Hastapenetako estutasunak

Bilboko geltoki intermodal berria funtzionatzen hasi da, lehenengo egunetan ohikoak izaten diren arazoekin. Bidaiariek gabeziak topatu dizkiote, baina gogoko dute egitura.

Langileak bidaiariei azalpenak ematen, atzo, Bilbo Intermodal berrian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Aurkezpen, ospakizun eta inaugurazio ekitaldi guztiak amaituta, iritsi da Bilbo Intermodal geltoki berria martxan hasteko garaia. Atzo 06:00etan irten ziren lehenengo autobusak nasa berrietatik, eta aparteko arazorik gabe igaro zen eguna. Hastapenetako ohiko estutasunak egon dira: bidaiari askok ez zekiten nora jo behar zuten, txartelak saltzeko makina batzuk ez zebiltzan, eta abar. Arazoak arazo, bidaiari guztiak bat etorri dira: azpiegitura berriak dotoreak, garbiak eta erosoak dira.

Aurrekoarekin alderatuta, arau berria dago Bilbo Intermodal geltokian: bidaiariak autobusa hartzeko hamabost minutu falta direlarik sar daitezke nasetara, ez lehenago. Horrek pilaketak eragin ditu zenbait momentutan, eta bidaiari batzuen ezinegona ere bai.

Adibidez, Mirta Susanari. Argentinarra da, baina Parisen bizi da. Lan kontuak direla eta, egun batzuk Bilbon eman ditu, eta orain berriro etxera itzultzekotan da: «Igogailua ez doa joan beharko lukeen lekura; lehenengo solairura baino ez da jaisten, besteetara ez. Nik jaitsi nahi dut, baina ezin dut, autobusa agertu arte itxaron behar dudalako. Eskailera horietatik jaisteko itxaron behar dut autobusa irteteko zorian egon arte: logikoagoa litzateke jaisteko aukera eman eta han lasai eta eroso egon ahal izatea, are gehiago adineko jendearentzat. Baina tira, estreinatu berria bada, pentsatzen dut konponduko dituztela halako kontuak».

Ruben Gonzalez eta Jon Medina ikasleak dira, eta Gasteizera doaz, unibertsitatera. Ia egunero egiten dute bidaia hori, eta, diotenez, Bilbo Intermodala obretan egon den bitartean, ez dira gaizki moldatu prestatu zuten geltoki alternatiboan: «Alderantziz, nik hura nahiago nuen, errazagoa zelako. Hau konplikatuagoa da. Baina pentsatzen dut lehenengo egunaren ajeak izango direla».

Instalazio berriak «txukunak» iruditu zaizkie: «Oso intuitiboa da dena: sarrerak ongi komunikaturik daude saltokiekin, nasak erraz ikus daitezke, eta, oro har, ondo dago dena».

Argibideak bidaiariei

Nasetarako sarreretan langile asko daude, bidaiariei argibideak emateko eta nondik jo behar duten azaltzeko. «Zalantza nagusia izaten ari da nondik sartu behar den eta nola joan daitekeen nasetara», esan du haietako batek. «Guk inoiz ez dugu horrelakorik izan, eta ikasteko denbora behar da. Tornuetan txartela erakutsi behar da, eta, batzuetan, txartela ez da ondo irakurtzen. 07:00etan, esaterako, ikasle piloa egon da Gasteizera joateko; gehienak presaka zebiltzan, eta horrekin arazoren bat izan dugu, baina jende asko gara bidaiariei argibideak emateko, eta, oraingoz, goiza lasai samar igarotzen ari da».

Gabi Elkoroaristizabalek «sarri» hartzen du autobusa, «gehi-enetan Gasteizera joateko, baina Donostiara ere bai batzuetan». Azpiegitura «itxurosoa» iruditu zaio lehenengo begiratuan: «Geroak esango; ikusi egin beharko da itxurak mamia ba ote duen». Antzeko iritzia du Alaia Lopezek;ikasle gaztea da, eta Zaragozara doa (Espainia): «Geltoki zaharra ezagutzen nuen, eta berria ongi iruditzen zait. Denontzat apur bat nahasia da, baina ongi dago».

Estibaliz Pozo ere geltokian dago, baina ez da etorri autobusa hartzera. Handik oso gertu lan egiten du, eta geltoki berria ikusteko asmoz iritsi da Intermodalera. Izan ere, jakin-min handia piztu du Bilbo Intermodal berriaren albisteak: bezperan 3.600 herritarrek baino gehiagok bisitatu zituzten azpiegiturak, eta ilara handiak osatu ziren San Mames metro geltokiko irteeretan.

Pozori ere bitxia begitandu zaio nasetara sartzeko hamabost minutuko epe hori: «Nik pentsatzen nuen nasetara sartzen ez uztearen kontu hori lapurretak eragozteko izango zela, edo nasetan jende gehiegi ez batzeko, baina arazoa goian sortzen da: nasetara sartzeko ilaran jende asko dago. Gainera, goiko itxarongela ez da oso handia».

Beste kontu batek ere aztoratu du Pozo: «Prentsan irakurri dut lehengo kafetegian lan egiten zuten beharginak kaleratu dituztela eta frankizia bati eman diotela hura ustiatzeko baimena. Gustatuko litzaiguke jakitea zergatik gertatu den hori, bai eta oraingo langileak zer-nolako baldintzatan aritzen diren ere». Dena dela, Pozok aitortu du eraikina «polita» dela, eta dena «oso garbi» dagoela.

Nasetako gunea oso zabala da, eta, beiraz inguratuta dagoenez, goiko solairuan daudenek ikus dezakete autobusak noiz irteten eta iristen diren. Itxarongela ere handia da, erosoa, eta eserleku asko ditu. Wifia ez dabil, ordea, eta hori izan da bidaiarien beste kexetako bat.

Gidariak, kexaka

Autobus gidariek, ordea, kexa gehiago dituzte. Haietako batzuek esan dute inork ez diela azaldu nolakoa izango den geltoki berriaren funtzionamendua; aurrerantzean hara joan behar dutela, besterik ez. «Telebistaren bidez jakin dugu», esan du haietako batek. «Sekretismo handia egon da».

Eta funtzionamendua ez ezik, egitura berriaren zenbait kontu tekniko ere ez dituzte begi onez ikusi gidariek: batzuek uste dute irteerako aldapa oso estua dela, eta arazoak sor daitezkeela autobus asko batera atera behar izanez gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.