Metamorfosia, motela eta urria

Ipar Euskal Herriko herriko etxeek larrialdi ekologikoari aurre egiteko engaiamenduak hartu zituzten herriko bozen kanpainan, baina, agintaldi erdira iritsita, gutxi aitzinatu dira arlo horretan.

Leku anitzetan ez dago errepide egokirik bizikletaz ibiltzeko. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Ekintzak ez dira oraindik larrialdi ekologikoaren heinekoak, ez hedaduran, ez erritmoan. Hautetsi anitzek ez du ulertzen klima desafioak eskatzen dituen egiturazko transformazioen garrantzia». Bizi elkarteak balorazio garratza egin du Ipar Euskal Herriko herriko etxeek eta Euskal Hirigune Elkargoak ingurumenari begira hartu dituzten neurriei buruz. Agintaldi erdira iritsita, herriko bozetan hartutako engaiamenduen arabera batzuek eta besteek egindako urratsak aztertu, etapuntu baikor eta ezkorrak banatudituzte. Metamorfosi Ekologikoaren Itunak egiturazko zazpi gai biltzen ditu: autoaren alternatibak lantzea, eraikinetako energia kontsumoa kontrolatzea, energia berriztagarriak garatzea, tokiko laborantzaren eta elikadura biologikoaren alde egitea, tokiko ekonomia garatzea euskoaren bidez, hondakinak murriztea eta Euskal Elkargoko Klima Plana gauzatzea. Eginkizun bakoitzerako -1 eta 4 arteko nota eman diete erakunde publikoei. Engaiatu ziren 46 hautagai iritsi ziren boterera 2020ko herriko bozen ondotik, eta haien neurriagatik garrantzia dutelako beste hamar gehitu ditu Bizik. 56 herrietatik 37k erantzun diote egindakoaren berri emanez. Metamorfosiaren batez besteko nota 0,7 da.

Garraioan ezarri dute lehen azpimarra. ATMO airearen kalitatearen behatokiaren datuen arabera, Baiona-Angelu-Miarritze hirigunean OME Osasunaren Munduko Erakundearen erreferentziazko mugak gainditzen dira erregularki. Bizikleta bideen garapena ezinbestekotzat du Bizik, eta Mugikortasun Sindikatua bide onetik doala uste du, baina «beranta handiarekin». Biztanleko inbertsioa hamabost euro baino gutxiagokoa da, eta 30 eurokoa behar luke. Herrien batez besteko nota 0,5 da; Bidarte (Lapurdi) da lehena, bi punturekin.

Eraikinetako energia kontsumoari buruz, gehienek ez dute erantzun; batez besteko nota 0,4 da. Eiheralarre (Nafarroa Behera), Urketa eta Urruña (Lapurdi) txalotu dituzte, energia kontsumoa azkarki apaldu baitute, %28 eta %41 artean. Gaur egun, Ipar Euskal Herrian kontsumitzen den energiaren %80 kanpotik etorria da, eta %60 erregai fosilak dira. «Kontsumo eta ekoizpen joerek erakusten dute ez garela bide onean».

Elikadurari dagokionez, eskoletako jantegietan zentratu dira, menuen begetalizazioan. Bizi elkartearen arabera, haragi kontsumoa erdira jautsi beharko litzateke. Azpimarratu du herri gehienek ez dutela aitzinamendurik egin. Horrez gain, betoiztatzea ere neurtu dute: 2020an, 148 hektarea lur galdu ziren Ipar Euskal Herrian. Mugerrek (Lapurdi) du «betoiztatzearen errekorra» (zortzi hektarea).

Ekonomiaren birtokiratzeari dagokionez, 36 herri eta elkargoa euskoaren partaide dira. Horietako batzuek egunerokoan erabiltzen dute euskal moneta. Azkaineko Herriko Etxeak (Lapurdi) erabiltzen du eusko gehien.

Ipar Euskal Herriko herritarrek 0,65 tona hondakin sortzen dute urtero. Xahutzearen kontrako legearen arabera, 2030erako %15 apaldu beharko litzateke ekoizpen hori. Horrez gain, 2024rako bio-hondakinak etxetik bereizteko soluzioa eskaini beharko litzaieke herritarrei, baina herriko etxe batek ez du aurreikusi. Hondakinen kudeaketan 0,3 da batez besteko nota.

IPCCren arabera, berotegi efektuko gasak %43 apaldu beharko lirateke 2030erako. Euskal Elkargoko Klima Planaren helburua %19 apaltzea da. Horregatik, Bizik partaidetza batzordetik ateratzea erabaki zuen. Era berean, salatu dute gaur-gaurkoz herriko etxe bakar batek ere ez duela Klima Plana herrian garatu. Batez besteko nota 0,4 da arlo horretan. Euskal Elkargoari ere egin diote kritika; izan ere, planean agertzen diren ekintzen %90 abiatuak direla komunikatu badute ere, ez dute zehaztu zein diren eta zer heinetan abiatu dituzten. «Alta, Elkargoak baditu datuak, eta gardentasunez argitaratu ditzake». Herriko etxeei hartutako engaiamendua oroitarazi die Bizik, eta ezinbestekotzat jo du herri mobilizazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.