, izkina batetik gutxienez bost metrora egotea, etxeetara bidea ez oztopatzea... Segurtasun neurriok defendatu ditu Aranak, «murriztaileak diruditen arren». Autobusa geldituta, bidaiaria aurreko atetik atera beharko da, eta beste inor ezingo da han jaitsi; gainontzeko ateak itxita egongo dira.

Proposamenak, ordea, dudak ere sortu ditu. LAB sindikatua kritiko agertu da Bilboko zerbitzuarekin, eta atzeratzeko eskatu du, edo lehenik probak egiteko. Salatu du Bilbobuseko langileekin hitz egin gabe hartu duela udalak erabakia, eta haien lan baldintzei eragin diezaiekeela: «Erdibideko geltokiak ez dira erabili behar udalak dominak jartzeko; beharginekin batera lan egitea eskatzen zuen gai delikatu bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.