EHUko bozak, ia oharkabean

Bihar hautatuko dute Euskal Herriko Unibertsitateko hurrengo errektorea. Eva Ferreira Garcia izango da hautagai bakarra; nahikoa izango du botoen herenak lortzea.

Zazpi gizonek eta sei emakumek osatu dute Eva Ferreira errektoregaiaren taldea. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Arduraz jokatuz» erabaki zuen Euskal Herriko Unibertsitateko hauteskundeetara aurkeztea, eta EHUrekin «zorretan» sentitzen zelako. Bihar iluntzean jakingo du Eva Ferreira Garciak hainbeste eman dion erakundea lau urtez gidatuko duen. Errektoregai bakarra izango da EHUko bozetan. Ez da ausardia txikiko pausoa, eta ez soilik pandemia baten erdian egin duelako; irakaskuntza eta ikerkuntza uztartuko dituen unibertsitate eredua sendotze bidean da EHU, eta hainbat proiektu estrategiko ditu martxan, baina finantzaketa publiko handiagoa jasotzea du erronka, inguruko unibertsitate pribatuen egitasmoak ugaritzen ari diren bitartean.

Ez da ohiko hauteskunde prozesua izan EHUn. Jardun guztiak bezala, pandemiak baldintzatuta egingo dira bihar bozak, eta hala joan da kanpaina ere: ekitaldi txikiak egin dituzte, jende gutxirekin eta tarteak gordeta. Hautagaitza bakarra izateak ere ez du lagundu hauteskundeetan ohikoa den eztabaida sustatzen. Halere, ez da lehen aldia: Nekane Balluerka errektoregai bakarra izan zen duela lau urte, eta bakarrik aurkeztu zen Iñaki Goirizelaia bigarrenez, orain dela zortzi urte. 2008an izan zen azkenekoz bi egitasmo aurrez aurre jartzeko aukera: Goirizelaiaren aurka lehiatu zen Marisol Esteban Ekonomiako katedraduna.

Oraingoan ere ez dute hautagaitzarik aurkeztu beste sektoreek, eta hainbat irakurketa eragin ditu horrek. Batetik, azken urteetan garatutako proiektuak unibertsitate komunitatearen babesa lortu duela botoen bi heren lortu zituen Balluerkak 2016ko bozetan. Bestetik, kudeaketa lanak ez duela interes handirik pizten unibertsitatean, are gutxiago kontuan izanda EHU oso erakunde konplexua dela.

Edonola ere, pandemia dela, hautagaitza bakarra dela, giro hotza nabari da EHUn hauteskunde hauen inguruan, eta horrek kezka eragin du parte hartzearen inguruan. Faktore horiek ekar dezakete abstentzioa ohi baino handiagoa izatea, nahiz eta Ferreirak nahikoa duen botoen herenak eskuratzearekin ez da gutxieneko parte hartzerik behar. Hain justu, 2008an aldatu zuten bozen araudia, Juan Ignazio Perez Iglesiasen hautagaitza bakarrak aurkako boz gehiago eduki eta gero: errektoregai bakarra dagoenetan, ezin da aurka bozkatu, baizik eta alde edo zuri.

Euskara, erronka

Ferreirak, dena den, hainbatetan adierazi du babes handia sumatzen duela inguruan. Talde «plurala» osatu du: zazpi gizonek eta sei emakumek osatu dute zerrenda, ezagutza arlo ugaritakoak. Taldean dira azken urteetan errektoretza taldeetan aritutakoak: hala nola Lore Bilbao eta Juanjo Unzilla. Ferreirak berak ere ondo ezagutzen du unibertsitate mundua eta EHUren kudeaketa, halako arduretan ibilia baita: 2004-2008 artean, Akademia Antolakuntza eta Koordinazioko errektoreorde izan zen Perez Iglesiasekin, eta, gero, Goirizelaiaren agintaldian, idazkari nagusia izan zen. Azken urteetan, Unibasqeko zuzendaria izan da, EAEko unibertsitateetako kalitate agentziako zuzendaria.

Barakaldon (Bizkaia) jaio zen Ferreira, 1963an, Galiziatik etorritako sendi batean. Hain justu, publikotasunaren defentsan, esker onez mintzatu zitzaion EHUri, hautagaitzaren aurkezpenean: «Merkatu prezioko unibertsitate ikasketak ez zeuden gure familiaren aukeren artean, baina Matematikak ikasi nituen beka batekin». 2005etik Ekonomia Aplikatuko katedraduna da, eta irakasle jardun izan da Sarrikoko fakultatean (Bilbo). Ingelesez eta gaztelaniaz egin du ikerketa ibilbidea eta, besteak beste, aztergai izan ditu emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin lotutako hainbat auzi: hala nola soldata arrakala eta kristalezko sabaia.

Hala ere, gabezia esanguratsu bat du Ferreiraren soslaiak: euskara. Azken urteetan aritu da hizkuntza ikasten, baina hitz egiteko gaitasun mugatua du; atzerapausotzat hartu dute askok, kontuan izanda azken hiru errektoreak euskaldun osoak izan direla. Belarriprest txapa jantzita egin ditu Ferreirak azken egunotako agerraldiak, eta euskara ikasten jarraitzeko konpromisoa hartua du: ahobizi izan nahi luke bi urte barru. Era berean, hauteskunde programan hainbat proposamen egin ditu euskararen inguruan, batez ere ezagutzaren transmisioarekin eta UEUrekin online ikasketak bultzatzearekin lotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.