Abaro emateko sare oso bat

Espainiako Gobernuak Gasteizen eraikiko duen errefuxiatuentzako zentroak lehen lerroan jarri du harrera politikaren kudeaketa. Jaurlaritzak hainbat elkarterekin batera ematen die babesa.

Berrizen (Bizkaia) dago Olakueta Etxea, pasaerako migranteentzako aterpetxea. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2023ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Gu ez gaude errefuxiatuei harrera egitearen aurka, proposatu duten ereduaren aurka baizik». Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria argi mintzo da Espainiako Gobernuak errefuxiatuak hartzeko Gasteizko Arana klinika zaharrean eraikiko duen zentroak sortu duen polemikaren inguruan. «Ereduan dago arazoa», adierazi dio BERRIAri. Arana zentroaren ingurukoek eremu politikoan katramilatuta segitzen duten bitartean, administrazioek eta gizarte eragileek errefuxiatuak eta iheslariak hartzeko lanean jarraitzen dute, eta, hain zuzen ere, horretan jarri nahi du fokua Legarretak: «Baliabide txiki eta hurbilen alde egiten dugu, arta indibidualizatua eta gizarteratze prozesuak bermatzeko era ematen dutelako». Aranako zentroak, aldiz, 350 pertsona hartzeko tokia izango luke. «Ez da gure eredua».

Hego Euskal Herrian, Espainiako Gobernuarena da migrazioaren arloko eskumena, baina izaera mistoa du. Batetik, Madrilek berak errefuxiatuentzako hainbat zentro eta etxebizitza kudeatzen ditu, zuzenean edota hirugarren sektorearekin batera —mila plazatik gora—. Beste hainbat baliabide, berriz, Eusko Jaurlaritzak berak kudeatu egiten ditu, Zehar Errefuxiatuekin, Gurutze Gorria eta Suspergintza elkarteekin elkarlanean. 275 plaza inguru dira, eta oraintxe bertan denak beteta daude. Migranteentzako aholkularitza juridikoa eta programa sorta bat ere martxan du Jaurlaritzak.

Ukrainako gerrak lehen lerroan jarri du berriz errefuxiatuen gaia, eta agerian utzi «borondate politikoa» dagoenean erantzun koordinatu bat eman daitekeela, eta babesa bermatu, Legarretak azpimarratu duenez. Hala ere, argi utzi du Jaurlaritzaren lehentasuna dela migrazio eskumena eskuratzea, politika propioak egin ahal izateko.

Izan ere, urtetik urtera handituz doa sorterritik ihes egin eta kanpoan babesa eskatzen dutenen kopurua. Mundu osoan, 100 milioi desplazatu izan ziren iaz, gerren, gatazka armatuen eta jazarpenaren ondorioz, UNHCR erakundeak emandako datuen arabera. Arrazagatik, nazionalitateagatik, gizarte talde bateko kide izateagatik, iritzi politikoagatik, klima aldaketagatik edo erlijioagatikjazarpena sufritzen dute nazioarteko asiloa eskatzen dutenek. Gerrak direla eta, jazarriak izan direnei ere badagokie errefuxiatu estatusa.

Ukrainako gerratik ihes egin zutenen eskaerak kontuan hartu gabe, 2022an 4.806 pertsonak galdegin zuten asiloa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —aurreko urtean 1.724 eskaera izan ziren—. Eskaera horietatik, 2.023 Bizkaian aurkeztu ziren, 1.044 Araban eta 1.019 Gipuzkoan. Gehienak Venezuela, Kolonbia, Peru, Maroko, Honduras eta Nikaraguatik etorri ziren.

Baina asiloa eskatzea gauza bat da, eta oso bestelako bat gobernuek eskaera hori ontzat ematea. Nazioarteko babesa eskatzen dutenen %10 baino ez ditu onartzen Espainiako Gobernuak. Europako harrera herrialde nagusien onarpen tasa baino askoz ere apalagoa da hori: Europako Batasunean, batez beste, eskaeren %35 onartzen dira. Harrera herrialdera iristeak eta asiloa eskatzeak, beraz, ez du beti errazten errefuxiatuen bizimodua. Sarri askotan, are kalteberago uzten ditu sistemak, babesa ukatzeak irregulartasunera kondenatzen dituelako.

Gatazketatik ihesi

Asilo eskatzaileentzako bi zentro zabaldu zituen Eusko Jaurlaritzak 2018an eta 2019an, Oñatin eta Tolosan (Gipuzkoa). Zehar Errefuxiatuekin erakundeak kudeatzen ditu bi aterpetxeak. Lehen harrerako zentroak izanik, asiloa edo nazioarteko babesa eskatzen dutenak hartzen dituzte, beste bizitoki batera bideratu bitartean. Pasaeran dauden migranteak ere jasotzen dituzte.

Batez beste, sei eta zortzi hilabete artean egoten dira hor, baina beharren arabera luzatu ahal dira egonaldiak. Egun, 125 lagunentzako tokia dago bi zentro horietan: 80 lagunentzako lekua du Oñatiko Larraña Etxeak, eta 45 lagunentzako Tolosako Zuloaga Txikik. «Toki seguruak dira. Atseden hartzeko eta bizitza berri bat irudikatzen hasteko balio die». Hitzok Arantza Chacon Zehar Errefuxiatuekin erakundeko zuzendariarenak dira. Elkarteak 90 herrialdetatik etorritako 40.000 pertsonatik gora artatu ditu 1996. urtean sortu zenetik. Asiloa eskatzen dutenak laguntzen dituzte elkartekoek: ostatua, aholkularitza juridikoa eta lanbide orientazioa ematen dizkiete, besteak beste.

Chaconek azaldu du errefuxiatu gehienek iraupen luzeko gatazketatik alde egin dutela, hala nola Siriatik, Ukrainatik edo Afganistandik, baina badirela «isildutako gatazketatik» ihes egiten dutenak ere, tartean, Erdialdeko Ameriketako maren jazarpenetik, ingurumen arrazoiengatik edo indarkeria matxistagatik ihes egindakoak.

Pasaerako migranteentzat

Oñatiko eta Tolosako zentroez gain, harrera zentro bana ditu Jaurlaritzak Irunen (Gipuzkoa) eta Berrizen (Bizkaia), batez ere pasaerako migratzaileentzat. Hilanderas Irungo zentroa Gurutze Gorriak kudeatzen du. 90 pertsonarentzako tokia du, baina, beharren arabera, leku gehiago ere jartzen dute. Iaz, 6.200 etorkini eman zieten arreta bertan. Hala ere, Irungo Harrera Sareak maiz salatu izan du migranteak hiru egunez soilik gera daitezkeela aterpetxean, eta bertan ezin direla Irunera iristen diren etorkin guztiak sartu.

Berrizen, bestalde, 2018an ireki zuen Jaurlaritzak Olakueta Etxea, urte hartan izandako migratzaileen joan-etorriari aurre egiteko.EDE Fundazioko Suspergintza elkarteak kudeatzen du aterpetxea. Pasaeran dauden migratzaileei aldi baterako harrera emateko zentro gisa jaio zen, baina gaur egun bestelako soslaia duten pertsonak ere hartzen dituzte: erietxetik atera eta osatzeko prozesu batean daudenak, hainbat arrazoi direla medio nazioarteko babes sistemarekin bat ez datozenak,asilo eskatzaile ez diren familiak, eta adingabeekin bakarrik bidaiatzen duten emakumeak.40 pertsonarentzako tokia dute. Ateak ireki zituenetik, 39 herrialdetako ia 400 pertsona baino gehiago artatu dituzte.

Olakueta Etxera iristen diren asko egoera administratibo irregularrean edo erregularizazio prozesuan daude, eta, hala, zailtasun gehiago dituzte zerbitzu jakin batzuk eskuratzeko. Gorka Ruiz EDE Fundazioko harrera eta gizarteratze arloko arduraduna eta aterpetxeko koordinatzailea da: «Migrazio prozesuan beste urrats bat egiteko erdibideko maila bat da zentroa, Euskal Herrian geratzeko ala beste herrialde batera joateko».

Ruizek azaldu du haien harrera eredua leku bat eskaintzea baino gehiago dela, eta oinarrizko beharrak asetzeaz gain, hainbat tramite burokratiko egiteko laguntza eskaintzeaeta hizkuntza irakastea lehentasuna dutela aterpetxean. Arta psikosoziala ere eskaintzen diete bertan, «bizipen gordinak» izaten dituztelako bertaratutakoek: «Zauri emozionalak ez dizkiegu sendatuko, baina kotoi apur bat jarri eta osatzen laguntzen diegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.