2020, ESKUA LUZATZEKO URTEA

'Brexit'-ak eta merkataritza gerrak baldintzatuko dute munduko ekonomia datozen hamabi hilabeteetan. Bi kasuetan, aldeek akordioa lortzeko aukera dute, eta, hori gertatzen bada, ekonomia hauspotuko du. Adi, ordea, ziztu bizian okertu baitaiteke dena, akordiorik lortu ezean.

joxerra senar
Iruñea
2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Pertzepzioak dena alda dezake. Duela hiru hilabete eskas, edozein analista ekonomikori 2020ari buruz galdetuz gero, bekaina altxatuko zuen, ezkor. Brexit-a labirinto batean murgilduta zegoen, eta Txinaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko merkataritza gerra bere gordinean zen. Horregatik, motelaldia areagotzeko aukera handitu zen, eta atzeraldiaren arriskua ez zen baztertzen. Urtea hastear, hobetu egin da pertzepzioa. Bi kasuetan, egoera bideratzeko aukerak daude, eta horrek ekonomia hauspotu dezake. Adi, ordea. Adostasunik ez badago, ziztu bizian agertuko dira berriro hodei beltzak. Horregatik, eskua luzatzeko urtea da 2020a .

Hiru urte eta erdiko itzulinguruen ostean, 2020an brexit-a gauzatuko dela ematen du, onerako edo txarrerako. Abenduaren 12ko hauteskunde garaipen argiaren ostean, Boris Johnsonek eskuak libre ditu politikoki Erresuma Batua Europako Batasunetik ateratzeko. Urrian lortutako lehen hitzarmenaren arabera, urtarrilaren 31n emango du pausoa, baina trantsizio epe bat irekiko da bi aldeek merkataritza akordioa erdiesteko: EBk eta Erresuma Batuak abenduaren 31ra arteko epemuga dute. Lortu ezean gehiago luzatzeko tentazioa izan badezakete ere, Johsonek jada aurreratu du ez duela horretarako asmorik. Ezinbestean, mundu ekonomikoak data horri begiratuko dio: orduan jakingo da brexit gordin bat den ala ez. Urtebeteko epeak lasaitasun dosi bat eman du, baina EBk iragarri du akordiorik ezean «amildegiaren ertzean» egon daitezkeela.

Europako mugetatik harago, merkataritza arloan bestelako amildegiak aldendu dira. Iragan hemezortzi hilabeteetan, 1930etik honako merkataritza gatazka handienean murgilduta izan dira Ameriketako Estatu Batuak eta Txina. Munduko bi oilar handienen arteko borroka ekonomikoa mundu osoak nabaritu du: iaz, munduko merkataritza %5 handitu zen; aurten, berriz, %1. Egoerak bere hartan jarraituz gero atzeraldiaren mamua ager daitekeela uste dute analista askok.

Akordioa komeni zaie

Horregatik, iragan urrian bi gobernuek arrandia handiz akordio baten «lehen fasea» lortu zutela iragarri zutenean, mundu ekonomikoak arnasa hartu zuen. Lehenik eta behin, 2020an gatazka areagotzea eragotzi zelako: akordio hura lortu ezean, Trumpek aurreikusia zuen 120.000 milioi dolarren muga zergak ezartzea Txinaren inportazioei; aldi berean, Txinak 50.000 milioi dolarreko tarifak jarri nahi zizkien nekazaritza arloko inportazio estatubatuarrei. Bigarrenik, gatazkak hankaz gora jarri ditu nazioarteko merkataritza arauak, eta, lehen akordio horri jarraipena ematen bazaio, normaltasuna itzul daiteke: munduko ekonomiak gorantz egin dezake, argi.

Egoera hauskorra da, ordea. Ematen du bi erraldoiek erabakia hartu dutela epe motzera elkarri min ez egiteko. Azaroko hauteskundeei begira, Donald Trumpek akordioaren garaikurra aurkez dezake, betiereahazten bada hark piztu zuela gatazka.

Txina, berriz, eredu ekonomikoa aldatzeko prozesu luze eta konplexu batean murgilduta dago azken urteotan. Esportazioetan oinarritutako eredu batetik barne kontsumoan oinarritutako beste baterako trantsizioa kontrolatu nahi du gobernuak. Urtetik urtera hazkundea neurrian moteltzen ari bada ere, merkataritza gatazkak uste baino gehiago hoztu du kontsumoa. Jarduera suspertzeko Txinako Gobernuak ezarri dituen pizgarriak ez dira eraginkorrak izan. Hortaz, Txinari ere komeni zaio gatazka amaitzea.

2020 hasierako perspektiba onak hilabete batzuen buruan alda daitezke berriro. Izan ere, merkataritza gerrak ez die erantzun interes ekonomikoei, munduko nagusitasunaren gaineko interes geoestrategikoei baizik. Baliteke ekonomiaren gudalekuan izan den gerra hotz hori berriro itzultzea, hainbat analistaren arabera. Etxe Zuriko hurrengo maizterraren nortasunak ere baldintza dezake hori.

Hori guztia argitzeko zain, Europak eskertu egingo du su-etena. Merkataritza arloko tentsioak eta brexit-ak eragindako ziurgabetasunak bete-betean eragin diote euroaren eremuari, batik bat industriari. Horren ondorioz, hazkunde ekonomikoa ia puntu bat jaitsi da, iazko %2,3tik aurtengo%1,4ra. Epe motzera nazioarteko korapiloak askatu diren irudipena nagusitzen den heinean, ekonomia 2020an %1,8 haztea espero du Nazioarteko Diru Funtsak.

Sabaia konpontzeko unea

Hartara, gogoeta urtea izango da. Euroaren eremuko estatuen interesen ondorioz, atzeratuz joan den aspaldiko eztabaida bat dator berriro: iparraldeko herrialdeen superabit fiskala Europako ekonomia hauspotzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko inbertitzea —hala nola klima aldaketa eta digitalizazioa—. Aspalditik Europako Banku Zentralak egin duen eskaera bat da hori, eta Christine Lagarde presidente berriak horren premia azpimarratu du: «Eguzkia den bitartean, sabaia konpondu beharra dago»; hots, ekonomia ondo denean, hurrengo krisiari aurre egiteko oinarriak jarri behar dira. Europako Banku Zentralak ere izango du etxeko lanik urte honetan: eztabaida hasi da erakunde barruan eta ingurunean, bere helburua moldatzeko, diru politika eraginkorragoa egiteko asmoz.

Finantza merkatuetan, badaude arriskuak. Ameriketako Estatu Batuetan, ohartarazi dute epe luzeko zor tituluak hiru hilekoen interesen pare daudela. Krisi baten lehen seinalea izan liteke, iraganean fenomeno hori atzeraldi baten aurrekari izan baita. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak azaroan kaleratutako txosten baten arabera, ez du zertan berriz gertatu, ez baitirudi Erreserba Federalak diru politika bat-batean gogortuko duenik. Dena den, erakunde horrek ohartarazi du Ameriketako Estatu Batuetako korporazioen zor kopuru handia arrisku faktore bat dela, baldin eta rating agentziak bonuen kalifikazioa beheratzen hasiz gero.

Brent petrolio upela batez beste 71 dolarrean salerosi zen iaz, eta aurten, 63 dolarrean. 2020an 60 dolarrera jaistea espero da, betiere Ekialde Hurbilean gatazka baten sua pizten ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.